Irungo Udalak esleitu du Ficoba erakustazokaren ondoan erabilera anitzeko IAM pabiloia eraikitzeko oinarrizko proiektuaren idazketa. Esleipen hori Tokiko Gobernu Batzarrean onartu da eta horren berri eman du Cristina Laborda alkateak horren ostean eskainitako prentsaurrekoan. Funtsezko urratsa da hiriak etorkizunean proiektu estrategiko hori lortzeko bidean, azpiegitura berri horren diseinua eta ezaugarriak definituko baititu.
Maiatzeko ohiko osoko bilkuran Ficoba ondoko Kostorbe hirigintza-eremuan indarrean dagoen hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) hasieran aldatzea onetsi zen, erabilera askotarako azpiegitura horren eraikuntzari bide egiteko.
Zehazki, proiektua KREAN, S.COOP. enpresari esleitu zaio, 261.360 euroko prezioan (BEZa barne). Egin beharreko lehen lana alternatiben azterlan bat da, zer aukera dagoen aztertzeko, aparkalekuaren diseinuari, instalazioaren aukerei, harmailei edo instalazio motei dagokienez, besteak beste. Bakoitzaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dira, Udalak oinarrizko proiektua definitzeko oinarriak izan ditzan.
Alkatearen hitzetan, “IAM pabilioia bezalako garrantzi handiko proiektu estrategikoak zimenduetatik hasten dira eraikitzen, eta ez teilatutik”. Cristina Labordak azpiegitura horren aldeko apustua erabatekoa dela adierazi du, eta urrats sendoak eman nahi direla pabiloi hau ahalik eta lasterren errealitate izan dadin hiriarentzat. “Urrats berri honi esker, etorkizuneko IAM pabilioiaren diseinua eta haren ezaugarriak definituko ditugu, eta horrek sendotu egingo du hori lortzeko dugun jarrera, eta, ildo horretan, Udal gisa, beste erakunde batzuekin lankidetzan jarraitzearen garrantzia azpimarratzen jarraitzen dugu, proiektu hau egia bihur dadin”, adierazi du Irungo alkateak.
IAM proiektua
Instalazioak 5.000 ikusle eserita eta 10.000 zutik artean hartuko ditu, eta kontratuan kontuan hartu da azpiegitura handi hau ingurunean integratzeko modua ere, funtzionamendua mailaka antolatuta, sarbideak eta joan-etorriak errazteko eta interferentziak saihesteko, partzelaren errealitate fisikoaren arabera. Lanen barruan sartuko da, gainera, eraikin berria egiteko kenduko diren aparkatzeko plazak berreskuratzeko aparkaleku berri bat eraikitzea.
Erabiltzaileak hiriko zenbait puntutatik instalaziora joateko mugikortasuna eta sarbideak ere aztertuko dira, eta jende pilaketa handiak daudenean instalazioaren sarbide eroso eta segurua bermatzeko urbanizazio-proiektuan txertatu beharreko jarduketak proiektatuko dira.
Horrela, erabilera askotako pabiloi gisa erabiliko da azpiegitura berri hau, kirol-lehiaketak bertan egiteko, bai eta kontzertu, ikuskizun, kongresu eta azoka handiak ere, FICOBA erakustazokaren jardueraren osagarri.
Pabiloiak eraikin baten funtzionamendurako espazio orokorrak izango ditu, hala nola komunak eta aldagelak, areto balioaniztunak, biltegiak, bulegoak eta prentsa-aretoak, bai eta kirol- eta kultura-ekitaldietarako espazioak ere, hala nola kirol askotarako pista, harmaila finko eta tolesgarriak eta instalazio espezifikoak.
Urrats hau ezinbestekoa da IAM pabiloi berriaren proiektuan. Bertan, kiroleko eta aisialdiko ekitaldi handiak antolatuko dira, hala nola 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta momentuko zerbitzu eta baliabide onenak eskainiko ditu, irisgarria izango da eta ondo konektatuta egongo da. Gainera, gure lurraldeko kluben beharrei erantzungo die, batik bat CD Bidasoarenei, eta hiri osoaren motor ekonomiko eta sozialetako bat izango da.



