Lehiaketara atera da IAM pabilioiaren oinarrizko eraikuntza proiektua idazteko lana

Lehiaketara atera dira Ficoba erakustazokaren ondoan IAM pabilioiaren oinarrizko eraikuntza-proiektua idazteko lanak. Hala erabaki du Irungo Udalak tokiko gobernu-batzarraren azken bilkuran. Beste urrats bat da, azken batean, erabilera askotarako gune berri hori errealitate bihurtzeko bidean.

Ohiko azken osoko bilkuran, maiatzean, Ficoba ondoko Kostorbe hirigintza-eremuan indarrean dagoen hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) hasieran aldatzea onetsi zen, erabilera askotarako azpiegitura horren eraikuntzari bide egiteko.

Cristina Laborda alkateak nabarmendu duenez, «urrats honekin, argi geratzen da hiriarentzako proiektu estrategiko honen alde egiten dugula fermuki”. Alkateak azaldu duenez orain, pabiloi berriaren diseinua eta ezaugarriak zehaztu nahi dituzte, Irunentzat eta lurraldearentzat oso beharrezkoa baita. “Hori dela eta, urrats hau albiste ona dela uste dugu, proiektua sendotzea dakarrelako”, erantsi du Labordak. Alkateak beste instituzioekin elkarlanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu du proiektu hau errealitate bihurtzeko.

Egin beharreko lanak

Azpiegitura berriaren diseinua eta ezaugarriak definitzeko kontratuaren arabera egindako lanek 403.172 euroko kostua izango dutela zenbatetsi da. Lanen barruan sartuko da, gainera, eraikin berria egiteko kenduko diren aparkatzeko plazak berreskuratzeko aparkaleku berri bat eraikitzea.

Instalazioak 5.000 ikusle eserita eta 10.000 zutik artean hartuko ditu, eta kontratuan kontuan hartu da azpiegitura handi hau ingurunean  integratzeko modua ere, funtzionamendua mailaka antolatuta, sarbideak eta joan-etorriak errazteko eta interferentziak saihesteko, partzelaren errealitate fisikoaren arabera.

Erabiltzaileak hiriko zenbait puntutatik instalaziora joateko mugikortasuna eta sarbideak ere aztertuko dira, eta jende pilaketa handiak daudenean instalazioaren sarbide eroso eta segurua bermatzeko urbanizazio-proiektuan txertatu beharreko jarduketak proiektatuko dira.

Ficobako jardueren osagarri

Horrela, erabilera askotako pabiloi gisa erabiliko da azpiegitura berri hau, kirol-lehiaketak bertan egiteko, bai eta kontzertu, ikuskizun, kongresu eta azoka handiak ere, FICOBA erakustazokaren jardueraren osagarri.

Pabiloiak eraikin baten funtzionamendurako espazio orokorrak izango ditu, hala nola komunak eta aldagelak, areto balioaniztunak, biltegiak, bulegoak eta prentsa-aretoak, bai eta kirol- eta kultura-ekitaldietarako espazioak ere, hala nola kirol askotarako pista, harmaila finko eta tolesgarriak eta instalazio espezifikoak.

Egin beharreko lehen lana alternatiben azterlan bat da, zer aukera dagoen aztertzeko, aparkalekuaren diseinuari, instalazioaren aukerei, harmailei edo instalazio motei dagokienez, besteak beste. Bakoitzaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dira, Udalak oinarrizko proiektua definitzeko oinarriak izan ditzan.

Laburbilduz, urrats hau ezinbestekoa da IAM pabiloi berriaren proiektuan. Bertan, kiroleko eta aisialdiko ekitaldi handiak antolatuko dira, hala nola 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta momentuko zerbitzu eta baliabide onenak eskainiko ditu, irisgarria izango da eta ondo konektatuta egongo da. Gainera, gure lurraldeko kluben beharrei erantzungo die, batik bat CD Bidasoarenei, eta hiri osoaren motor ekonomiko eta sozialetako bat izango da.

Partzela hori erabilita, sinergiak sor daitezke erakustazokarekin eta, horrela, azpiegitura berria Ficoban gauzatutako jardueren osagarri izan daiteke, egungo gaitasunak areagotuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude