Etorkizuneko hiria eraikitzeko pausu txikiak IAM pabiloiaren eta Txenpereneako proiektuetan

Irungo Udalak bere bi proiektu estrategiko aurrera eramateko bidean tinko segitzen du. IAM pabiloi berria eraikitzeko eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenperenera lekualdatzeko pauso gehiago eman ditu. Hiria eraldatzen eta Udalak gogoan duen hiri ereduan aurrera egiten jarraitzeko oinarrizkoak dira bi proiektuok, eta emandako pausoak udal taldeen arteko adostasunaren emaitza dira, eta hiriko kirol taldeen ekipamendu beharrei eta ekitaldietarako ekipamenduen beharrari erantzuteko bidea.

Irungo alkate Cristina Labordak nabarmendu duenez, “hiriarentzat estrategikoak diren proiektuetan aurrera egiten jarraitzen dugu, eta beste bultzada bat eman diegu, garrantzitsua eta funtsezkoa hiriaren hazkunde ekonomiko eta sozialerako azpiegiturak sustatzeko gure apustuaren esparruan. Alde horretatik, pentsatzekoa denez, IAM pabiloia eta Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa lehentasuna dira guretzat”.

IAM pabilioia

Batetik, atzo, Udal Plangintzako Aholku Kontseilua bildu zen, Plan Orokorra Ficoba-Kostorbe inguruari dagokionez puntualki aldatzea aztertzeko. Aldaketa hori funtsezkoa da IAM pabiloi berria eraiki ahal izateko, besteak beste, eta, ahal dela, hasierako onarpena maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko da.

Helburua da Ficobako eta Kostorbeko eremuak batera antolatzea, ekipamenduaren eremua ikuspegi global batetik berrantolatzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea.

Hain zuzen ere, honako hauek dira aldaketa puntual horren helburuak:

Ficobako partzelaren mugak berriro zehaztea eta haren egiturazko antolamendua finkatzea, pabiloi berri bat eraikita Ficoba Gipuzkoako Erakustazoka handitzeko

Udal lurzoruan ekipamendutarako partzela berri bat mugatzea eta haren egiturazko antolamendua finkatzea, ekipamendutarako erabilera anitzeko eraikin bat jaso ahal izateko

Aldaketak berebiziko garrantzia du IAM Irungo Areto Moldakorra pabiloi berriaren proiektuan aurrera egiteko eta bertan aisialdiko eta kirol arloko ekitaldiak antolatu ahal izateko, hala nola Emakumezkoen Eskubaloiko 2029ko Munduko Txapelketa; alegia, unean uneko zerbitzu eta baliabiderik onenez hornitutako pabiloi bat eraikitzeko, irisgarria eta egokiro komunikatua, lurraldeko taldeen beharrei erantzuten diena, bereziki CD Bidasoarenei, eta hirian motor ekonomiko eta sozialarena egiten duena.

Plaiaundiko pistak Txenpereneara

Bestetik, asteazken goizean, Txingudiko Plan Bereziaren Mahaia bildu da, erakunde arteko organo politiko eta tekniko bat, Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko Udalak eratutakoa.

Irungo Udalaren eskariz, gai zerrendaren barruan, Mahaiak Plaiaundiko kirol instalazioak Txenperenera lekualdatzeko proiektua aztertu du. Era berean, bileran, Txenpereneko hirigintzako jarduketa programaren eta beronen araberako urbanizazio aurreproiektuaren berri eman da: urbanizazio lanak egiteko aurrekontu zenbatetsia 27.802.453,70 euro da, BEZik gabe.

Labordak 1993an sinatutako lankidetza hitzarmena berritzeko eskatu die Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, haren araberakoa baita Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko finantzaketari buruzko akordioa. Zehazki, hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritza finantzaketaren % 30ez arduratuko da; Gipuzkoako Foru Aldundia, % 50ez; eta Irungo Udala, gainontzeko % 20az: “honakoa pausu garrantzitsu eta guztiz ezinbestekoa da kirol instalakuntzen behin betiko lekualdatzea emateko, izan ere, hauek Plaiaundi bezalako babestutako ingurune natural batean daude, eta Txenperenea kokaleku berria izango litzateke. Lekualdatze hau gure lehentasunen artean dago, hiritarrei zor diogu horrenbeste urte eta gero, eta bide horretan jarraituko dugu lanean lehen baino lehen errealitate bihurtzeko”.

Proiektu osoa hiru fasetan banatu da, eta lekualdaketa lehenengoan izango da, 4,5 milioi euroan eta 24 hilabetean. Orduan, egikaritze eremuaren ipar-mendebaldeko lanak egingo dira, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko jarduketa aurreratu beharko balitz errugbi eta atletismo taldeen eskaera historiko bati erantzuteko.

Udalak proiektu estrategiko horien alde lanean jarraituko du, Irunek aurrera egin dezan eta aisialdiko eta kirol arloko ekitaldien hiria eta bizitzeko eta lan egiteko hiria izaten jarrai dezan, tokiko ekonomiaren hazkundearen eta hiri mailako posizionamenduaren onerako betiere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude