Euskara arloak udan amaitutako programak baloratu eta hastear diren egitasmoak aurkeztu ditu

Euskara arloak uda honetan abian jarritako egitasmoen balorazioa egiteaz gain, ikasturte hasierarekin batera martxan jarriko diren programa berriak aurkeztu ditu. Balorazioan Solas Jolasek, Udagirok eta errefortzu eskolek izandako harrera ona aipatu da. Aurkezpenean berriz, Familia Ola eta Haurrak Parkean programen edizio berriak aurkeztu dira.

2022ko udan normaltasun kutsua berreskuratu dute Euskara arloak antolatutako programek. Miren Echeveste Euskara arloko ordezkariak aipatu duenez, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz bi urte zail igaro ostean, plazera izan da Solas Jolas udalekuak eta Udagiro tailerrak “normaltasun osoz” eskaintzea. “Tokiak bete egin dira, txangoez gozatu dute, gure lurraldeko beste leku batzuk erakutsi zaizkie Irungo haurrei, eta, Euskara arloan, sentitu dugu oso harrera bikaina izan dela”, azaldu du Euskara ordezkariak.

Itsaso Baquedano Hezten (lehen Urtxintxa) enpresako arduradunak Solas Jolas programari buruz azaldu du “haurrak eta hezitzaileak pozik gelditu direla udak emandakoarekin”. Aurten, pandemia aurretik bezala, txanda bakoitzeko hiru irteera egin dira, pandemiaren aurreko zifra berreskuratuz. Hernaniko igerilekuak, kayak jarduera Donostiako badian, paddle surfa Hondarribian edo Aiako Iturraran parketxea izan dira, besteak beste, jardueretako batzuk. Era berean, Miren Echevestek azpimarratu du gurasoekin egindako informazio-bilera lehen aldiz euskara hutsean egin zela. Bileran aldi bereko itzulpen-zerbitzua eskaini zen bilkura gazteleraz jarraitu nahi zutenentzat, nahiz eta gehienek ez zuten zerbitzua behar izan

Aurtengoa amaituta, Euskara arloa 2023ko Solas Jolas prestatzen hasi da ahalik eta udaleku onenak eskaintzeko. Horiek horrela, datorren urterako eskaintzak izango dituen nobedadeak iragarri ditu Josebe Araña Euskarako teknikariak, zera adieraziz, datorren urtean behar bereziak dituzten haurrentzako eskaintza zabalduko dela. Bide batez, hausnarketa prozesu bat abiatu dute Solas Jolas udalekuetan jangela zerbitzua edo haurtzaindegi zerbitzua eskaintzeak, haurrek janaria etxetik eramanda, nolako harrera izango lukeen aztertzeko. Horretarako, aurtengo edizioan parte hartu duten haurren gurasoen artean galdetegi bat zabaldu dute jangela zerbitzuak edo eguerdiko zainketa zerbitzuak izango lukeen eskaeraz galdetu eta etorkizunean eskaintzea errentagarria ote litzatekeen aztertzeko.

Udagiro eta errefortzu ikastaroak
Udagiro eta euskarako errefortzu eskolak izan ziren Euskara arloaren udako beste bi proiektu nagusiak. Udagiron beste herrialde edo erkidego batzuetatik hirira heldu diren gazteekin lan egin da jarduera ludiko eta dibertigarrien bidez euskara gehiago erabiltzeko. Programa 2007an hasi zen eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Mailako eta Bigarren Hezkuntzako maila guztietako ikasleek parte hartzen dute. Aurtengo udan eskainitako 6 taldeetako toki guztiak bete dira, hau da, uztailean eta abuztuan egindako 3 taldeak.

Euskarako errefortzu eskolen programari dagokionez, 2020. urtean jarri zen abian, urte horretan ikastetxeetako aurrez aurreko eskolak eten egin baitziren, kutsadurak saihesteko. Aurtengo udan 10 talde osatu dira: 3 uztaileko eta abuztuko lehen hamabostaldian, beste 3 uztaileko bigarren hamabostaldian eta talde bakarra abuztuaren bigarrenean. Aurtengo udan errefortzu eskolak erronka berezia izan du, epez kanpo iritsitako Ukrainiako haurrak jaso dituelako.

Hastear diren jarduerak
Udako balorazioak amaituta, Familia Ola eta Haurrak Parkean programetan hurrengo asteetarako aurreikusitako jardueren berri eman dute.

Familia Ola programaren helburua familien artean euskararen transmisioa sendotzea da, 2 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako jarduerak eskainiz. Aisialdiko jarduerak eskainiz, helburua ikasgeletatik haratago euskararen erabilera sustatzea da. Horrela, sukaldaritza tailerrak, eskulanak, txangoak eta abar dira aurreko ikasturteetan eskaini diren jardueretako batzuk.

Ildo horretatik, Euskara Arloak azaroko tailerretarako programatutako proposamenak iragarri ditu. Azaroaren 15ean eta 17an Gorputz adierazpen tailerra egingo da 17:30etatik 19:00etara. Aste horretako igandean, azaroaren 20an 11:00etatik aurrera Donostiako Aquariuma bisitatuko da. Azkenik, azaroaren 22an eta 24an 17:30etik 19:00etara ekintzak ilustratzeko tailerra zuzenduko du Jone Taberna artistak.

Tailerretan parte hartzeko izen emate epea urriaren 19an irekiko da eta 30ean amaituko da. Izen ematea Irungo Udalaren webgunearen bitartez egin behar da eta parte hartzeko beharrezkoa da Irunen erroldatua egotea edo Irungo ikastetxe batean matrikulatua egotea.

Bestalde, Haurrak Parkean ekimenaren bidez, Udalak euskaraz jolasteko baliabideak eskaini nahi dizkie familia eta haurrei herriko hainbat auzo eta jolasgunetan. Horrela, parkeetan haurrek, familiak  eta zaintzaileek euskaraz jolasteko ohitura hartzea bultzatu nahi da. Bertaratzen diren haurren adinaren arabera, bi talde eratzen dira, 3 eta 5 urte bitarteko haurrekin eta haien zaintzaileekin jolasak eginez, familiako hizkuntza transmisioa eta aisialdia uztartuz. 6 eta 9 urte bitarteko haurrekin, aldiz, jarduera lagunen artean egingo da, bi hezitzailerekin batera.

Haurrak Parkean egun eta jolasgune ezberdinetan egingo da. Edizio honetarako aukeratutako lehen jolasguneak Nagore Laffage parkea eta Partxis parkea dira eta urriaren 19an eta 26an eta azaroaren 2an eta 9an egingo dira jarduerak bertan. Euria eginez gero jolasak jolasgune horietako aterpeetan egingo dira. Urriaren 21ean eta 28an eta azaroaren 4an eta 11n berriz, jolasak Katea auzoko Arbiun plazatxoko frontoi estalian eta San Juan plazan egingo dira. Euria egitekotan, San Juan plazako jolasak udaletxeko arkupetan egingo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude