Nobedade garrantzitsuak izango dira kanabisaren azokaren VIII. edizioan
Apirilaren 26tik 28ra egingo da VIII. Expogrow azoka Irunen. Hitzorduaren data hilabete batzuk aurreratu den arren, kanabisaren inguruko azoka Ficobako Erakustazokan antolatuko da beste urte batez. Nobedadeez gain, tailerrek, sari-banaketak, musika jaialdiak eta bestelako ekintzek osatuko dute 2019 urteko azokaren programazioa.
5.000 m²-tako azalera duen azokak mundu osotik etorritako enpresen produktuak eta nobedadeak ezagutzeko aukera eskainiko du. Hortaz gain, 7.000 m²-tako aire zabaleko eremuan bestelako ekintzak antolatuko dira ere. Azokara hurbiltzen diren bisitariek opari, promozio eta deskontu kupoi bereziak eskuratu eta lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute. Bi egunetarako sarrerak 20 eurotako prezioa izango du eta azokaren webgune ofizialean eskuratu ahalko da.
Apirilaren 26ko goizeko 11:00etan zabalduko dira VIII. Expogrow azokaren ateak. Lehen egunean azokarako sarbidea kanabisaren sektoreko profesionalei murrizturik egongo da Europa Hegoaldeko Kainamu eta CBDaren inguruko lehen kongresua egingo baita bertan. Merkatu berritzaile honetan sortzen diren aukera berriak ezagutzera emateko informazio bila datozenen galderak erantzungo dira bertan. Hizlari adituek parte hartuko dute kongresuan eta elikadura, ehungintza, bio erregai, eraikuntzako material, medikuntza edo farmazia bezalako arloetan produktu horiek izan dezaketen erabilera posiblearen inguruan hitz egingo da.
Apirilaren 27 eta 28ko asteburuan, berriz, profesional zein publiko orokorraren sarbidea onartukoda. Larunbatean, apirilaren 27an, musika jaialdia izango da azokako ekitaldi nagusia. Bertan, Emir Kusturika & The No Smoking Orchestra eta Danakil & The Baco All Stars taldeak izango dira jaialdiko kartel buruak. Gainera, Kulto Kultibo edo Don Cornelius taldeen ikuskizunez gozatzeko aukera izango da ere.
VIII Open Cannabis Cup
Azokaren barnean antolatzen den txapelketak nobedade garrantzitsuak izango ditu aurten. Izan ere, txapelketari izena aldatu zaio eta “Copa Canabica Expogrow” izena atzean utzi eta “VIII Expogrow Open Cannabis Cup” izena izango du aurrerantzean. Bestetik, txapelketan parte hartzeko aukera baldintzak betetzen dituzten elkarte, klub eta growshop guztiei irekiko da aurten. Gainera, bi kategoria berri gehituko zaizkie aurreko urteetan banatutako sariei: CBD barietate onena eta E-liquid onena.
Txapelketaren sari banaketa apirilaren 27ko arratsaldeko 19:00etan egingo da eta honako kategoria hauetako bakoitzean 3 sailkatu sarituko dira: “Franco Loja sari berezia”, Kategoria Indikoa, Solbente bidezko erauzketazko kategoria, Solbente gabeko estrakziozko kategoria eta Auto-loratzezko kategoria.
Erakusketarientzako sariak
Txapelketaz gain, 2019ko Expogrow azokan parte hartuko duten erakusketarien artean hainbat sari banatuko dira ere. Zehazki, Stand onena, Hazi-banku onena, Kultibo produktu onena, Ongarririk onena, Parafernaliazko produktu onena, Komunikabide edo publikazio onena, CBD-zko produktu onena, Kalamu industrialeko produkturik onena eta Urteko aktibista nazional edo internazionalaren saria banatuko dira parte-hartzaileen artean.
Hala ere, sariren bat eskuratu ahal izateko erakusketariek produktuak aurretiaz lehiaketara aurkeztu beharko dituzte. Sari banaketa apirilaren 26ean, ostiralean, egingo da gaueko 21:00etan. Gainontzeko azoka egunetan produktu irabazleak bitrina batean ikusgai ipiniko dira.