Bidasoko erleak eta eskualdeak liztor asiarraren mehatxupean jarraitzen dute

Bidasoako Erlezainen Elkarteak liztor asiarra eskualdean eragiten ari den kaltea salatu du berriro ere. Arazoa aspalditik datorren zerbait bada ere, 2022an inoiz ikusi gabeko kalteak eragin zituen liztorrak eskualdeko erlauntzetan. Erlezainek salatu dutenez, egoerak, beraien erleengan ez ezik, ingurumenean ere eragin negatiboa du. Irtenbide gisa Erleen Salbamendu Sarea sortzea proposatzen dute lehenbailehen neurriak hartu ahal izateko.

Liztor asiarra, “vespa velutina”, duela 14 urte iritsi zen eskualdera. Liztorra itsas edukiontzi batzuetan iritsi zen Frantziara. Bertatik pixkanaka bere hedadura zabaltzen joan da, Bidasoko eskualdera iritsi eta Galiziako kostalderaino iritsi arte. Harraparirik ezean, liztorra nahi bezala ibiltzen da bizi eta ugaltzeko leku aproposenen bila.

Juan Mari Arabolaza, Itziar Lopez, Jexus Isidro eta Miguel Berridi Bidasoako Erlezainen Elkarteko kideak dira. Elkarteko erlezainek azaldu dute Bidasoko erleak desagertzen ari direla. Eskualdeko erlezainek salatu dutenez 2022. urtean liztor asiarrak eskualdeko erlauntzetan kalte “izugarriak” eragin ditu. Datu horiek aurreko urteko azaroaren amaieran egindako batzar orokorrean bildu zituzten. Izan ere, erlezain guztiek diskurtso bera errepikatu zuten: “barroak eragindako kalteaz gain, liztor asiarraren erasoa oso gogorra izan da aurten, udazkenean batez ere”. Jexus Isidrok nabarmendu duenez, “behintzat barroari aurre egiteko Gipuzkoako Erlezainen Elkartetik datozen eta  Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako prebentzio neurriak dauzkagu eta errazagoa da kontrolatzea”. Beraz, liztor asiarraren kontrako kexek zergati bat dute atzetik, hain zuzen ere, Bidasoko erlezainek erlauntzen % 46 eta erle kopuru handia galdu baitute 2022an bakarrik.

Itziar Lopezek urte eta erdi baino ez darama erlezaintzaren munduan, baina adierazi du Bidasoako Erlezainen Elkarteko kideen jakinduria eta laguntzeko prestutasuna oso baliagarriak izan zaizkiola. “Uda oso luzea izan da, bero handia egin du denbora luzez eta liztorra gure erlauntzetan eta hirian zehar ikusi ahal izan dugu”, adierazi du Itziar Lopezek. Erlauntzak liztorrentzako supermerkatu bat bezala direla azaldu du, “bizirauteko behar duten guztia atearen beste aldean dutelako”. “Uda hainbeste luzatu denez, mailak eta babes-sistemak jarri ditugun arren, liztor txikiak sartu dira azkenean”, gaineratu du erlezain gazteak. Juan Mari Arabolazak liztor asiarraren kontrola zailtzen duen beste zerbait azaldu du: “liztorrek habia erraldoi horiek martxotik eta apiriletik aurrera egiten dituzte, zuhaitzen hostoak ateratzen hasten direnean, beraz, ia ezinezkoa da horiek detektatzea”.

Erasoa uztailean hasi zen eta azaroaren amaierara arte luzatu da. Hala ere, elkartetik baieztatzen dute abenduaren erdialdera arte oraindik liztor asiarrak bizirik ikusi direla. Ondorioz, galerak handiak izan dira eta erlezain batzuek erlauntzen % 100a galdu dute. Elkartetik adierazi dutenez, erleen kopurua murriztearekin batera, eskualdean erlezain kopurua, erlauntza kopurua eta eztia eta erlauntzaren beste hainbat produktu ere murrizten ari da. Egia da erlezainek liztor asiarraz gain, barroaren kalteak ere pairatzen dituztela, baina liztor asiarraren arazoa bereziki bortitza eta kontrola ezina zaiela onartu dute.

Kalteak nonahi

Liztor asiarraren erasoak, erleei eta erlauntzei erasotzeaz gain, beste esparru askotara zabaltzen ari dira. Hain zuzen ere, jakina da liztorrak sagardo eta txakolin ekoizleen laborantzak ere kaltetzen dituela. Liztorrak sagarrak eta mahatsak ziztatzen ditu azukrea behar duen garaian. Ziztadek fruta aleak usteltzea eragiten dute, ekoizleen buruhausteak areagotuz. Juan Mari Arabolazak gogoratu nahi izan du etorkizunean erlezainak ez direla erleen faltarengatik kaltetutako bakarrak izango. Erlezainak galdera hau bota du: “Erlerik gabe nork polinizatuko du zelaia?”. Izan ere, Arabolazak azaldu duenez adituen arabera, erleek polinizazioaren % 80 egiten dute. Beraz, erlauntzez gain, kalteak zelaietara, baratzetara eta basoetara hedatuko lirateke laster batean.

Baliabide gutxi eskura

Horiek horrela, liztor asiarraren mehatxuari aurre egiteko erlezainek eraginkorrak diren baliabide gutxi dituzte eskura. Miguel Berridik azaldu duenez, “uste dugu arazoa desagerrarazteko irtenbide serioago eta eraginkorragoren bat aurkitu behar dugula”. Orain arte amu tranpak, erlauntzen sarrerak mugatzeko sareak eta harpa elektrikoak erabiltzen dituzte, besteak beste, prebentzio neurri gisa. “Oso barregarria badirudi ere, geratzen zaigun irtenbide bakarra erlauntzen alboan erraketarekin borrokan aritzea da, liztorrak hurbil ez daitezen”, gaineratu du Berridik.

Erlezainek denboraldi hasieran kokatzen dituzte liztorrak harrapatzeko tranpak. Erlezain bakoitzak bere modura prestatzen ditu tranpak eta lortutako emaitzak partekatzen dituzte. Juan Mari Arabolazak tranpetan erabili ohi duten nahastearen formula azaldu du: “hasteko, garagardoarekin eta ardoarekin nahasketa bat prestatzen dugu eta fruta usaineko likidoren bat, adibidez, jarabe bat eransten diogu”. Apiriletik aurrera ordea, liztor asiarrak haragijale bihurtzen dira umatzen ari direlako eta orduan hasten dira erleak erasotzen. Argi dago baliabide horiek ez dutela emaitza nahikorik ematen, eta horren erakusgarri dira 2022ko datuak.

Erlearen Salbamendu Sarea

Elkarlana da oraingoz erlezainei liztor asiarraren aurka borrokatzeko baliagarria zaien gauza bakarra. Bidasoako Erlezainen Elkartean  barne-prestakuntzak eta tailerrak egiten hasi dira, liztor asiarrarentzat tranpak egoki erabiltzeko. Dena den, ahalegin horiek guztiak ez dirudite nahikoak.

Lehenbailehen arazoari konponbidea bilatzeko aukera bakarra dute orain erlezainek buruan: Erlearen Salbamendu Sarea sortzea. Sarearen sorrerak erlezainei eta liztor asiarraren aurkako borrokan inplikatuta dauden eragileei elkarlanean aritzeko aukera emango lieke. Horregatik, sarea eragile publikoez eta pribatuez osatzea nahiko lukete, hau da, liztor asiarra errotik kentzeko ahaleginean edo kontrolean ekarpena egin dezakeen edozeinek parte har dezan. Esaterako, Bidasoako Erlezainen Elkartetik honako eragile hauen parte hartzea proposatzen dute: udalak eta bertako hainbat arlo (ingurumena, basozaintza, lorezaintza, Txingudiko Urak, udaltzaingoa, etab.), Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, zientzialariak, suhiltzaileak, ikastetxeak, kirol taldeak, kiroldegiak, kultura elkarteak, lur-sailak dituzten baserritar eta abeltzainak, enpresa pribatuak, boluntarioak, eta abar.

Parte-hartzaileen helburua hauxe izango litzateke: tranpa bat edo gehiago jartzeko prest egotea. Liztor asiarra harrapatzeko tranpa horiek lorategietan, lur-sailetan eta eraikuntzetan jartzea proposatzen dute erlezain elkartetik. Lan hori 2023ko udaberria iritsi aurretik egitea garrantzitsua ikusten dute, hau da, liztor asiarraren erreginak atera baino lehen. Horrela, liztor asiarraren ugalketa gutxitzea lortuko litzateke, erreginek habiak egitea saihestuz.

Aitzindariak

Dagoeneko beste zenbait lurraldetan liztor asiarraren zabalpena gelditzeko neurriak hartzen hasiak dira. Bidasoko erlezainek uste dute instituzioek beste herrietan erabiltzen ari diren protokoloak aztertu beharko lituzketela bertan aplikatzeko egokiak izan ote daitezkeen ikusteko. Adibidez, Biarritzen 2021eko udaberrirako kanpaina prestatu zuten. Era berean, Katalunian erlezainek eta ikertzaileek egindako ikerketa batean ondorioztatu da liztor asiarrari aurre egiteko modurik eraginkorrena tranpatze masiboa dela, bereziki, udaberrian eta udazkenean.

Bestetik, badira liztorrak harrapatzeko tranpen garapenean emaitza esanguratsuak lortu dituztenak. Berriki Denis Jaffré erlezain bretoiak liztor asiarrak harrapatzeko sortutako tranpak emaitza onak ematen dituela dirudi. Bretoiak sistema sinplea duen eta merkea den tranpa bat diseinatu du eta bere maneiua eta mantenua oso erraza da, edozein tokitan instalatzea ahalbidetzen baitu. Tranpa selektiboa da, beraz, liztor asiarrak harrapatzen ditu soilik, bestelako intsektuei tranpatik ateratzeko aukera emanez. Tranpa hori Bidasoko eskualdean erabiltzeko egokia izango litzatekeela dirudi, bertako liztorra den krabroari eragingo ez liokeelako, bere tamainak tranparen barrura sartzeko aukerarik ematen ez diolako.

Erlojuaren kontrako neurriak

Hasi da liztor asiarraren aurkako neurriak hartzeko atzera kontaketa. Erlezainek jakin badakite Erlearen Salbamendu Sarea sortzea ez dela erronka makala izango, baina lehen pausuak 2023ko udaberria iritsi baino lehen ematearen garrantzia azpimarratu dute. Itziar Lopezek azpimarratu duenez, “elkartetik eskertzen dugu Asiako liztorraren aurkako borrokan laguntzeko prest dagoen edozein pertsonaren eta erakunderen inplikazioa, ekarpen oro ongi etorria izango baita”. Horregatik, Bidasoako Erlezainen Elkarteko kideak prest daude jo beharreko ate guztiak behin eta berriro jotzeko, Bidasoko erleen eta ingurumenaren biziraupena bermatzeko bada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude