2022an Irunen delinkuentzia % 11,7 igo zen aurreko urtearekin alderatuta

Astelehen honetan, martxoak 13, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Euskadiko delinkuentziaren 2022ko memoria argitaratu zuen, Ertzaintzaren zein udaltzaingoen datuak bilduta. Txosten horri erreparatuta, Irunek du 1.000 biztanleko arau-hausteen hirugarren tasarik txikiena, hiri populatuenen artean:  69,77. Getxok (53,15) eta Gasteizek (62,51) baino ez dute tasa baxuagoa, 50.000 biztanletik gorako udalerrien artean, eta horietan ere delituak % 10 baino gehiago hazi dira.

Jarraian datuak aurkeztuko dira eta 2021ekoekin alderatuz, urte hartan jada pandemia aurreko zifrak erregistratu baitziren. Irunen 3.654 arau-hauste penal egin ziren 2021ean, eta 4.370, aldiz, 2022an. 1.000 biztanleko tasaren arabera konparatuta (halaxe egiten du txostenak), delinkuentzia % 11,7 igo zen Irunen, gainerako hiriek erakutsitako ildo beretik.

Fokua zabalduta, Euskadiko hiri handien arteko hirugarren tasarik txikiena izateaz gain, Irun autonomia-erkidegoko batez-bestekoaren bueltan dago, lurralde osoan arau-hausteak % 10,2 igo baitziren. Gainera, Gipuzkoako biztanle gutxiagoko beste udalerri batzuek baino delinkuentzia-tasa apalagoa du.

Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariaren hitzetan, «aurreko urteetan bezalaxe, Euskadiko udalerri populatuenen arteko hirugarren tasarik apalena dugun arren, ohartzen gara arau-hausteek eta delituek gora egin dutela, Euskadiko gainerako herrietan bezala. Kezkatzen gaituen gaia da, eta horretan lanean dihardugu. Horregatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa indartzen jarraitzen dugu, egoera horiei aurre egiteko, eta urratsak egiten jarraitzen dugu Udalbatzako talde guztiek sinatutako Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Itunaren esparruan.

Ildo horretan, aipagarria da martxoaren 24an bilera egingo duela Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Batzordeak. Horren bidez, Udaleko ordezkariak, eragile sozialak eta hiriko beste kolektibo batzuk batzen dituen foro bat osatuko da, eta irekita mantenduko dira gobernuak dagoeneko irekiak dauzkan parte hartzeko beste bide batzuk, prebentzioa oinarritzat hartuta denok elkarrekin lanean jarrai dezagun hiriko bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat sortzeko.

Itunaren lehen neurrien artean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari Irungo ertzain-etxeko agente kopurua handitzeko eskatzeaz gainera, zazpi udaltzain berri hasiko dira Udaltzaingoan, iragarri zen moduan eta, gainera, hamar puntu definitu dira zaintza-kamerak instalatzeko. Horiek hornitzeko kontratua onetsia eta esleitua dago dagoeneko. Bestalde, egunero Udaltzaingoaren patruilek egiten dituzten lanak berrikusten ari dira, arreta lan eta leku jakin batzuetan lehenesteko. Azkenik, urrats eraginkorrak abiarazi dira botere judizialarekin harremanetan jarri eta berrerortzen diren gaizkileen zigorgabetasunaren arazoari aurre egiteko, Udalak sustatutako bizikidetzaren eta segurtasunaren alorreko planeko beste neurri batzuen artean.

Gainera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren esparruan, bi kidego horien arteko koordinazio-batzordea aurki biltzea aurreikusten da. Bilera horretan, astelehenean aurkeztutako memoriaren datuak aztertuko dira, aldian behin egin ohi den bezala.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude