Irunen Ertzaintzako 26 agente gehiago jardungo direla jakin du udalak

Irunen Ertzaintzako 26 agente gehiago jardungo direla jakin, eta Udaltzaingorako ordezkari Cristina Labordak ontzat jo du albistea. Udal arduradunak berriki bizikidetza eta segurtasunaren esparruan iragarritako ekintza planaren barruan kokatu du
erabakia, Irungo Udalak hartutako lehenengo neurriekin batera. Izan ere, Udaltzaingoan beste zazpi agente arituko direla iragarri du Udalak.

“Planteatu dugun bizikidetza eta segurtasun planak ahalik eta babes handiena izatea nahi dugu, eta polizia kidegoekin, auzo elkarteekin, merkatariekin eta partikularrekin egin dugun lanaren emaitza da, gaia denon ardura dela eta zeharka, hainbatikuspegitatik heldu behar zaiola uste baitugu. Gaur jakitera eman denez, Ertzaintzak agente gehiago hartzea Udalak Segurtasun Sailari eskatu zionaren ildotik doan lehen neurria da, eta horren inguruan lanean jarraitu beharko da “, azaldu du ordezkariak.

Cristina Labordak nabarmendu duenez, duela urtebete inguru, Udalak “Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailera jo zuen, hirirako baliabide gehiago eskatzeko”. Aldi berean, ordezkariak gogorarazi duenez, Udalak lan mahai bat jarri du martxan, ekintza plana garatzeko eta, haren bidez, Irunen delituzko egintzek gora egin dutelako kezkari erantzuteko. Alkateak zuzentzen du foro berria, eta hainbat arlok parte hartzen dute bertan, proposamen berriak aztertzeko eta aurreikusten diren jarduerak sustatzeko.

Lehenengo neurrien barruan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari Irungo komisariako agenteen kopurua handitzeko eskaera gogorarazteaz gain, udal mailan, Udaltzaingoko lantaldea handitzeko urte anitzeko plan bat iragarri da, agente gehiago izateko kalean. Gainera, Herritarren Segurtasunerako Arloa dokumentu bat landu du, hamar bat zaintza kamera berriak instalatzeko. Berehala, udal patruilen egitekoak egunero aztertuko dira, egiteko eta leku jakin batzuei lehentasuna emateko. Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gai horiek aztertu ditu, baita Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Ituna ere. Itun horren zirriborroa udal-gobernua idazten ari da, eta talde politikoei helaraziko zaie, ekarpenak egin ditzaten.

Foro horrek udal-ordezkari guztiak bilduko ditu, eta gobernuak dagoeneko ireki dituen partaidetza-ildoei eutsiko die, prebentzioari dagokionez, hiriko bizi-kalitatean aho batez lan egiten jarraitu ahal izateko, berdintasunezko gizarte kohesionatuagoa lortzeko. Segurtasunaren arloan jarduteko esparru bat denon artean adosten lagunduko du
Itunak, eta baita esku hartzeko printzipio batzuk eta bete beharreko lehentasunak eta lortu beharreko helburuak adosten ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude