2020an % 5,44 arau-hauste penal gutxiago egin ziren Irunen

Martxoaren 12an, Ertzaintza eta Irungo eta Hondarribiko udaletako Udaltzaingoa Koordinatzeko Batzordea bildu zen Irungo udaletxean.  Bilera hori erakunde horien arteko 28. koordinazio-bilera izan zen, eta, kasu honetan, 2020ko delitu-egitateen balantzea eta analisia egin zituzten.

Bileran, Irungo eta Hondarribiko alkateak, Ertzaintzako lurralde-arduradunak, Irungo ertzain-etxeko arduradunak eta bi udalerrietako udaltzaingoetako arduradunak izan ziren.

2020an, % 5,44 arau-hauste penal gutxiago egin ziren Irunen, aurreko urteko datuekin alderatuta.  Irunen, 2.980 arau-hauste penal gertatu ziren 2019an; 2020an, berriz, 2.818. Horrela, tasa 1.000 biztanleko 47,76tik 44,79ra jaitsi da. Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak ere parte hartu zuen martxoaren 12ko bileran, eta datuak baloratu ditu. Nabarmendu duenez, “tasaren jaitsiera kontuan izanik, Euskadiko udalerri nagusietakoarekin konparatzen badugu, ikusiko dugu Irun Euskal Autonomia Erkidegoko 50.000 biztanletik gorako udalerririk seguruenetan bigarrena dela”.

Emandako datuen arabera, iaz, ia delitu-modalitate guztiek egin zuten behera bi udalerrietan, batez ere ondarearen aurkako delituek eta pertsonen aurkako delituek.  Inguruko mugapeak bateratzen dituzten hiru polizien estatistika bateratuak honako hau adierazten du:

– Pertsonen kontrako delituak: Etxebizitzetan egin ohi diren arau hausteak, hala nola genero indarkeria eta familia barruko tratu txarrak, jaitsi egin dira, 2019an 194 kasu izan baitziren, eta, 2020an, berriz, 170. Sexu askatasunaren kontrako delituak ere jaitsi dira: 2019an, 25 kasu izan ziren, eta, 2020an, berriz, 24.

Ondarearen aurkako delituak: Indarkeriaz eta/edo larderiaz egindako lapurreta gutxiago izan da Irunen: 2019an, 61, eta 2020an, 36, hau da, % 40,98 gutxiago.   Etxeetako lapurretak ere % 24,69 gutxiago izan dira Irunen: 81 kasutik 61era egin dute behera, azken bi urteak alderatuta.  Ebasketek ere nabarmen egin dute behera 2020an Irunen: 1.007 kasutik 563ra; hau da % 44,09 gutxiago.

Bidasoa eskualdeko salbuespen bakarra, oro har Euskadin eta polizia-estatistika guztietan gertatu den bezala, alarma-egoeraren ezaugarri espezifikoengatik eta online askoz ere eragiketa eta erosketa gehiago egin delako, iruzur-delituek nabarmen egin zuten gora; hain zuzen ere, 2019an, 300 salaketa jaso ziren polizia-bulegoetan, eta 2020an, berriz, 757, hala Irunen nola Hondarribian.

Osasun publikoaren aurkako delituak (Droga-trafikoa, etab.): Irunen, estupefazienteen trafikoaren kapitulu honetan, arau-hauste penal gutxiago egin dira, 37 kasutik 24ra jaitsi da.

Logikoa denez, 2020an, gaueko aisialdiaren murrizketek eta mugek eraginda, behera egin zuten alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzearekin lotutako delituek ere. Irunen, zehazki, % 21,69 gutxiago.

Arau-hauste administratiboei dagokienez, datu hauek eman ziren, eta datu horiek COVID-19agatik bizi dugun salbuespen-egoeran bi polizia-kidegoek egindako ekintzak islatu baino ez dute egiten.  Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kasuan, Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen aurka 447 arau-hauste egin ziren 2019an; 2020an, berriz, 1.564 (indarrean dagoen osasun-araudiaren aurkako desobedientzia eta ez-betetzeak barne).

Estrategia bateratua, prebentzioa, koordinazioa, informazioa eta analisia

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen estrategia da udalerrietan patruila-lana indartzen jarraitzea, bai autoz bai oinez, herritarrek segurtasun-pertzepzio handiagoa izan dezaten eta bizilagunek segurtasunaren alorren dituzten beharrei erantzuteko, eta baita giza baliabideak eta baliabide materialak hobeto aprobetxatzeko ere.

2020. urtean, bereziki beharrezkoa izan da hiru polizia-kidegoak koordinatzea eta pandemiak sortu dituen egoera berrietara egokitzea; izan ere, egoera horietan, ugaritu egin dira biztanleei asistentzia emateko eta laguntzeko lanak. Era berean, etengabe aldatzen eta garatzen ari den osasun-araudia ere barneratu behar izan da, eta betetzen dela zaindu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude