Irungo Udalak jakinarazi du datorren asteartean, maiatzaren 13an, bilduko dela Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Batzorde Iraunkorra. Ekimen hori Irun hiri seguruagoa izan dadin udal-talde guztiek 2022ko irailean sinatu zuten izen bereko itunaren esparruan lantzen da.
Batzordea hogei kidek osatzen dute, besteak beste, udaleko talde politiko guztien ordezkariek, Udaleko teknikariek, polizia-agintariek, merkataritza- eta ostalaritza-elkarteek eta hiriko auzo-elkarteen eta gizarte-kolektiboen ordezkaritzak.
Batzordean, talde politiko guztiekin adostutako gai-zerrenda hau jorratuko da: gaueko aisialdia kontrolatzeko poliziaren jarduketa-plana, poliziaren informazioa gorroto-delituen bilakaerari buruz, hirian segurtasuna hobetzeko udal-ekintzei buruzko informazioa eta joan den apirilaren 28an itzalaldi orokorragatik poliziak egindako jarduketei buruzko informazioa.
Cristina Laborda Irungo alkatearen hitzetan, “beti esan izan dut benetako kezka dagoela hirian segurtasun ezagatik. Horren jakitun naiz erabat, eta, alkate eta herritar gisa, asko kezkatzen nau. Neurriak hartzen jarraitzen dugu, kaleetan polizia gehiago jarriz, eta uste dut honetan bereziki, elkarrekin jardun behar dugula eta elkarri lagundu behar diogula konponbideak aurkitzeko eta denon artean hiri seguruago baten alde lan egiteko”.
Apirileko azken osoko bilkuran iragarri zuen Irungo alkateak Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Batzorde Iraunkorra deituko zuela, hiriko egoerari elkarrekin aurre egiteko asmoz. Aste horretan bertan Ertzaintzako arduradunekin bilera bat eskatu ondoren egin zuen iragarpena. Udaltzaingoko arduradunak eta Herritarren Segurtasunerako ordezkaria ere izan ziren bilera horretan. Bilera horretatik, hirirako berariazko segurtasun-plan bat atera zen, eta plan horrek gaueko aisialdiaren kontrol berezia aurreikusten du.
“Herritarrek dagoeneko ikusiko zuten nola azken egunotan Irungo kaleetan patruila polizialen presentzia areagotu egin den. Bere eskumenen esparruan, Udaltzaingoa buru-belarri ari da lanean, Ertzaintzarekin koordinatuta. Eta, gainera, segurtasunaren alorrean eskumen osoak dituen erakundeari eskatzen diogu inplikazio hori bera izan dezala eta kalean baliabide gehiago jar ditzala”.
Batzordearen helburua
Batzorde horren bidez, asmoa da Udaleko ordezkari guztiak, eragile sozialak eta hiriko beste kolektibo batzuk batuko dituen foro bat osatzea, irekita mantenduko dituena gobernuak dagoeneko irekiak dauzkan parte hartzeko beste bide batzuk, denok elkar hartuta lanean jarrai dezagun hiriko bizi-kalitatean eta lasaitasunean.
Parte-hartzeko organo honen sorrerako asmoa zen segurtasunaren eta bizikidetzaren esparruan denon artean prebentzio-neurri batzuk, esku hartzeko printzipioak eta lehentasunak, eta lortu beharreko helburuak adostea.



