Irun FEPSUra, Hiri Segurtasun eta Prebentziorako Espainiako Forumera, atxikitzeko eskaera egingo du. Sergio Javier Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Irungo Udaltzaingoaren Komisarian erabakia jakinarazteko. Erabakia joan den iraileko osoko bilkuran onetsi ondoren, orain FEPSUrekiko atxikimendua atxikimendu-formularioaren bidez formalizatu behar da.
Sergio Javier Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Irungo Udaltzaingoaren Komisarian, jakinarazteko Irungo Udala FEPSUri atxikiko zaiola (Hiri Segurtasun eta Prebentziorako Espainiako Foruma).
Ordezkariak azpimarratu duenez, “FEPSUrekin bat egitea Irun hiri seguruago bat egiteko beste urrats bat da. Segurtasuna ardatz duten ekintzak dira, Segurtasun eta Bizikidetzaren aldeko Ituna berritu berri izana bezala, eta ondo islatzen dute Udalak duen konpromisoa hiriko bizilagunentzat ingurune seguruagoak eta kohesionatuagoak eraikitzeko.
“Forumarekin bat egiten duen Euskadiko lehen udala gara, eta balioa eman behar diogu horri; izan ere, segurtasun-politikak sustatzea lehentasunetako bat da, eta FEPSUrekin bat egitea lan-ildo horretan jarraitzeko aukera gisa ikusten dugu”, gaineratu du Sergio Javierrek.
Joan den iraileko osoko bilkuran erabakia onetsi ondoren, orain, FEPSUrekiko atxikimendua European Forum for Urban Security (EFUS) delakoaren atxikimendu-formularioaren bidez formalizatu behar da. EFUS erakundeak jakinarazi beharko dio Irungo Udalari Foroan onartzen dutela, eta behin izena emanda, Udala erakundeko kide izango da.
FEPSU, xehetasunez
FEPSU Espainiako hirien sare bat da, eta segurtasunaren, prebentzioaren eta bizikidetzaren alorreko esperientziak partekatzea sustatzen du. Era berean, European Forum for Urban Security (EFUS) elkartean sartuta dago. Elkarte horrek Europako 250 bat hiri eta eskualde biltzen ditu, helburu berak sustatzen dituztenak baina Europa mailan.
EFUSen leloa, FEPSUk ere partekatzen duena, “hiriei laguntzen dieten hiriak” da, eta horrek ezin hobeto laburbiltzen du xedea. Segurtasunarekin, prebentzioarekin eta bizikidetzarekin lotutako gai edo arazo bakoitzean, beti dago kideren bat hura lantzen ari dena; beraz, nahiko erraza da sinergiak edo elkarrekiko laguntza ezarri ahal izatea.