Segurtasunaren eta Bizikidetzaren Batzordea osatu da

Joan den ekainaren 20an, Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkorra bildu zen, eta Irungo Udalak horren berri eman nahi du. Ekimen hori beste urrats bat da, Irun hiri seguruagoa izan dadin udal-talde guztiek 2022ko irailean sinatu zuten izen bereko Itunari dagokionez.

Cristina Laborda alkateak nabarmendu duenez, “udal-talde guztiek sinatutako itun bat da, eta horren bidez islatzen da azken urteetan poliziekin, auzo-elkarteekin, merkatariekin eta partikularrekin egiten ari diren lan guztia. Uste dugu herritarren egunerokoan bolo-bolo dabiltzala bizikidetzaren, errespetuaren eta segurtasunaren gaiak, eta, jakina, ez diegu bizkarra eman nahi kezka horiei. Horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua batzorde horiek egiten jarraitzea, prebentzioan lan egin ahal izateko”.

Behin 2023-27 agintaldirako Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkorra eratuta, hainbat gai garrantzitsu jorratu ziren batzorde horretan.

Alde batetik, Udaltzaingoaren 2023ko Jarduera Memoria xehatua aurkeztu zen, eta, bertan, aurreko urteko memoriarekin alderatu ziren zifrak eta Lurralde Historikoetako eta Gipuzkoako udalerri nagusietako delikuentzia-tasak.

Memoria horrek zehazten zuenez, Ertzaintzak Udaltzaingoak baino askoz delitu gehiago tratatzen ditu, bi kidegoen eskumen-arrazoiengatik. Hala ere, nabarmendu behar da zifrak mantendu egiten direla aurrez aurreko delituetan, zaintza- eta prebentzio-lana dela eta (droga eta arma zuriak konfiskatzea).

Bestetik, 2024ko San Pedro eta San Martzial Jaietarako antolaturiko zerbitzua ere zehaztu zen, planifikazioa zehazteko helburuarekin (jarduketak, erabilitako baliabide teknikoak, koordinazio-mahaiak, langile kopurua…), horrelako ekitaldi jendetsu eta jai-girokoek hiriko puntu jakin batzuetan jende-pilaketa handiak sor baititzakete, eta horren ondorioz sor daitezkeen arazoei aurrea hartu beharra dago.

Era berean, alkateak azpimarratu du “Batzorde Iraunkorra eratzeko bilera eginda, Irungo hirian Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Ituna gauzatzeko aurrerapausoak eman direla eta datozen hilabeteetan Plan Estrategikoa eta polizia-plantillan beharrezkoa den berregitura egiteko neurriak idazteko aurrerapausoak emango direla, hain zuzen ere ituna sinatu zenean hartutako konpromisoetako bat baita hori”.

Batzordearen helburua

Alde horretatik, gogorarazi behar da batzorde horren bidez, Udaleko ordezkariak, eragile sozialak eta hiriko beste kolektibo batzuk batzen dituen foro bat osatu nahi dela, irekita mantenduz gobernuak dagoeneko irekiak dauzkan parte hartzeko lerroak, prebentzioa oinarritzat hartuta denok elkarrekin lanean jarrai dezagun hiriko bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte berdinzaleago eta kohesionatuago bat lortzeko. Itunari esker, errazagoa izango da segurtasunaren esparruan prebentzio-agertoki bat eta jarduketa-esparru bat, esku hartzeko printzipioak, lehentasunak eta lortu beharreko helburuak denon artean adostea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude