2024ko San Pedro eta San Martizla jaiak ate joka daudenez, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Sergio Javier Udaltzaingoko ordezkariak, Udaltzaingoko bertako eta Ertzaintzako arduradunekin batera, prentsaurreko bat eman dute gaur. Bertan herritarrei jakinarazi diete zeintzuk diren jaietan segurtasun eta bizikidetza arloan hartuko diren neurri nagusiak. Babes Zibileko Plana jaiak bukatu arte martxan egongo dela azaldu dute.
Alkateak nabarmendu duenez, “kaleko mugimendu eta jardunaren ikuspuntutik, urteko egunik bizienak dira hauek. Hori dela eta, urtero bezala, zerbitzu honek, Udalak bizikidetza eta errespetua hobetzeko botatzen dituen mezuekin batera, ekitaldiak behar bezala aurrera eramatea du helburu, eta, kontingentziaren batean esku hartu beharra badago, lehenbailehen erantzutea, gainontzeko larrialdi zerbitzuekin koordinatuta”.
Udaltzaingoak aurreikusitako zerbitzua Udalaren Babes Zibileko Planaren esparruan dago. Eguneratu, eta 2021ean sartu zen indarrean Babes Zibileko Plana, eta, jasotzen duenez, besteak beste, jendetza biltzen denean eta ekitaldi handiak antolatzen direnean jarriko da martxan, hala nola San Pedro eta San Martzial jaietan. “Plana martxan jarrita, badugu arau esparru bat, larrialdi zerbitzu guztiek osatutako aginte bakar baten bidez eta Ertzaintzarekin koordinatuta, segurtasun arloan beharrezkoak diren baliabide guztiak mobilizatzeko. Izugarri aurreratu dugu koordinazio eta plangintza gaietan”, adierazi du Javierrek.
Geolokalizazioa
Iaz berrikuntzak egin eta emaitza ona izan zenez, aurten ere, Hirigintza Arloko geolokalizazio zerbitzuaren eskutik, barne kontsumorako aginte koadro geolokalizatu bat erabiliko da larrialdi zerbitzuei eguneroko lanean laguntzeko.
Tresna informatiko horrek mapan kokatzen ditu hirian jai egitarauaren barruan egun bakoitzean dauden jarduerak, erabaki diren segurtasun itxiturak, erabiltzekoak diren giza baliabideak eta anbulantziak eta beste kontu garrantzitsu batzuk, hala nola ur harguneak eta suhiltzaileak larrialdietan jasotzeko guneak; gainera, aginte koadroan bertan puntu estrategiko guztien egoera zer-nolakoa den jakiteko aukera ematen du, egunez egun eta orduz ordu, beharrezkoak diren datu guztiak pantaila bakarrean zentralizatuta.
Segurtasun neurriei dagokienez, iaz bezala, jende asko biltzen den tokietan eta ekitaldiak antolatzen diren lekuetan, zirkulazioa etengo da, ibilgailurik ez pasatzeko.
Bestalde, segurtasun handiagoa izateko, San Juan plazan eta Urdanibia plazan, kartelak jarriko dira, ebakuatu behar izanez gero nondik eta nora joan behar den adierazteko gezi eta anagramen bidez. Era berean, kartelek puntu moreak seinalatuko dituzte, indarkeria matxistekin zerikusirik duten intzidentzietarako.
Egun jakin batzuetan, Udaltzaingoak zuzenean koordinatuko du zerbitzua, bere egoitzatik, Ertzaintzako eta Babes Zibileko kideen laguntzarekin, Bidasoko suhiltzaile parkearekin zuzenean komunikatuta. Gainera, ekainaren 15etik aurrera, egunero, lehenengo orduan, bilera bat egingo da Ertzaintzaren komisarian, bi polizia kidegoen kudeaketaren eguneroko balorazioa egiteko eta eguneko aurreikuspena egiteko. Hau da, jaietan, egunez egun kudeatuko da polizia lana, beharren plangintza kontuan hartuta.
Prebentzio operatiboek elkarlanean jardungo dute, dela kontzertuetan herritarren segurtasuna bermatzeko, dela puntu moreetan diharduten langileei laguntzeko, dela gazteek etxera itzultzeko erabiltzen dituzten bide jakin batzuetan laguntza eta kontrol lanak egiteko.
Herritarren laguntza
Udaltzainek egun hauetan egingo duten lana goraipatu dute udal arduradunek: “Estimatzekoa da urte osoan egiten duten lana, eta are gehiago egun hauetan egiten dutena, Udaltzaingoak ahalegin handiagoa egin behar izaten baitu dena normaltasun osoz joan dadin. Nolanahi ere, garrantzitsua da guk ere gure aletxoa jar dezagun eta herritar gisa ordenantzak betetzen lagundu dezagun”.



