Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prest dute Irungo jaietarako zerbitzua berezia

San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki hasteko egunaren bezperan, Irungo alkate José Antonio Santanok, Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak eta Udaltzaingoko eta Ertzaintzako arduradunek segurtasun eta bizikidetzaren arloan abian jarri dituzten neurri berezien berri eman dute.

“Seguruenik urte guztian kalean jarduera gehien egiten diren egunak ditugu aurrean.  Horregatik, bizikidetzan eta errespetuz goza dezagun udaletik bidali ditugun mezuez gain, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak denbora asko daramate ekintzak behar bezala gauzatzen direla zaintzeko zerbitzua prestatzen, edozein gorabeheraren aurrean jardun behar izanez gero ahalik eta lasterren erantzuteko gainerako larrialdi-zerbitzuekin koordinatuta”, adierazi du alkateak; gainera, adierazi duenez “egun hauetan bitarteko eta giza baliabide gehiago izango dira, dena normaltasunez gerta dadin; joan den asteburuan jai-programaren aurrerapen bat izan genuen, jendetsua, alaia eta gorabehera aipagarririk gabea, eta Sanmartzialetako gainerakoan ere horrela izatea nahi dugu”.

Udaltzaingoak aurreikusitako zerbitzu guztia Udalaren Babes Zibileko Planaren esparruan dago. Eguneratu egin zuten, eta 2021ean sartu zen indarrean. Bertan jasotzen da plana martxan jarriko dela, esaterako, jende asko pilatzen den kasuetan (ekitaldietan eta abar); eta, jakina, halaxe gertatzen da San Pedro eta San Martzial jaietan. «Plana aktibatuta, arau-esparru bat dugu, segurtasun-kontuetan baliabideak mobilizatzeko, larrialdi-zerbitzu guztiek osatutako aginte bakar baten bidez eta Ertzaintzarekin koordinatuta. Aurrerapauso itzela da koordinazioari eta plangintzari dagokionez», adierazi du Cristina Labordak. Nabarmendu behar da planak aktibatuta jarraituko duela jaiak igarotzen direnean ere, uztailaren 3ra arte, Frantziako Tourra pasako baita herritik.

Geolokalizazioa

Alde horretatik, eta iaz berritu zenean emaitza ona izan zenez, Hirigintza arloko geolokalizazio-zerbitzuaren eskutik, aginte-koadro geolokalizatu bat sortu da barne-kontsumorako, larrialdi-zerbitzuei eguneroko lana egiten laguntzeko. Tresna informatiko horrek mapan kokatuko ditu hirian egunero izaten diren jai-egitarauko jarduera guztiak, erabaki diren segurtasun-itxiturak, erabiliko diren giza baliabideak, anbulantziak edo txikiak ez diren beste kontu batzuk, hala nola, hidranteak eta larrialdietan suhiltzaileak biltzeko guneak. Horrez gainera, puntu estrategiko guztien egoera ezagutzeko aukera ematen du aginte-koadroan bertan, egunez egun eta orduka, behar diren datu guztiak pantaila berean zentralizatuz.

Segurtasun-neurriei dagokienez, esan behar da, iaz bezala, zirkulazioa moztuko dela, ibilgailuak ibil daitezen galaraziz, jende asko biltzen edo pilatzen den ekitaldiak egiten ari diren tokietan.

Aurten, segurtasun gehiago izateko, San Juan plazan eta Urdanibiako plazan hainbat kartel jarri dira gezi eta anagrama bidez adierazten dutenak nondik eta norantz joan behar den ebakuatu behar izanez gero.  Era berean, edozein gorabehera sexistagatik laguntza behar izanez gero, herritarrei informazioa emateko gune moreak non dauden ere adierazten da.

Garrantzitsua da aipatzea egun jakin batzuetan Udaltzaingoaren egoitzatik zuzenean koordinatuta jardungo dutela hirian Ertzaintzak eta Babes Zibileko langileek eta, horrez gain, Bidasoko Eskualdeko Suhiltzaile Parkea ere zuzenean komunikatuta egongo dela. Horrekin batera, ekainaren 15etik aurrera, egunero eta lehen orduan, bilera bat egiten da Ertzaintzaren komisarian, eta, bilera horretan, bi polizia-kidegoek egindako polizia-kudeaketaren eguneroko balorazioa egiten da, eta egun horretarako zer aurreikusten den ere aztertzen dute. Hau da, jaietan egunez egun kudeatzen da polizia-lana, beharren plangintza kontuan hartuta.

Batera lan egiten dute prebentzio-operatiboek, dela kontzertuetako herritarren segurtasunaren alorrean, dela gune moreetan diharduten langileei laguntzeko alorrean, dela gazteek beren etxeetara itzultzeko erabiltzen dituzten ibilbide jakin batzuetan laguntzeko edo bide horiek kontrolatzeko alorrean.

Herritarren kolaborazioa

Azkenik, udaltzainek egun horietan egiten duten lana ere goraipatu dute udal-arduradunek: «eskertzekoa da urte osoan egiten duten lana, eta are gehiago egun hauetan egiten dutena, Udaltzaingoak ahalegin handiagoa egin behar izaten baitu dena normaltasun osoz gerta dadin, betiere jai-giroko testuinguruan gaudela ulertuta. Baina garrantzitsua da, halaber, herritar guztiok ere geure harri-koskorra ekarri eta ordenantzak bete ditzagun, jokabide eta jarrera egokiak izanez. Azken batean, zentzuz jokatzea besterik ez da, bizikidetzagatik eta bizilagunen arteko errespetuagatik”, adierazi du Santanok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude