Gaur goizean Ribera Bekaren irabazleen izenak eta horiek aurkeztutako proiektuak jakinarazi dituzte. Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kultura ordezkariak iragarri ditu Ribera Beka irabazi duten proiektuak. Ordezkariarekin batera, bertan izan dira lau irabazleak.Aurten, Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi Gonzálezen “Través” proiektuak eta Rubén Ávila (Gachiro Films) eta María José Noain Mauraren “Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa” proiektuak irabazi dituzte Ribera bekak.
Nuria Alzagak ordezkariak aurtengo irabazleak zoriondu ditu, eta esan du “Ribera Beka berezia dela, bakarra baita lurralde osoan”. Horren harira, Kultura ordezkariaren hitzetan, “beka hau aitzindaria izan zen sortu zenean, 2016an, hain zuzen ere antropologia eta artea bezalako diziplinen artean tandemean lan egiteko planteamenduagatik, konbinazio horrek eskualdearentzat benetan aberasgarriak diren lanak bultzatzen baititu”.
Aurreneko ediziotik hona, Ribera beken esparruan gauzatu diren proiektuek zenbait istorio eta esperientzia ezagutzera emateko balio izan dute. Zenbaitetan, familia barruan baino ez ziren ezagutzen kontu horiek, eta balio erantsia du, gainera, arte garaikidearen diziplinen bidez zabalduta.
Askotariko emaitza artistikoak erabili dira, hala nola zapalduen antzerkia, ikus-entzunezkoak, eskultura edo performancea, bai eta askotariko ikerketak gizarteratu ere, hala nola 1993ko mugaren desagerpena, Irungo soinu-memoria (sehaska-kanten bidez), edota Bidasoko memoria emozionala.
“Través”
Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi González dira “Través” izeneko proiektuaren egileak. Bekaren irabazleek planteatzen dute Bidasoa ibaiarekin gorputzez gorputz maitasunaren afektu iraultzaileak zeharkatu duen subjektu baten adierazpena esploratzea. Hainbat gorputz-praktikaren bidez, ibaiaz “blaitzen” joango dira. Beren lanaren premisa da Bidasoa ibaiaren lurralde-mugapena gorputzez eta afektiboki sortzen den banantze bat ere badela. Banantze hori kanpoko bestearekiko nahiz bizi gaituen aniztasunarekiko gertatzen da. Urak, gainera, igarokorraren ezaugarri hori du, eta erraz lurruntzen da. Esperientzia horretan zehar ibili nahi duten eta performance baten bidez ikerketaren emaitza erakutsi nahi duten pertsonen talde ireki batekin egindako lanaren bidez gauzatuko da proposamena.
Ageda Blasco Egia Humanitate eta Komunikazioan lizentziatua da , Genero Harremanetan eta Ikasketa Feministetan doktorea izateaz gain, bere ezagutzak artearen eta hitzaren bidez transmititzeko gai izan da. Izaro Ieregi González berriz, Arte Ederretan lizentziatua eta euskal kulturaren transmisioan espezializatua da, eta bere ibilbide profesionalak arte erakusketa ugaritan lan egitera eraman du, eta performance eta proiekzio edo tailer askotan ere parte hartu du.
“Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa”
Rubén Ávila (Gachiro Films) eta María José Noain Maura dira Ribera Bekaren beste irabazleak. “Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa” proiektuaren ikerketaren ardatz nagusia da Etorbidearen zubiak 114 urteko historian Bidasoaren inguruan izan duen eragina, bai zuzenean edo zeharka eragin dituen gertaerengatik, bai gertaera horiek Irunen eta inguruko herrietan maila sozialean, politikoan, ekonomikoan eta kulturalean izan dituzten eraginengatik.
Proposatutako emaitza formatu mistoan islatuko da, ikus-entzunezko dokumentu batekin eta idatzizko beste batekin (argitalpena). Kasu horretan, batzordeak bereziki baloratu zuen Irunen izan duen legatu emozionala eta inpaktua, eta baita jende-kopuru handi batengana iritsi ahal izateko duen potentziala ere.
Rubén Ávila Filosofian doktorea da, baina bere ibilbide profesionala gidoilari gisa garatu du. Gaur egun, Irungo Gachiro Films ekoiztetxean ari da lanean, non fikziozko proiektuak eta dokumentalak garatzen diren. María José Noain Maura aldiz, Arkeologoa eta antropologoa da ikasketaz, eta bere jite profesionalak hezkuntzara eta kudeaketa kulturalera, museoetara eta komunikaziora eraman du.
Ribera bekak
Ribera beken helburua Bidasoa ibaiari eta memoria historikoaren eta mugaren kontzeptuei buruzko ikerketa– eta ekintza-proiektu bat garatzea da. Proiektuek badute ezaugarri bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, artearen esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. Aurten , 5 proposamen jaso ziren guztira. Irabazleek bederatzi hilabeteko epea dute proiektua garatzeko. Bi beka emango dira, bakoitza 11.250 eurokoa, aurreko edizioetako 9.000 euroak baino gehiago.



