Irungo LGTB gazteen inguruko ikerketa proposatzen zuen Gazteartean Bekaren emaitzak aurkeztu dira

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak Gazteartean bekaren hirugarren ediziorako hautatu den proiektuaren emaitza aurkeztu du astelehen honetan. Haur, nerabe eta gazteen alorreko Irungo Udalaren ekimen bat da, 35 urtetik beherako gazteei zuzendua. Bekaren xedea da ekimen sortu berri hau autonomoki garatu dadin laguntzea, ikertze-lana bultzatzea eta akuilatzea gazteen artean, eta, aldi berean, Udalaren eta gazteen artean lan egiteko lerro berri bat irekitzea.

Gazteriako ordezkari Santi Jiménezek nabarmendu duenez, “gazteekin eraikitzeaz mintzatzen garenean ez gara ari gazteei kontsulta egiteko bide bat jarri eta gero Udalak erabakitzeaz. Aitzitik, erantzukizun partekatuaz eta ahalduntzeaz ari gara, erabakiak hartzen diren espazioen parte izateaz eta eguneroko bizitzan norengan eragina duten gauzen protagonista izateaz.  Gazteek politika instituzionalean parte hartu behar dute, eta udal agenda eta ekintza politikoa markatzeko eta berauetan eragina izateko mekanismoak izan behar dituzte”.

Ikerketa honen helburua Irungo LGTBI+ gazteen problematikak, beharrak eta eskaerak aztertzea izan da. Irungo gazteek aniztasun sexu-generikoari eta honi lotutako diskriminazioei buruz duten pertzepzioa eta jarrera aztertu da, bai eta arauz kanpoko identitateen integrazioa ere. Oro har, aniztasun sexual eta generikoari dagokionean Irun udalerri inklusibotzat hartzen da; hala ere, badirudi oraindik diskriminazio-egoerak gertatzen direla, eta egoera horiek eragozpen gisa jokatzen dutela gizarte-talde disidenteen inklusioa lortzerako orduan. Ikerlanaren emaitzek hiriko gazteek Irungo LGTBI+ gazteek hezkuntzaren alorrean gutxiago integratuta daudela uste dutela erakusten dute, Irungo gainerako esparruekin -espazio publikoa, aisialdia, kultura eta osasun eremuak- alderatuz.

Bekaren asmoa da gazteak eskubide osoko herritar gisa gaitu daitezen laguntzea; herritar gazte erantzunkide, kontziente, proaktibo eta emantzipatuak sustatzea. Era berean, Udalaren eta irundar gazteen arteko lan esparru bat sortu nahi da, harreman horizontal eta orekatu batean oinarritua. Gazteak ezagutzeko, konektatzeko, kontrastatzeko, eztabaidatzeko eta eraikitzeko harreman bat. Era berean, proiektuaren planteamendu globalean genero-ikuspegia sartzea ere aintzat hartzen da.

Lana amaitu dute

Proiektu honen helburu nagusia da Irungo herritar gazteek gaiaren inguruan adierazten dituzten arazoak eta beharrak lantzea. Horrela, Irungo gazteen errealitatea ezagutu eta erkatu nahi izan da, eta haren inguruan eztabaidatu, modu honetan herritarrak sentikorragoak izan daitezen, beharrezko tresnak izan ditzaten bizikidetza osorako eta espazio seguruak izan ditzaten herritar gisa dituzten eskubideak gauzatzeko eta garatzeko. Era berean, gazteak inklusiboak izateko aurrerabidea sustatu ere egin nahi da, Irungo LGTBIQ+ kolektiboko gazteek eta nerabeek dituzten behar espezifikoak hobeto uler ditzaten.

Bi helburu orokor horien esparrua egungo testuinguru sozialak osatzen du, non oraindik ere beharrezkoa den LGTBIQ+ kolektiboko gazteen aldeko diskriminazio positiboa, egungo egoera eta ibilbide historikoa kontuan hartuta. Bi helburu orokor horiez gain, genero-ikuspegi feminista eta intersekzionalaren bidez bideratu nahi izan da proiektua. Ikuspegi hori proiektuaren urrats guztietan esplizitatuko da, eta arretaz zainduko da hizkera inklusiboaren erabilera eta feminismotik abiatutako hausnarketa, queer eta LGBT teorien funtsezko muina baita.

MAITE AZABAL

Psikologian lizentziaduna, psikologia sozialeko masterra eta psikologia orokor sanitarioko masterra egin ditu, eta esperientzia eta prestakuntza du zenbait sektoretan, hala nola genero-berdintasunean, gizarte-bazterketan eta dibertsitate etniko eta sexualean, hala esku-hartzean nola ikerketan.

UXUE DIEZ GUIRAL

Ingeles ikasketetako graduduna, DBHko eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzako masterra eta hizkuntza-aniztasuneko eta hezkuntzako masterra ditu. Gaur egun doktorego aurreko ikertzailea da, eta genero-ikasketak eta hezkuntzaren harremanari buruzkoak egiten ditu «Hezkuntza: eskola, hizkuntza eta gizartea» programan.

Aipatzekoa da bekaren laugarren edizioan aurkezteko epea irekita dagoela:

Betekizunak:

  • Beka hau eska dezakete pertsona fisikoek, banaka edo berariaz osatutako taldeetan.
  • Beka eskuratzeko, ezinbestekoa da Unibertsitateko gradua edo lizentziatura izatea.
  • Eskatzaileak 35 urteak bete gabe izan beharko ditu beka eskatzen den urteko abenduaren 31n.

Proiektuak aurkezteko epea: 2022ko urriaren 24a

Dirulaguntzaren zenbatekoa: 8.000,00 €

Informazio gehiago:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude