Irun Market plataformaren hazkundeak ez du etenik

Behin Irun Market tokiko merkataritza sustatzeko online plataformak bi hilabete beteta, Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek balantzea egin du. Balorazioa egiteko eta berritasun batzuk iragartzeko, udal arduraduna plataformari atxikitako denda batera joan da, Vinos Arambarri izenekora, José Egino kalera. Harekin batera izan da  Deperita fruta dendako arduradun Víctor Ortega, haren establezimenduak ere ekimenean parte hartzen duen aldetik, baita Fer eta Joanes Badoa kooperatibako kideak ere, salgaiak bizikletan banatzeaz arduratzen baita kooperatiba.

“Irun Market plataformaren bidez, Udalak bertako merkataritza sustatzen jarraitu nahi du. Auzoetako bertako dendek nortasuna eta bizitasuna ematen diote hiriari, eta, ekimen honen bidez, garai berrietara egokitzen lagundu nahi diegu, baita negozio ildo berriak irekitzen ere, haz daitezen. Irungo familia asko bizi dira merkataritzatik, eta, beste sektore askok bezala, pandemiaren ondorioak sufritu dituzte. Inoiz ez bezala, babesa behar dute, eta eman egingo diegu. Gainera, prestakuntza prozesu guztian ondoan izango gaituzte, eta, Badoa kooperatibaren bizikletei esker, beren produktuak modu jasangarrian banatzen lagunduko diegu”, nabarmendu du ordezkariak.

Azaroaren 24an jarri zen martxan Irun Market. Hasiera batean, hogei saltokik baino gehiago osatzen zuten, baina, aste honetatik aurrera, plataforman parte hartu nahi duten establezimendu berriak ere atxiki ahalko dira, noiznahi, inongo epemugarik gabe: plataformaren webgunean sartu eta izena eman besterik ez dute egin behar. Ondoren, plataforman behin betiko sartu bitartean, prestakuntza saio bat emango dute, establezimendua programaz hornitzeko eta sistemaren tresnekin ohitzeko, doan.

Miguel Ángel Páezek aipatu duenez, “lehenengo fasea, sistema ezartzeko eta hartara egokitzeko fasea, positiboa izan da, eta, orain, hazteko eta saltoki berriak animatzeko txanda da”; azken batean, bi hilabete hauetan, salmentek gora egin dute.

Prentsaurrekoan, plataformari atxikitako establezimenduak identifikatzeko eranskailu bat aurkeztu da, salgaiak bidaltzeko pakete guztietan ere jarriko dena. Era berean, ordezkariak jakinarazi du otsaileko lehenengo hamabostaldian birziklatze saio bat egingo dela lehendik izena eman duten negozioentzat, bi orduko online saio bat edo bi, kontzeptuak errepasatzeko.

Josu Sánchez Vinos Arambarri saltokiko kideak plataformari buruz esan duenez, “bultzagarri bat da, online salmenta zerbitzurik ez zuten saltokientzako leiho bat. Guri oso ondo etorri zaigu; bereziki, gehiago saltzeko, baina, batez ere, gure burua ezagutarazteko”. Víctor Ortegak aditzera eman duenez, berriz, “nola kudeatzen diren ikusita, horrelako plataformen historia ez da pizgarri bat, baina, kasu honetan, ni neu oso pozik nago hasteko moduarekin”. Azkenik, Fernando Romerok Badoa kooperatibaren izenean azpimarratu duenez, “poz-pozik gaude saltokiekin, bezeroekin, etxetik eskatu duen jendearekin. Dena oso azkar doa. Saltoki gehiagok bat egitea gustatuko litzaiguke”.

Plataformaren funtzionamendua

Plataformaren helburua da tokiko dendetan eros dadin sustatzea eta dinamizatzea. Orain, inoiz baino hurbilago egongo da horretarako, zeren etxetik ere egin ahal izango baititugu erosketak, eta ordu gutxiren buruan jaso. Proiektua abian jarrita prozesu oso bat amaitzen da, non udalak eta Bidasoa Bizirikek lagundu baitiete plataforman parte hartu nahi izan duten denda guztiei. Irungo dendentzat doakoa izan da plataforman parte hartzea, eta, gainera, Market Place-n parte hartzen duten saltokientzako dirulaguntza-lerro bat ere aurreikusi da, salmentako plataforma digitalean parte hartzeko beharrezko inbertsioei aurre egiteko.

Market Place horren bidez, produktuak dendan bertan jaso ahalko dira, eta 24 ordutan entregatu ere ahalko dira Irunen, Hondarribian eta Hendaian (produktu freskoak barne), eta bidalketak egin ahalko dira Estatu osora. Eskualdean banatzeko, eta jasangarritasunaren aldeko apustua osatuz, etxeko entrega bizikletan egingo du Badoa kooperatibak.

Hona hemen izena eman duten dendak:

  • SUGAR
  • SOFT IRUN BAKERY & COFFEE
  • CHEZ PACO
  • CHOCOLATES DE IRUN
  • MARRUBI GOXOKIAK
  • VINOS ARAMBARRI
  • FRUTERIA DEPERITA
  • ALFREDO Y OLGA LICORES
  • ORTEGA Y OLAZABAL ZAPATERIA
  • KEALBISTUR
  • JECA
  • MERCERIA DORI
  • BOST CHICO
  • JECA CHICA
  • JOYERIA LUCCA
  • JOYERIA LERRO
  • PAPEL Y +
  • DISCONSU
  • PICKING PACK IRUN
  • KOLON MENAJE
  • AGUIRRESAROBE
  • BRIKOLAJE EASO
  • IRUN BONSAI
  • NESKA POLITA
  • ELCHICODELOSCARTUCHOS

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude