Ficobako hiru pabiloiak hartuko ditu azokak, ekainaren 3tik 5era
Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da Bioterra. Hamahirugarren edizioa izango du aurten, Ficobak berak antolatuta. Erakustazokako hiru pabiloiak beteko ditu, eta espazio aldetik handitzen segitzeko mugak dituenez, modu kualitatiboan hobetzeko helburua jarri dute antolatzaileek. Puntako eragileak erakartzeko ahalegina egin dute.
Sektorearekin batera hazi da Bioterra azoka. Joan den urteko datuen arabera, %10 handitu da eragile ekologikoen kopurua, EAEn. Nekazaritza ekologikoarekin lotutako lur azalerak %4ko hazkundea izan du. Joera hori nabaritu da Bioterran, joan den urtean %30 handitu baitzen azokako bisitarien kopurua. “Gizarteak eta gaur egungo bizimoduak garapen eredu iraunkorra eskatzen dute”, adierazi du Mónica Alday zuzendariak. Bisitariaren profila espezializatuagoa izaten zen azokaren lehen edizioetan. Orain, ordea, gero eta zabalagoa eta anitzagoa da.
“Gizarteak eta gaur egungo bizimoduak garapen eredu iraunkorra eskatzen dute”
Mónica Alday, azokako zuzendaria
Ficobako hiru pabiloiak lepo betetzen ditu Bioterrak. Beraz, tamainan handitzeko aukerarik ez du, momentuz bederen. Horregatik, eskaintzaren kalitatea finduz ari dira arduradunak. Horretarako, sektorean esanguratsuak diren eragileekin harremanak estutu ditu Bioterrak. Aurten, kultura jasangarrian indarrez murgildu diren bi sektore txertatu dituzte azokan: arkitektura eta hirigintzarena, eta kosmetika ekologikoarena.
Arkitektura eta hirigintza jasangarriak
COAVN Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin lankidetzan dabil Bioterra azoka. 2015eko udaberriaz geroztik, Iraunkortasun Batzordea du elkargoak, eta norabide horretan lanean ari da. “Hiritarrengandik askoz hurbilago egongo den eta ingurumenarentzat horren kaltegarria izango ez den arkitektura eta hirigintza eredu bat zabaldu nahi dugu”, argitu du Claudia Pannese Iraunkortasun Batzordeko kideak. Jarduera multzo zabala eskainiko du arkitektoen elkargoak Bioterran, baina horietan nagusia, parte-hartze tailer bat izango da.
“Hiritarrengandik askoz hurbilago egongo den arkitektura eta hirigintza eredua zabaldu nahi dugu”
Claudia Pannese, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Iraunkortasun Batzordeko kidea
Maketa baten inguruan, hirigintza iraunkorraren printzipioak aplikatuko dituzte, inguru degradatu batean. Irungo gune bat hautatu dute: Iparralde hiribidean, Oteizaren tailerra hartu zuen etxea dagoen eremua. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaz gainera, Irungo Artefakto kolektiboak ere parte hartuko du ekimenean. Tailerrean aritzen direnen artean proposamen ezberdinak landuko dituzte, eta gainerako bisitariek bozkatu ahal izango dituzte. Hautatutako proiektua hurrengo hilabeteetan zehar martxan jarriko dute, eta 2017ko Bioterran emango dute lortutako emaitzen berri. 943 320194 telefono zenbakian edo sostenibilidad@coavnss.org helbide elektronikoan eman daiteke izena.
Kosmetika ekologikoa
Bioterran aspaldidanik lekua izan duen gaia izan da kosmetika. Baina bisitariengan azken urteotan sortu duen interesa kontuan hartuta, Biobeauty Gunea eskaini diote aurten. Lorena Aviñon Bilboko Nasei Belleza enpresako arduradunak azaldu ditu helburuak: “Kontsumitzaileak askotan kosmetika ekologikoan murgildu nahi izaten du, baina ez du jakiten zein produktu erosi. Informazio falta hori ikusita, informatzeko gune bat sortzea pentsatu genuen”.
“Osasuna eta elikadura ez ditugu alde batera utziko, edertasunarekin estu lotuta daudelako”
Lorena Aviñón, Nasei Belleza enpresako arduraduna
45 minutu inguruko iraupeneko tailerrak eskainiko dituzte egun osoan zehar. Produktuen etiketak interpretatzen, edo landareetan oinarritutako errezeta zaharrak elaboratzen ikasiko dute, besteak beste. “Osasuna eta elikadura ez ditugu alde batera utziko, edertasunarekin estu lotuta daudelako”, gogorarazi du Aviñonek. Ziurtagiria daraman kosmetika ekologikoak azken urteotan izan duen hazkundea “oso nabarmena” izan dela azpimarratu nahi izan du Mónica Alday azokako zuzendariak.
Guztira 190 erakusle egongo dira Bioterran, Ficobako hiru pabiloietan banatuta. Bakoitzak “mundu” ezberdin bat hartuko du. Bioterra Munduan nekazaritza, ehungintza eta kosmetika ekologikoarekin lotutako erakusleak eta jarduerak egongo dira. Naturall Mundua, osasunari eta ongizateari eskainitakoa izango da. Geobat Munduan, geobiologia, bioeraikuntza edota energia berriztagarriak izango dira protagonista. Guztietan hitzaldiak, tailerrak eta bestelako aktibitateak eskainiko dituzte. Ficobaren kanpoaldean, Bioterraza izendatu duten gunean, produktu ekologikoak dastatu ahal izango dira, eta haurrentzako puzgarriak egongo dira, gainera. Ekainaren 3tik 5era, goizeko hamarretan zabalduko ditu ateak Bioterra azokak. Hiru euro balioko du sarrerak, eta hamabi urtetik beherako haurrak doan sartu ahal izango dira.