Eskolako itzulera nola eta zein baldintzetan egingo den guztiz argi egon ez arren, iraileko hilabetearen hasieran ohikoa denez, eskolako itzulera prestatzen hasi dira hiriko familia askok. Luis Marianon kokatutako Folder dendako Rakel Lamasek eskolako itzulera prestatzeko erosketak nolakoa izaten ari diren azaldu du.
Eskolako itzulera ezohikoa da aurtengo, ezta?
Bai, haurrak ikastetxeetara itzuli behar direla suposatzen da. Dena den, badira erosketak azken momenturako uztea erabaki duten gurasoak, azkenean erabakia ezagutu arte.
Asko dira haien erosketak atzeratzeko erabakia hartu duten gurasoak?
Ez gehiegi. Izan ere, kurtsoaren hasiera ohiko datetan egingo dela suposatzen da, hau da, iraileko hilebetearen bigarren astean, beraz, egun gutxi batzuk falta dira data iristeko.
Noiz hasi ohi da jendea eskolako materialarekin lotutako erosketak egiten?
Abuztuan nabaritu ohi ditugu guk eskolako materialaren erosketarekin lotutako lehen mugimenduak. Gainera, hainbat eskaintza berezi izan ohi ditugunez iraila inguruan jende asko hurbiltzen zaigu ere, nahiz eta beste batzuek erosketak aurretik egitea nahiago duten.
Eskolak etxetik edo ikastetxeetatik ematea materialaren erosketa eragina izango du?
Bai, zerbaitetan nabarituko da. Adibidez, normala da joan den urtean erdizka utzi zituzten koadernoak aprobetxatu nahi izatea. Eskolak etxetik eman arren, haurrek material berdina beharko dute.
Aurten ohiko erosketetara musukoak eta gel hidroalkoholikoa batu behar dira?
Bai, gainera, horrelakoak gure dendan salgai dauzkagu. Esan beharra dugu, aurreko urteetan ikastetxeek bidaltzen zituzten material zerrenda berdinak ikusten ari garela aurten.
Zer da garai honetan jendeak gehien erosten duena?
Batez ere, koadernoak, motxilak, margoak, boligrafoak, arkatzak eta estutxeak, azken finean, edozein umek eskolara joateko behar dituen oinarrizko gauzak. Zentzu horretan, aurten ez dugu beste urteko joerarekiko aldaketarik nabaritu.
Azken urteetan zehar udalak martxan jarritako “Erosi eta ikasi Irunen” diru-laguntzen eragina nabaritu duzue?
Bai, asko gainera. Izan ere, diru-laguntzak saltoki txikietan egindako erosketak bultzatzen dituelako soilik, beraz, azken urteetan asko nabaritu dugu. Jendeak erosketen tiketak eskatzen dizkigu eskaera egiterakoan aurkeztu ahal izateko.
Urte batetik bestera jendea aurreko urteko materiala berrerabiltzen saiatzen da?
Bai, joera hori ere dendan nabaritzen dugu eta ulertzeko da. Material merkeagoa eskaini arren, jendeak askotan kalitatezko materiala bilatzen du, adibidez, koadernoetan batez ere.
Data hauetan deskontu bereziak izan ohi dituzue?
Bai. Deskontuak dendaren sarreran izan ohi dugun katalogoan, Irungo postontzietan banatu den katalogoetan edo dendaren webgunean kontsultatu daitezke eskaintza bereziekin batera.
Dendan jende pilaketak saihesteko segurtasun neurri berriak hartzen ari zarete?
Bai, osasun krisialdia hasi zenetik dendara sartu daitekeen jende kopurua murriztu dugu eta sarreran dugun gel hidroalkoholikoa erabiltzea derrigorrezkoa da. Kutsatzeak saihesteko neurri hauek errespetatzea fun- tsezkoa iruditzen zaigu.
Joan den ikasturtean eskolak ohi baino lehenago amaitu zirenez, ikasturtearen amaieran erosketak asko murriztu ziren?
Eskolako hainbeste materialik erosi ez arren, jendeak etxean konfinatuta zegoenez eskulanak egiteko material asko erosi zuen, beraz, beste motatako erosketak izan arren, denda zabalik edukitzeko aukera eman zigun.
Aurtengo eskolako itzulera kanpaina irailean eta hurrengo hilabeteetara luzatuko dela uste duzue?
Lehen jendeak erosketak beldurrik gabe egiten zituen, baina, orain batzuk bigarren konfinamendu baten beldur direnez, erosketak ohi baino beranduago egingo dituztela dirudi.