1995ean hasi zen kantinerak orrazten. Hondarribikoak izan ziren haren mototsak eraman zituzten aurrenak. Hiru urte geroago Irungo kantinerak ere eskarmentu handiko ileapaintzaileren eskuetan jartzen hasi ziren. Aurten lehendabiziko aldiz oporrak hartuko ditu eta sanmartzialak beste modu batean biziko ditu.
– Motibazioa ezinbesteko faktorea izango da lan hau onartzerakoan, ezta?
Bai, noski. Kantinera bat orrazteko hitza ematen duzunean, badakizu aurretik izango duzun lan gogorra. Motibazioa oso garran-tzitsua da lan berezi eta polit honi aurre egiteko, eta nire kasuan, motibazio maila oso altua da.
– Zenbat kantinera orraztu ohi dituzu sanmartzialetan?
Gehienez, ordutegiak direla eta, 3 edo 4 kantinera hartu ohi ditut. Iaz hiru izan nituen. Aurten, ordea, atseden hartzea erabaki dut. Urte asko daramat etenik egin gabe eta azkenean gorputzak eta buruak merezitako atseden hori hartzea eskatzen dizute.
– Nola bizi duzu ekainaren 30a?
Ez da erraza, baina hainbeste urte daramazunean dena azken xehetasuneraino antolatzen duzu. Zure trikimailuak dituzu eta azkartasuna ere ezinbesteko faktorea da. Ekainaren 28 eta 29an denbora gehiago dago; 30ean, ordea, ez. Goizaldeko 01:00-01:30ean lanean hasi eta 05:30ean, beranduenik, azkeneko kantinerak ileapaindegiko atetik atera behar du. Ondoren, lo egiteko astia hartzen dut eta arratsalde partean, berriz, kantinerengana hurbiltzen naiz, orrazkerari eta txapelari hainbat ukitu ematera.
– Kantinerak dira zure ileapaindegira hurbiltzen direnak, eta ez alderantziz. Antolaketarako errazagoa al da?
Bai, orokorrean hona etortzen dira, dena kontrolpean dudalako. Hala ere, kantinera bakarra izan dudan urteren batean haren e-txera hurbildu izan naiz.
– Zein dira gehien eskatzen dizkizuten mototsak, edo kantineren artean arrakastatsuenak?
Ileapaintzaile dudan ibilbidea jakinda, nire aholkuak jarraitu ohi dituzte. Nik neuk behintzat fantasia gehiago duten orrazkerak ekainaren 28rako utziko nituzke; ekainaren 29an serioagoa den mototsen bat, eta ekainaren 30rako, berriz, dotore eta fin bat. Hori bai, orrazkera guztiak erosoak izatea ezinbestekoa da.
– Kantinera ugarik zugan konfiantza jarri dute. Pozgarria da?
Nigan urtero jartzen duten konfiantza eskertu nahi diet. Ekainaren 30ean dugun denbora gutxi dela eta, ezin izan ditut etorri zaizkidan kantinera guztiak orraztu, baina beste ileapain-tzaile bat bilatu izan diet. Hondarribian, Alardearen irteera ordua dela eta, zazpi kantinera orraztera iritsi nintzen behin, eta guztira, bederatzik jo zuten nigana.
– Aurten jaiak beste modu batean biziko dituzu.
Hondarribian iaz ere atseden hartu nuen eta izugarria izan zen. Hogei urtetan diana zuzenean entzuten nuen lehenengo aldia zen eta hunkigarria izan zen. Gainera Alardeaz gozatu nuen. Aurten Irungo Alardeaz gozatzeko aukera izango dut. Irundar guztiei jaiak alaitasun eta poztasunez bizi ditzaten opa diet.