Sanmartzialak noiz iritsiko zain daude irundar guztiak urteko garai honetan. Kirolari irundarrak ere ez dira salbuespen bat. Egun berezi hauek familiarekin eta lagunekin igaro ohi dituzte eta entseguak eta Alardea gertutik bizi dituzte. Badaude, txapelketak direla eta, tamalez aurtengo jaiak kanpoan pasa beharko dituztenak ere. Hala ere, guztiek dituzte jai hauen inguruko oroitzapen eta anekdota berezi eta politak.
Julen Aginagalde: KS Vive Targi Kielceko eskubaloi jokalaria
Irun hiriaren izena munduan barrena ezagun egin duen Julen Aginagaldek emozio handiz bizi ditu irundarrentzat hain garrantzitsuak diren jai hauek. Meakan desfilatzen du normalean gure eskubaloi jokalariak. Hori bai, iaz hatxero bezala anaiarekin Alardea egin zuen, eta aurten ere esperientzia polit hori errepikatzeko aukera izango du.
Eskubaloi denboraldiak irauten duen bitartean etxetik urrun bizi da Julen. Hori dela eta, etxeko berotasunaz gozatzeko gogo handia du. “Denboraldi luze honen ondoren, sanmartzialez gozatzeko gogoa dut; bai familiarekin, baita lagunekin ere”. Alardeko une berezienak aukeratzeko garaian, ez du zalantza egiten Julenek. “Hatxero bezala, nola ez, arrankada oso gogoko dut, baina badira beste momentu polit eta hunkigarri asko ere. San Juanera sartu-irtetzea, elizako malda, San Martzial mendian, Kale Nagusian…”. Nahiz eta sanmartzialak ilusio handiarekin bizi, konpromezu profesionalak direla eta, izan dira urteak non jaiak kanpotik bizi behar izan dituen. “Pena handiz eta mugikorrari pega-pega eginda bizi izan ditu urte horiek. 2012an, adibidez, online ikusi nuen Andorratik eta asko emozionatu nintzen”. Hori bai, berdin dio non dagoen; ekainaren 30eko txipa piztuta izaten du uneoro. “Nahiz eta kanpoan egon eta erlojuko alarma 5:55etan jarrita eduki, ni bakarrik esnatu izan naiz beti”.