Zabalik dago Irungo Udal Euskaltegian izena emateko epea

35 urte beteko ditu aurten euskaltegiak

Irailaren 4an ireki dute Irungo Udal Euskaltegian izena emateko epea, eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Euskaltegian bertan, 943 505 173 telefono zenbakian edo euskaltegi@irun.org web gunean eskura daiteke informazioa. Iaz 35 talde 400 ikasle eduki zituen euskaltegiak, eskaintza osoa kontuan hartuta. 35. urteurrena du aurten Irungo Udal Euskaltegiak.

HABE Helduen Euskalduntze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ematen dituen ziurtagiriak lortzeko aukera eskaintzen du Irungo Udal Euskaltegiak. A1, A2 eta B1 mailako tituluak euskaltegian bertan ateratzeko parada dago, ebaluazio jarraiaren bidez. B2 eta C1 mailak lortzeko, berriz, azterketa ofizialetara aurkeztu beharra dago. Edonola ere, maila guztietarako ikastaroak eskaintzen ditu udal euskaltegiak, goizeko eta arratsaldeko ordutegietan. Astean lau eta bost orduko ikastaroak dira, gazteei eta helduei zuzenduak.

Bestalde, ostalaritza eta merkataritzako langileei zuzendutako ikastaroak daude, eguerdietan. Gurasoentzako taldeak, eta AISA ikastaroak ere eskaintzen ditu euskaltegiak, azken horiek, atzerritik edo estatuko beste tokietatik etorritako jendeari zuzenduak. Badira mintza taldeak, praktika lantzeko, eta beste zenbait jarduera osagarri ere bai. Udara honetan, esaterako, Hondarribiko Iruzta txakolindegira bisita, edo Txingudi badian itsas-ibilaldia egin dituzte euskaltegiko ikasleek.

Langabeentzako ikastaroak eta euskara ikasteko bekak

Lannahi, langabeei zuzendutako doako euskara ikastaroa eskaintzen du Irungo Udal Euskaltegiak. Bost txanda izango dira, hiru ikasturtean zehar, eta bi udaran. Ikasturtean zehar goizeko txandetan ariko direnek lau ordu egingo dituzte egunean, eta arratsaldekoek hiru. Interesa duenak txanda bakoitzerako izena eman beharko du, HAZ-SAC 24 ordu zerbitzuaren bidez, Irun Txartela edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz. Bestela, HAZeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2) egin daiteke, egunero, 8:00etatik 22:00etara.

Era berean, 2016-2017 ikasturtean euskara ikasten aritu zirenei bekak eskaini dizkie Irungo Udalak. Urriaren 6ra arte egin dezakete eskaera, HAZ-SAC 24 ordu zerbitzuaren bidez, edo HAZeko autozerbitzu terminaletan. Irun Txartela edo beste ziurtagiri digital elektroniko batzuk erabili beharko dira horretarako. 58.000 euroko diru poltsa du udalak beketarako. “Euskara ikasteko ahalegina egin duenari, lagundu behar zaio”, azpimarratu du Josune Gomez Euskara arloko ordezkariak.

“Hizkuntza bat ahalik eta azkarren ikasteko, ahalik eta ordu gehien eskaini behar zaizkio”
Josune Gomez, Euskara arloko ordezkaria

Pasa den urteko tasa sistema mantenduko du udalak. Zenbat eta euskara eskola ordu gehiago hartu, orduan eta merkeagoa izango da orduko prezioa. “Hizkuntza bat ahalik eta azkarren ikasteko, ahalik eta ordu gehien eskaini behar zaizkio”, gogorarazi du Josune Gomezek. Eskola ordu karga gehien hartzen duen euskara ikaslearen matrikula %35 merkeagoa ere izan daiteke. Hilero ordaintzeko aukera eskainiko du Irungo Udal Euskaltegiak, idatziz eskatuz eta ordainketa helbideratuta, beti ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude