XABI MARTINEZ, Erroibide Saskibaloi Elkarteko entrenatzailea eta jokalaria: “Taldearentzat onak izan daitezke ikamikak, indartu egiten dutelako”

Erroibide Saskibaloi Elkarteari buruzko ikuspegi aberatsa du Xabi Martinezek (Irun, 1994). Hondarribian futbolean aritu ondoren hasi zen saskibaloian, kanpus batean parte hartu eta gero. Talde ezberdinetako jokalari eta entrenatzaile izan da azken urteotan. Orain bi eginbeharrak uztartzen ditu, senior mailako bigarren taldean, Gipuzkoako lehen mailan.

Zein izan da zure ibilbidea klubean?

Jokalari hasi nintzen. Kanpus batean parte hartu nuen, eta entrenatzaile batek proposatu zidan bere taldean hasteko. Aste beteko epean, futbola utzi eta saskibaloian hasi nintzen. Oso gustura ibili izan naiz harrezkero. Beranduago, junior mailako taldeko entrenatzaile izateko aukera eskaini zidaten. Aurten entrenatzailerik gabe gelditu ginen senior mailako taldean, eta erronka horri heltzea proposatu zidaten. Entrenatzaile eta jokalari nabil orain, aldi berean.

Alde handia dago gaztetxoak eta helduak entrenatzearen artean?

Junior mailan, hezkuntza garaian dauden pertsonekin lan egin nuen. Orain helduekin ari naiz, batzuek nire adina dute, beste batzuek gehiago. Trataera ezberdina da, baina errespetua berdin lortu behar da. Denboraldia hasi baino lehen gauzak argi esaten baldin badira, behintzat, nik uste ez dagoela arazo handirik.

Erantzukizunak banatu behar dituzu”
Nolakoa da aldi berean jokalari eta entrenatzaile izatea?

Zaila, betez ere, erantzukizunak banatu behar dituzulako. Adibidez, taldekideei behin eta berriro errepikatzen diezu zerbait ez egiteko, eta batzuetan zuk zeuk egiten duzu. Taldekideek hori leporatzen dizute, eta ikamikak sortzen dira. Baina nire ustez, larriak ez baldin badira, taldearentzat onak izan daitezke, indartu egiten dutelako.

Zer moduz ari zarete aurten lehiatzen?

Talde nagusiak, estatuko bigarren mailakoak, gertu ditu play-off postuak. Entrenatzeko izaten dituzten zailtasunak kontuan hartuta, ondo ari dira. Iaz, igoeraren atarian gelditu ziren, eta aurten ere, fase horretan egotea dute helburu. Gipuzkoako lehen mailako taldean, espero baino hobeto ari gara, igo berriak garelako.

Aurten, infantil txiki mailako talde handi bat osatu du Erroibidek”
Hamarkada bete du Erroibide elkarteak. Zein da klubaren egoera?

Alde batetik zaila, ez baita kirol nagusia Irunen. Futbolaz gainera, badaude beste batzuk aurretik: eskubaloia, piraguismoa… Ondorioz, jende gutxi ari da saskibaloian. Baina albiste onak ere badira. Esaterako, aurten infantil txiki mailako talde handi bat osatu du Erroibidek. Horrek esan nahi du harrobia badagoela.

Azpiegitura aldetik, eragozpen handiak ditu Erroibidek?

Artalekuko pistan Bidasoa eskubaloi taldeak du lehentasuna, eta batzuetan, Erroibideko lehen taldeak ezin izaten du astean hiru aldiz entrenatu, eskubaloirako pista urdina jarri behar delako, adibidez. Azken Portu kiroldegiko pista da alternatiba, baina ez ditu neurri ofizialak betetzen.

Estatuko Lehen Mailara iritsi ziren Erroibideko neskak. Baina talde hura desegin egin da.

Bai entrenatzailea, baita nesken multzo handi bat ere, Hondarribia Ikasbasket klubean ari dira. Badakit ondo ari direla saskibaloian, eta oso gustura daudela. Hori da garrantzitsuena. Erroibidek nesken kadete mailako taldea du gaur egun. Iaz izan zuten lehen urtea, eta saskibaloiko oinarrizko kontzeptuak barneratzen ibili ziren. Aurten gero eta hobeto ari dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude