Irailaren 23ko Sexu Esplotazioaren eta Emakumeen zein Haurren Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak hitzaldi bat antolatu du ostegun honetarako, irailak 24. ‘Etiketetatik harago: prostituzioari buruzko kontzeptuak, errealitateak eta eztabaidak’ izenburupean, Arrats elkarteko Aukera programako Sònia Vega gizarte-langileak eskainiko du saioa Irungo Emakumeen Etxean, 18:30ean. Sarrera librea izango da emakume zein gizonentzat, aretoko edukiera bete arte.
Hitzaldiaren helburu nagusia da prostituzioaren inguruko terminoen esanahia eta erabilera argitzea. Zehazki, feminismoaren barruan dauden bi ikuspegien —abolizionisten eta prostituten eskubideen aldekoen— diskurtsoak ulertzeko gakoak emango ditu adituak. Horrez gain, Vegak benetako kasuak eta egoerak aurkeztuko ditu, prostituzioan aritzen diren emakumeen errealitate anitzak hobeto bereizten eta ulertzen laguntzeko.
Arrats elkartea
Ekimen hau zuzenduko duen Arrats elkarteko Aukera programak hogei urte baino gehiago daramatza Irunen prostituzioan diharduten pertsonekin zuzenean lanean. Beren esku-hartze integrala pertsonarengan zentratuta dago eta genero-ikuspegian oinarritzen da. Hori horrela, kolektibo honek pairatzen dituen indarkeria zein diskriminazio anizkoitzari aurre egiteko tresnak, ahalduntzea eta laguntza eskaintzen dituzte, euren bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko asmoz.



