Zisne beltz bat dabil Bidasoa ibaia eta Kantauri itsasoa nahasten zaizkigun uretan, Santiago Aurrea eta Hiru Kanale uharteen artean,edonorentzat ikusgarri bidegorrian zehar paseoan joanda.
Jakina, aho zabalik gu, kolore ezohiko beltxargari begira, presentzia harrigarri hura benetakoa dela ohartuta. Liluratutako lekukoak gu, kontenplazio isilean murgiltzeko oinak geldiarazi ditugu eta. Ikusle berritsu bati entzun diogu “zisnea harro-harro dabil gure aurrean, ibaia moda pasarela bat bailitzan, atzera eta aurrera, txula-txula”. Eran-tzutekotan egon naiz: sekulako zortea dauka zisneak, ordea, ze “harro” eta “txula” gizakiok asmatutako hitzak besterik ez baitira: zisnea da, eta kito. Beti gabiltza gu, garenaz haratago, beste zerbait izan nahian; animaliak berriz, ez. Zisneari begirada kendu ezin geundela horrelako burutazioak ez ezik, arrapaladan gogora datozkit zisneek Wagnerren ikonografian duten protagonismoa, baita Nassim Taleb ikerlariaren Zisne Beltzaren Teoria deiturikoa ere. Teoria horrek dihardu muturrekoak eta aldi berean ezustekoak diren gertakariek ikusle edo publikoarengan duten inpaktuaz , zisne beltz bat ikusteak eragiten duen bat-bateko kolpe eta harridura abiapuntutzat eta metaforatzat harturik.
Dirudienez, ia XVIII. mendera arte ez omen zen ezagutzen munduan kolore beltzeko beltxargarik eta ondorioz existitzen ez zirelako ustetan zeuden adituak, harik eta 1697an, Australian, lehenengo zisne beltzak deskubritu ziren arte. Dena den, zisne-momentu majiko honen etena di-da datorkigu egunkari arrunt baten eskutik, eseri garen bidegorriko bankuan aurkitu dugun egunkaria.
Egia esan, azkenaldian egunkariek badakarte egunero irakurleengan inpaktu handia duten berri mordoa, gure eguneroko bizitzengan eragin zuzena duten edo izan beharko luketen berri mordoa. Oraingoan, titularretan, Espainiako Gobernuak onartu duen LOMCE Hezkuntza Lege berria. Halere, albiste hau ezin dugu sailkatu Zisne Beltzaren teoriapean, ze ia ohituta baikaude hezkuntza legeen aldaketa arinetara, agintzea suertatzen zaion alderdi politikoaren nahieran. LOMCE delakoak zisne beltzak existitzen ez ziren garaietara garamatza zoritxarrez.
Bidasoako beltxarga ederra gure begietatik desagertu den moduan, sorbeltz taldea agertu da zeruan. Gure gainean dauzkagu sorbeltzak, hegan doazenean sega itxura hartzen duten txori beltzak, hain zuzen ere.
Yurre Ugarte