Udako ikastaroetarako lehen izen-emate epeak ireki dituzte hiriko zenbait kirol-klubek

Udara iristeko oraindik hilabete batzuk falta badira ere, hiriko hainbat kirol-klubek udako oporraldietarako ikastaroetan parte hartzeko izen-emate epeak zabaldu dituzte jada. Datozen hilabeteetan aurkeztuko diren gainontzeko kirol eskaintzekin, aurreko urteetan bezala, haur eta gazteek kirol eskaintza anitza izango dute aukeran berriro ere. Santiagotarrak, Leka Enea, Bidasoa Atletiko Taldea eta Txingudi Errugbi Kluba izan dira udako ikastaroak iragarri dituzten eskualdeko lehen klubak.

Santiagotarrak klubeko Uralekuak
Beste urte batez, Santiagotarrak Kirol Elkarteak Uralekuak programa eskainiko du 2019ko udan. Udako ikastaroak 9 urtetik gorako haurrei zuzendurik daude. Astean ordu eta erdiko bost saio egingo dira astelehenetik ostiralera. Interesatuek arrauna, ur lasaiak eta ur lasterrak modalitateak izango dituzte aukeran izen-ematea egiterako orduan. Ikastaroak uztaila, abuztua eta iraileko lehen astean zehar egingo dira eta ordutegia aldakorra izango da modalitate bakoitzean eskainitako ikastaro kopuruaren arabera. Uralekuetan parte hartzeko igeri egiten jakitea derrigorrezkoa izango da.

Ikastaroen iraupena astebetekoa edo bi astekoa izango da, horren arabera, prezioa 80 eurotatik 150 eurora aldatuko da. Aurre-matrikula maiatzaren 31 baino lehen eginez gero %10eko deskontua egingo da. Gainera, %25eko deskontua izango da ikastaroetan bi anai-arreba edo gehiago inskribatu edo hiru aste baino gehiagoko ikastaroetan izena emateagatik. Ikastaro hauen ostean haurrek ikastaro berri bat egin, teknifikazio ikastaro batean parte hartu edo eskolarren taldean sartzeko aukera izango dute.

Leka Enea klubeko ikastaroak
Irungo Leka Enea Mahai-Tenis klubak 6 eta 16 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako udako ikastaroak antolatu ditu 2019 urteko udarari begira. Ikastaroak Sonia Etxezarreta Teknifikazio Zentroan egingo dira, astelehenetik ostiralera 11:30etatik 13:00etara. Bi hamabostaldi izango dira aukeran: lehena, uztaileren 2tik 12ra eta, bigarrena, uztailaren 15etik 26ra. Hamabostaldi bakoitzeko prezioa 40 eurotakoa izango da, ordainketa bakar batean kobratuko dena. Ikastaroan parte hartu ahal izateko barneko kiroletan (batmiton, eskubaloia, …) erabiltzen diren kolore argiko zolak dituzten zapatilak erabiltzea ezinbestekoa izango da, zapatilak instalakuntza sartu aurretik aldatzea beharrezkoa izango baita.

Atletismo Udalekuak
Bidasoa Altetiko Taldeak Atletismo Udalekuak antolatu ditu aurtengo udararako ere. Ikastaroetan atletismoa, era askotako jolasak, igeriketa, futbola, ginkanak eta bestelako ekintzak egingo dituzte 2014 urtetik aurrera jaiotako haurrek. Ikastaroak Plaiaundiko atletismoko pistetan egingo dira, ostegunetan izan ezik, igerilekuko ekintzak Artaleku kiroldegian egingo baitira. Atletismoko monitore profesionalek arreta berezitua eskainiko diete haurrei eta matrikularen truke bi kamiseta oparituko zaizkie.

Ikastaroak uztaileko aste guztietan, abuztu osoan (bigarren astean izan ezik) eta iraileko lehen astean egingo dira. Bi ordutegi egongo dira aukeran: lehena 8:45etatik 13:15etara (80 euro) eta, bigarrena, 8:45etatik 15:30etara (125€). Bigarren aukera hautatzen dutenek haurren bazkaria izango dute ordutegiaren barnean. Aurten, nobedade moduan, asteroko matrikulazioarengatik deskontu progresiboak izango dira. Gainera, maiatzaren 31 baino lehen izen-ematea egiten dutenek, 2 anai-arreba edo gehiagoren izen-emateagatik, klubeko bazkideek edo urte honetan zehar atletismo eskolako ikasleak izan direnek %10eko deskontua izango dute.

Udarako Errugbi Ikastaroak
Txingudi Errugbi Klubak 8 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu uztaileko hilabeterako. Ikastaroen ordutegia goizeko 8:30etatik 13:30etara izango da eta Plaiaundiko instalakuntzetan gauzatuko dira. Haurrek Errugbiko monitore tituludunen eskutik errugbia eta beste kirol zein joko kooperatiboetan parte hartzeko aukera izango dute, errugbiaren baloreak, hau da, errespetua, elkartasuna eta dedikazioa barneratzen dituzten bitartean. Hortaz gain, astero mendira edo hondartzara irteera bat egingo dute. Izen-ematearen kostua aste-kopuruaren araberakoa izango da, aste bat 70 euro, bi aste 125 euro, hiru aste 170 euro eta lau aste 225 eurotako kostua izango dutelarik. Ikastaroetako plaza kopurua mugatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude