Que en bascuenze llaman…

Urteak dira Lenbur Fundazioa lan handia egiten ari dela Urola Garaian burdingintzari lotu ondarea mantusa 2colorikertzen, berreskuratzen eta hedatzen; besteak beste, Aranzadi Zientzi Elkartearekin batera, eskualdeko artxiboak miatzen. Halako dokumentazio xeheak, maiz, garaian garaiko errealitate egunerokoak, bilatzen zen gaiari buruzko datuez gain, gaurdaniko ikuspegi orokorrei begi zorrotzagoz erreparatzeko ere balio izaten du.

Esaterako, orain oso zabaldua dago mendeetan zehar bizimodu publiko eta instituzionalak erdaraz funtzionatzen zueneko ustea, eta euskara etxera mugatzen zela, edo plazara, baina betiere izaera informaleko zereginetara. Bai ote? Zumarraga, XVII. mendea. Udal basoak ikazkintzan ustiatzeko enkantea egitearren, loteak berdintsuak izan behar dutela eta, udal ordezkariak bi egurgile aditurekin batera doaz mendira, eskribau baten laguntzaz. Dokumentua, jakina, erdaraz da, eta ez da euskaraz ari direlako aipamen bakar bat ere… harik eta, lote bat edo beste ez dakit nongo errekatik badakit nongo haritz, pago, arrokaraino iritsiko dela adierazi ondoren, halako batean, eskribauak honako hau idatzi zuen arte: hasta un arbol que en bascuenze llaman urquia.

Zer gertatu da? Bi aukera daude: bata, denak erdaraz ari ziren lasai asko eta bat-batean konturatu dira inork ez dakiela urkia abedul esaten dela; bestea, eta niretzat sinesgarriagoa, eskribauak era berean itzultzailearena ere egiten zuela, eta haren gaztelania ofizialean haya, roble, mançano eta zuhaitz arruntenak bazekizkiela, baina ez gutxitan aipatzen den espeziea. Zuek, erdaraz edo euskaraz, zenbatetan aipatzen duzue azal zuriko arbola eder hori? Eta ezagutzen dituzuen beste hizkuntzetan, fran-tsesez, ingelesez… ba al dakizue nola deitzen den? Eta hagina, gorostia, ezpela?

Bada, horixe, gauza batzuk jakintzat edo naturaltzat eman beharrean, beharbada, iraganeko dokumentazioa aztertzerakoan, lehenik eta behin hasi beharko genuke planteatzen ez ote den zuzenean itzulitako testua, eta horrek nolako eragina izan zezakeen errealitatearen eta paperezko emaitzaren aldean.

Xabier Kerexeta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude