Euskal Herriko dantzak Italiara eraman ditu Kemenek

Basilianon izan da Irungo taldea, irailaren hasieran

Danzando Tra I Popoli jaialdiaren XVII. Edizioan parte hartu du Kemen Dantza Taldeak, Blessano di Basilianon, Italia ipar-ekialdean. Irungo taldeko 30 ordezkari inguru izan dira bertan, iraileko lehen asteburuan. Kultura minoritarioei eskainitako edizioa zen aurtengoa, eta Larratz (Burlata, Nafarroa) eta Atlantic Rhythm (Irlanda) dantza taldeek ere parte hartu dute, Danzerini Udinesi etxeko taldearekin batera.

Gipuzkoako dantzak, Zuberoako maskarada eta Lapurdiko inauteria eskaini ditu Kemenek festibalean. “Euskal Herriko dantzak eta kultura zabaltzea da taldearen helburuetako bat, eta horrelako jaialdiei esker betetzen dugu, adibidez”, azaldu du Ander Amantegi taldekideak. Gainera, Burlatako Larratz taldeak ere euskal dantzak lantzen dituela kontuan hartuta, bien artean Euskal Herriaren argazki esanguratsua eskaini dutela uste du Mikel Button presidenteak: “Ia zazpi lurraldeetako dantzak eta musikak eskaini ditugu”.

Pena bakarra dute Kemeneko ordezkariek: nahi baino gutxiago dantzatu izana. Izan ere, eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera gelditu dira egitarauko zenbait desfile eta dantza saio. Jendearen harrerarekin, aldiz, pozik dago Amantegi: “Gure dantzak ikusteko gogoa eta ilusioa erakutsi dizkigute. Herri txikiak ziren, baina jende asko biltzen zen dantzekin gozatzera”. Antolatzaileen eskutik izan dute Kemeneko ordezkariek Friuli eskualdeko kulturaren eta hizkuntzaren berri. “Oso interesgarria izan da”, aitortu du Buttonek.

Dantzatzeaz gainera, leku eta jende berriak ezagutzeko aukera izan dute Kemeneko ordezkariek. Torinon geldialdia egin zuten jaialdira bidean, eta Udine hiria ere bisitatu dute, Basilianoko herriez gainera. “Taldean sortu den giroa bikaina izan da. Barne kohesiorako oso aproposak dira horrelako bidaiak”, adierazi du Ander Amantegik. Taldekide askorentzat, gainera, lehen esperientzia izan da, belaunaldi aldaketa handia eman baita taldean, azken aldian. Indartsu datoz Kemeneko gazteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude