Hamar urte bete ditu Juan Carlos Errazquinek Alarde Tradizionaleko Hatxeroen idazkari lanean. Hamarkada osoko esperientziaren ondoren, ondo ezagutzen ditu haien bitxikeriak eta pasadizoak. Konpainia berezia da Hatxeroena. Ez du musikarik, ez du kantinerarik, eta baldintza zorrotzak bete behar ditu parte hartu nahi duenak.
– Zein baldintza bete behar du hatxero izan nahi duenak?
Barne araudiaren arabera, ondorengo baldintzak bete behar ditu: Irunen jaioa edo hamabost urtez Irunen erroldatua izatea, 21 urte edukitzea, 1,’87 m luze izatea, eta ageriko urritasun fisikorik ez edukitzea. Urteroko Ohiko Batzarrean egin daiteke izen ematea, sanmartzialen aurreko azken larunbatean.
– Gutxieneko altuera gero eta gehiago igo izan duzue. Zergatik?
Ulertu behar da Hatxeroen taldean parte hartzea mugatua izan behar dela. Kaboa eta berrogeita hamabost lagun besterik ez dira ateratzen. Gainera, gaur egun, bataz besteko altuera gero eta handiagoa da.
– Errotazio sistema duzue. Zein da bere funtzionamendua?
1984ean planteatu genuen gaia, ordura arte titularrak baizik ez baitziren ateratzen. Bozketan, gehiengo absolutuarekin irabazi zuen errotazioen aukerak. Gaur egun, %30eko errotazioa egiten dugu urtero. Sistema konplexua da, baina informatikari esker ez dago inolako arazorik.
– Ordezkoek hatxero jantzita joan behar izaten dute arrankadara, badaezpada.
Lau izaten dira, eta zerrenda pasatzeko momentuan egon behar izaten dute Urdanibia plazan, Alardea irten baino ordu erdi lehenago. Zerrenda pasatzerakoan titularren bat falta baldin bada, ordezkoak hartzen du bere lekua. Minutu bat berandu iristen baldin bada ere, titularrak urte horretan eskopeta hartu beharko du desfilatzeko. Puntualtasuna ezinbesteko baldintza da.
– Deigarria da hatxeroek bihurguneak nola hartzen dituzten.
900 birak egiten ditugu. Ez da erraza, baina ondo azaltzen dugu prozedura, bideoak erakusten ditugu, eta entsegu txikiak ere egiten ditugu horretarako. Nik uste, nahiko ondo ateratzen dira.
– San Martzial eguneko zein momentu duzu gogokoen?
Goizeko arrankada da horietako bat, jakina. Hala ere, baditut gehiago. San Martzial mendiko desfilea liluragarria da niretzat. Arratsaldeko arrankada ere ikaragarria da. Milaka pertsona izaten dira Urdanibia plazaren inguruetan, hizketan, eta edaten. Nik beti pentsatzen dut ezinezkoa dela anabasa horretatik ezer onik ateratzea. Baina ateratzen da. Bukatzeko, Kale Nagusia festaren amaierako eztanda da.