Aitzindari izan zen Sancheski

Berrogeita hamar urte bete ditu Irungo markak sortutako lehen monopatinak

Denboraren igarotzea 70eko edo 80ko hamarkadan gelditu dela dirudi Anaka kaleko 26.ean. Lantegi zaharrak beste garai bateko itxura du. Kanpotik ez da zaratarik entzuten, ez da kerik ateratzen. Aparkalekuan, patinatzeko arrapalak daude, eta ondoan, Volkswagen furgoneta urdina. Hantxe dago, lasai ederrean, gainerako ibilgailu modernoen ondoan aparkatuta. Duela lau hamarkada, ordea, estatu osoko errepideak zeharkatzen ariko zen, Team Sancheski skateboard talde historikoarekin batera. sancheski16_content

Sánchez familiaren etxea lantegian bertan dago. Harrera gela du, eta enpresaren museo baten modukoa da. Enpresaren produktu zaharrak eta berriak, posterrak, garaikurrak eta bestelako oroigarriak daude nonahi. Team Sancheski taldearen pegatina berdea eta laranja duen mahaitxo baten inguruan eseri dira Sánchez anaia bibotedunak, eta Iciar, hirugarren belaunaldiko ordezkaria. Enpresaren historia azaldu dute, hasteko. II.Errepublikaren garaian sortu zuen Francisco Sánchezek Sancheski enpresa, 1934 urtean. Sánchez eta Ski hitzak lotuta jarri zion izena. Aduanan lan egiten zuen Sánchezek, eta kirol materiala inportatzeko enpresa txiki bat sortu zuen. Salis Ibilbidean izan zuen lehen egoitza. Gerra Zibilaren ondoren hasi zen produktuak fabrikatzen. 1950eko hamarkadan, inbertsio handia egin zuen, emaztearekin batera, Anaka kalean lantegia eta etxea eraikitzeko. Hamar urte beranduago, sortzailearen semeek, Javier eta José María anaiek, ideia berritzailea izan zuten. Europako lehen monopatina sortu zuten. Skateboard amerikarraren bertsio irundarra.

“Californian, surfa kalean egiteko tramankulu bat asmatu zutela jakin genuen”
José María Sánchez

Etxea lantegian bertan zegoenez, saltsan ibili ziren, txikitatik, Sánchez anaiak. Gimnasioetarako tresnak, ski-ak eta patinak fabrikatzen zituzten, orduan, Sancheskin. Etorkizuna bideratua zutela onartu du José María Sánchezek: “Neurri handi batean, familiako negozioarekin jarraitzera behartuta geunden. Guk gustura heldu genion, dena den”. 1960ko hamarkadan, atzerriko informazioa eta eragina jasotzeko zeuden zailtasunak gaindituta, Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta izaten ari zen skateboard-aren berri izan zuten. “Californiako kostaldean, surfa kalean egiteko tramankulu bat asmatu zutela jakin genuen. Sinplea zen, egurrezko taula batekin eta patinen ardatz batzuekin egina”, azaldu du José María Sánchezek. Instant batean egin zitekeela pentsatu zuten. Material egokia eskura zuten, gainera, lantegian ski-ak eta patinak egiten zituztelako. Egur trinko batekin eta hockey-eko patin batzuekin sortu zuten estatuko lehen skate-a, 1966an. Irunen. Anakan.

Hasieran, bezeroak eszeptiko samarrak izan zirela onartu dute Sánchez anaiek. Batez ere, ez zekitelako monopatinarekin zer egin zitekeen. “Garraiolari batzuk ere ikusi izan ditugu, monopatinarekin objektuak alde batetik bestera eramaten”, gogoratu du José María Sánchezek. Salbuespenak, surf kultura barneratzen hasiak ziren kostako herrietan topatu zituzten. Euskal Herrian eta Cantabrian, batez ere. AEBetako aldizkariak erosteko ohitura zuen jendeak, bazuen skateboard-aren berri. Baina estatu osoan zabaltzeko, Team Sancheski taldea sortu zuten, inguruko patinatzaile aitzindari gazteekin. 1967ko Volkswagen furgoneta urdina erosi zuten. Makina bat erakustaldi egin zuten, eta lehen lehiaketetan ere parte hartu zuten. Madrilgo Kirolen Jauregian izandakoa gogoratzen du, bereziki, José María Sánchezek: “AEBetako Pepsi-Cola taldea etorri zen. Harmaila guztiak bete-beteta ikustea ikaragarria izan zen”. Atzerrira ere joan ziren, Parisko Trocaderon egiten zen erakustaldira, esaterako. “Asko ikasi genuen han. Gaur egun Youtuben topa dezakezu edozer, baina garai hartan ez zegoen halako mediorik”, azpimarratu du Javier Sánchezek.

Produktua zabaltzeko promozio lana egin zuten

Pixkanaka, estatu osoan hedatu zen monopatinarekiko zaletasuna. 1970eko hamarkadako haur askok eskatu zituzten Sancheski-ak gabonetan edo urtebetetzeetan. Izen horixe eman baitzion jendeak tramankuluari. Irribarrez gogoratu du José María Sanchezek: “Fenomeno bitxia izan zen, egungo enpresa askok nahi luketena. Jendeak ez zekien monopatinari nola deitu, eta taulek markaren izena zeramatenez, markak produktua izendatzeko balio izan zuen urtetan”. Beranduago, AEBetatik skate-ak inportatu nahi zituztenek, “sancheski amerikarrak” eskatzen zituzela erantsi du. Markarekin bakarrik ez, Irun hiriarekin ere lotu zuen, jende askok, monopatina. Sancheski izenari lotuta, sorlekua agertzen zelako beti. “Porcelanas Bidasoa, Chocolates Elgorriaga edo Palmera bezala, Irun hiriaren enbaxadore izan garela uste dut”, adierazi du José María Sánchezek.

Lehen prototipoarekin alderatuta, monopatina eraikitzeko prozedura finduz joan zirela azaldu dute Sánchez anaiek. Materialak eskuratzeko, ez zuten gehiegi mugitu behar izaten: “Santanderren plastikozko materialak. Bilbon, poliuretanozko gurpilak. Errodamenduak, Bergaran. Eta egurra, Etxarri-Aranatzen edo Beran”. 1978tik 1982ra artekoak izan ziren urterik onenak, salmentei dagokienez. Egunean mila monopatin ere fabrikatu izan zituzten Irunen. Gero beheraldia etorri zen, konpetentzia handia sortu baitzen, Txinako material merkea iristen hasi zelako, batez ere. “Guri min handia egin zigun horrek. Monopatinen saltzaileak biderkatu egin ziren, eta anabasa horretan, erreferentzialtasuna galdu genuen”, azaldu du Javier Sánchezek. Gaur egun altzairuaren sektoreak bizi duen krisia, haiek aspaldi pasa zutela baieztatu dute anaiek: “Kirol materialen sektorea eta jostailuena izan ziren kolpe hura jasotzen lehenak”. Monopatina, ordea, ez zen enpresaren lan ildo bakarra, eta patinekin, ehungintzarekin, gimnasia aparatuekin eta beste produktuekin aurrera egin zuen.

Jatorrira buelta

Indarra eta bolumena galdu zuen produktuak, baina Sancheskik ez zion monopatinak fabrikatzeari utzi. Haren inguruko kulturak izan duen bilakaeraren arabera moldatu behar izan dutela baieztatu dute Sánchez anaiek. Skate-ak etapa ezberdinak izan dituela azaldu dute, eraldatu egin dela, nolabait. Hasieran surfaren ordezko gisa sortu zen. Gero, jaitsierak eta slalom-ak egiteko erabili zuten gazteek. Beranduago, street skate-ak hartu zuen indarra, kultura urbanoarekin, eta graffiti-arekin harremana estutuz. “Estetika eta praktikantearen profila aldatu ziren. Kaleko errebeldearen itxura hori hartu zuen”, aipatu du José María Sánchezek. Artistekin lan egiten hasi ziren garai hartan, monopatinentzako diseinu bereziak egiteko. Javier San Martín “Shaf” irundarrak parte hartu zuen, esaterako. “Oso interesgarria eta sortzailea izan zen fase hori”, aitortu du Javier Sánchezek. Street fasearen ondoren, pistak eta skate park-ak eraikitzen hasi ziren hirietan, eta horietara lekualdatu dira skate zaleak.

“Surfeko mugimenduak imitatzen dituzten taulak diseinatzen ari gara”
Iciar Sánchez

SONY DSC

Beste aro batean murgiltzen hasi da orain monopatinaren mundua. Erroetara bueltatzen ari da, surfaren girora. “Skate-a surfaren inguruan sortu zen, eta orain, surfeko mugimenduak imitatzen dituzten taulak diseinatzen ari gara”, argitu du Iciar Sánchezek. Familia-enpresako hirugarren belaunaldiko ordezkaria da, José Maríaren alaba. Ingeniaritza ikasketak egin ditu, eta diseinu berrien garapenean aplikatzen ari da ikasitakoa. Slide izeneko skate-ak surf-eko sentsazioak simulatzen dituela azaldu du: “Sistema berezia du aurreko ardatzean. Biraketak arinagoak dira, eta monopatina sendoagoa da”. Aitak eta osabak egindako lanari jarraipena eman dio Iciarrek. Patinatzaile gazteak babesten jarraitzen dutela adierazi du, eta “zorionez”, gero eta gehiago direla neskak. Berak ere aldaketa eman dio enpresari, generoaren ikuspegitik.

50 urte pasa skate-a estatura iritsi zenetik. Baina zale ugari ditu, oraindik. “Oso dibertigarria da”, azpimarratu du Iciar Sánchezek. Arrakasta horrek arrazoi gehiago ere badituela uste du neskaren aitak: “Aitzindaria izan da beti. Moda baino pauso bat aurrerago joan izan da”. Arropan, eta batez ere oinetakoetan skate-aren munduak zer nolako eragina izan duen gogorarazi du. “Gaur egun gazte gehienek erabiltzen dituzte sorreran skate marka izandakoen oinetakoak”, berretsi du Iciar Sánchezek. Team Sancheskiren garaiko argazki bat atera du José Maríak, 70eko hamarkadakoa. Gazteek daramatzaten oinetakoak seinalatu ditu. Vans zapatilak dira, gaur egun kaleetan barra-barra ikusten direnen berdinak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude