Igoera fasetik gertu gelditu da, berriro, Real Union

Zazpigarren tokian amaitu dute liga txuribeltzek

Zapore gazi-gozoarekin amaitu du sasoia Real Unionek. Iaz bezala, gertu izan du igoera faserako txartela. Zazpigarren postuan bukatu du azkenean liga, laugarren sailkatuarekiko bost puntuko desabantailarekin. “Sentsazio mingarria da, jakina. Sartu nahi genuen, igoera fasean lehiatu nahi genuen. Baina tira, lehiaketa horrelakoa da. Laurentzako tokia dago, eta kanpoan gelditu gara”, adierazi du Asier Santana entrenatzaileak. Navalcarneron azken partida galduta, gainera, Errege Kopatik kanpo ere gelditu da Union, hurrengo denboraldiari begira.

Bolada nabarmenak izan ditu 2016-2017ko Real Unionek. Presiorik gabe, baina itxaropenez ekin zion sasoiari. Izan ere, aurreko bi urteetan Aitor Zulaikarekin emaitza onak eman zituen taldearen zati nagusia mantendu zuen klubak, eta maila handiko jokalariak lotu zituen, gainera, Bigarren eta Lehen Mailan ere arituak: Ekhi Senar, Josu Hernáez, Joseba Arriaga eta Alain Eizmendi, besteak beste. Asier Santana entrenatzailearen gidaritzapean, ondo ekin zion ligako lehiaketari.

Talde guztiek izaten dituzte gorabeherak. Horrekin bizi gara”
Mikel Azkoiti, jokalaria

Lehen hilabeteetan, talde sendoa izan zen Real Union, defentsako lanean trebea. Abendura arte, bi partida besterik ez zituen galdu, 1-0eko emaitzarekin biak, Fuenlabradan eta Toledon. Lehen itzuliaren amaiera, ordea, kezkagarria izan zen, 3-0 eta 1-3 galdu baitzuen San Sebastian de los Reyesen etxean, eta Navalcarneroren kontra, Galen. “Talde guztiek izaten dituzte gorabeherak. Horrekin bizi gara”, gogorarazi du Mikel Azkoiti atzelariak.

Taldea behin eta berriro altxatzeko gai izan da”
Asier Santana, entrenatzailea

Eguberrietatik bueltan, baina, bolada txarrari jarraipena eman zion Real Unionek. Martxora arte, bi garaipen besterik ez zituen lortu talde txuribeltzak, neguko fitxaketek, Thaylorrek eta Dani Estradak, betez ere, beste bultzada bat eman zioten arren. Une gogorrak izan zirela onartu du Asier Santanak: “Egia da momentu txarra izan genuela, eta sufritu genuela. Dena den, azpimarratu behar da ez dela erraza horrelako egoera bati aurre egin eta erantzun indartsua ematea. Taldea behin eta berriro altxatzeko gai izan da”. Garai horretan, Federazio Kopatik kanpo geratu zen talde irundarra, finalerdietan, Atlético Saguntinoren kontra. Beste kolpe bat izan zen, gertu izan baitzuen, 2015ean bezala, finala jokatzeko aukera.

Amaiera txarra izan du

Martxoaren 11n 1-0 irabazi zuen Unionek Toledoren kontra, eta erreakzio harrigarriari hasiera eman zion horrela. Lau garaipen lortu zituen segidan, eta urrun zirudien play off-eko lehian sartu zen, bete-betean. Azken hilabetean, ordea, behera egin du berriro, eta bi puntu besterik ez ditu atera, lau jardunalditan. Hala ere gertu egon da saria, eta jokalarien eta zaleen amorrua ulergarria izan daiteke. Taldearen ahalegina azpimarratu du, hala ere, Mikel Azkoitik: “Batzuetan hobeto aritu gara, besteetan okerrago, baina dena eman dugu beti”.

Taldeak txalotzeko moduko jarrera izan duela uste du Asier Santana entrenatzaileak. Real Unionek “harro” egoteko moduko taldea duela baieztatu du: “Duintasun ikaragarria erakutsi dute”. Aurtengoan, ordainketekin arazorik izan ote den, ez da azaleratu. Baina adierazpenek agerian uzten dute hainbat oztopo gainditu behar izan dituela 2016-2017ko Real Unionek. Klubaren egoera ezegonkorra gora-behera, emaitza onak izan ditu lehen taldeak azken hiru denboraldietan. Laugarren, bosgarren eta zazpigarren izan da ligan, hurrenez-hurren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude