Azken uneraino sufritu du Samitierrek, txapela janzteko
Lehen bi sailkatuek lau etapetan egindako postuak aztertu behar izan dituzte epaileek, Bidasoa Itzuliko azken maillot horia banatzeko. Lizarte taldeko Sergio Samitier aragoiarrak eraman du azkenean, baina denbora berdinarekin amaitu du Colpack taldeko Matteo Sobrero italiarrak. Technics-eko Julian Mertens belgikarrak osatu du podiuma.
Igantziko Irrisarri Land-en jantzi zuen maillot horia Sergio Samitierrek, lehen etapa irabazita. Tropela bilduta iritsi zen azken mendatera, baina Igantziko malda gogorretan Lizarteko aragoiarra nagusitu zen. Zazpi segundo galdu zituen Matteo Sobrerok Irrisarri Land-en, baina diferentzia berdina atera zion Samitierri, bigarren etapan. Italiarra izan zen lehena Hondarribiko Harresilandan, Jaizkibel mendatea gainditu ondoren. Samitierrek ez zuen lidergoa galdu, sprint-ean ahaleginduta, bigarren tokian sartu baitzen helmugan.
Bidasotik urrun joan zen hirugarren etapa, Orion izan baitzituen irteera eta helmuga. Gipuzkoako errepideetan zehar ibili ondoren, multzo handi bat heldu zen helmugara. Caja Rural taldeko Xavier Cañellas balearrak irabazi zuen etapa. Sailkapen nagusian, ordea, ez zen aldaketarik egon. Hortaz, laugarren eta azken etapak erabaki zuen itzulia, larunbatean, maiatzaren 13an. Etapa labur bezain gogorra da Bidasoako azkena, Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz gainditu behar izaten dituztelako txirrindulariek, 80 km baino gutxiagoko ibilbidean.
Taldekideen lana, erabakigarri
Hainbat eraso jaso zituen Samitierrek Erlaitzeko aldapetan, eta gogotik sufritu behar izan zuen. “Taldekideengatik izan ez balitz, han egongo nintzatekeen oraindik”, adierazi zuen Samitierrek, podiumera igotzerakoan. Castrillo Lizarteko taldekidearen laguntza funtsezkoa izan zen, Erlaitzek ez zezan Samitier hondoratu. Hamar laguneko multzoa iritsi zen, azkenean, Colon ibilbidera. Sprint-ean, Marco Negrente italiarra izan zen azkarrena.
Sobrerok bi postuko errenta lortu behar zuen Samitierrekiko, itzulia irabazteko. Bakarra atera zion, ordea. Beraz, Lizarteko aragoiarrak jantzi zuen txapela. “Etapa guztietan estutu naute aurkariek”, aitortu zuen. Lehen etapan lortutako maillotari eustea lortu du, hala ere, eta beste urrats handi bat eman du, txirrindularitza profesionalera bidean.