Lehen urratsak eman ditu Anaka Kofradiak

2015ean sortu zen kultur eta gastronomia elkartea

Kultura eta gastronomia uztartzeko asmoz elkartu ziren, 2015ean, Anaka auzoko zenbait lagun. “Elkarte bat sortzea pentsatu genuen, baina gutako bati bururatu zitzaion kofradia eratzea. Ez genekien non sartzen ari ginen”, azaldu du Agustin Morate kofradiako idazkariak. Hogei kofrade inguru dira gaur egun. Anaka auzoko eta Irungo historiarekin, ohiturekin, musikarekin eta gastronomiarekin lotutako jarduerak burutzen dituzte.

Ogibideak babesteko helburuarekin sortu ziren lehen kofradiak, eta gaur egun, elikadurako produktuekin lotuta daude gehienak: Nafarroako zainzurien kofradia, Errioxako ardoarena, Asturiasko gaztena etab. Irunen ere badago adibidea: Bidasoko Izokinaren Kofradia. Haren aholkularitza jaso zutela onartu du Agustin Moratek: “Gure aitabitxiak izan ziren. Bidea erakutsi ziguten”. Kofradietan ohikoak diren kapak prestatu zituzten, eta txapela gehitu zioten jantziari. Arlo legalean, beste edozein elkarteren parekoak dira kofradiak. Baina haien egiturak eta ohiturak dituzte.

Ohitura horiei jarraituz, kofradeen tronuratzea eta lehen kapitulua egin zituen Anaka Kofradiak 2016ko urrian. Gizonezkoak izan ziren tronuratutako kofrade guztiak, baina Moratek azpimarratu du haiena kofradia mistoa dela: “Ez dugu emakumerik, momentuz ez dugulako eskaerarik jaso”. Gabriel Narzabal eskultorea hautatu zuten Maisu Handi. Anaka kofradiaren kapituluetan, besteenetan bezala, egitaraua zein izaten den azaldu du: “Inguruko kofradiei gonbidapena luzatzen zaie. Bakoitza bere jantziekin eta zutoihalarekin etortzen da, eta desfile ikusgarria izaten da. Kofradeen tronuratze ekitaldia egiten da ondoren, eta bazkari oparoa, bukatzeko”.

Lehen kapituluan, hiru Ohorezko Kofrade izendatu zituen Anaka Kofradiak. Alde batetik, José Monje eta Sagrario Arrizabalaga artxibozainak. “Ordu asko pasa izan ditugu artxiboan, eta aitortza merezi zutela iruditu zitzaigun”, argudiatu du Agustin Moratek. Hirugarren omendua, Ramón Girau izan zen. Gabriel Narzabalek eman du azalpena: “Medikua izan da, orain erretiratuta dago. Baina bere zaletasun handiena historia da. Aditua da gerra karlistetan eta napoleonikoetan, batez ere”.

Onddoak eta Baionako urdaiazpikoa daramatza Irungo tortillak”
Agustin Morate, idazkaria

Beste kofradien kapituluetan ere parte hartu izan dute Anaka Kofradiako kideek. Hasieran, galdera berdina egiten zieten gehienetan: ea zein produktu ordezkatzen zuten. “Pixka bat bilatuta, Irungo tortillaren erreferentzia topatu genuen. José Luis Domenech-ek aipatu zuen lehen aldiz, 1930eko liburu batean”, adierazi du Agustin Moratek: “Onddoak eta Baionako urdaiazpikoa daramatza. Errezeta bilatu genuen, eta hortik aurrera, Irungo tortillaren zabalkundean ere jardun izan dugu”.

Auzoko eta hiriko ondarearen parte da Urdanibia jauregia”
Gabriel Narzabal, Maisu Handia
Logotipoko elementuak, azalduta

Dena den, Irungo tortilla babestea ez da Anaka Kofradiaren helburu nagusia. Logotipoan azalduta datoz, hain zuzen ere, kofradiaren jarduera eremuak. Laia da elementu zentrala. Izan ere, Gabriel Narzabal Maisu Nagusia da Pierre Lhande ibilbidean, Santiagoko bidegorrian kokatuta dagoen Laiak eskulturaren egilea. “Talde lanaren sinbolo dira laiak. Taldeka, lur kopuru handiagoa landu daiteke”, argitu du Narzabalek. Harago doa kofradiak laiekin duen harremana. Udalak Puianako ekobaratzeak banatu zituenean, laiak erabiltzeko ikastaroa eman zuten, udalak antolatutako formazioen baitan.

Logotipoko beste elementu handia, Jaitzubian dagoen Urdanibia jauregia da. “Auzoko eta hiriko ondarearen parte da. Jauregiarekin batera, XVI.mendeko burdinola eta errota daude”, nabarmendu du Narzabalek. Anaka Kofradiak eraikinen abandonu egoerarekin amaitzeko ahaleginak egin dituela baieztatu du: “Eusko Jaurlaritza da jabea. Konponketa batzuk egin ditu, errotaren teilatua, adibidez, baina oso motel doa dena. Jaurlaritzarekin eta udalarekin, biekin eduki ditugu bilerak, baina borondate politikoa falta da”. Eraikinak eraberritzea eta bisita gidatuak antolatu ahal izatea proposatu dute, adibidez.

Logotipoko liburuak historia irudikatzen du, egurrezko koilarak gastronomia, eta sol klabeak musika. Txistularien, pifanoen eta danbor jotzaileen taldea du Anaka Kofradiak, Joxe Mari Irastorza musikari beteranoaren gidaritzapean. Zenbait errepresentazio historikotan jo izan dute, eta Euskal Jiran ere bai, adibidez. Aurtengo gurdia prestatzea izango da, hain zuzen ere, Anaka Kofradiaren hurrengo eginbeharretako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude