GazteARTEan bekak Irungo gazteek klimaren inguruan dituzten kezkak ikertzeko proiektua izan da. Gaur, Irungo Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok eta proiektuaren autoreetako batek, Constantino Lucas-Baquero Coronadok –bestea Paula Adriana Martínez Bernal da–, ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte.
GazteARTEan beka 35 urtetik beherako gazteentzat da, eta gazteak eskubide osoko herritar gisa gaitzen laguntzea du helburu. Zehazki, ekimen emergenteak autonomiaz garatzen laguntzea da bekaren xedea, gazteen artean ikerlana sustatzea, eta Udalaren eta gazteen artean lan ildo berri bat irekitzea.
Caballeroren esanetan, “GazteARTEan beka funtsezkoa da Udalaren eta gazteen arteko harremanak estutzen jarraitzeko”. Sandra Caballerok aipatu duenez, elkarrekin komunikatzeko eta elkarlanean aritzeko bide bat da, eta, beroni esker, gazteek zer kezka eta proposamen dituzten jakin dezakete, eta, horrela, hiriko gazteen etorkizuna haiekin batera eraikitzen jarraitu, betiere erantzukizunaren eta ahalduntzearen ikuspuntutik. Azkenean, gazteei tresnak ematea da kontua, egunerokoan eragiten dieten gaiak landu ahal izan ditzaten beren erabakiguneetan. “Gazteek udal politikan hitza hartzea nahi dugu, udal ekintzan parte hartu ahal izatea, Irun leku hobea izateko”, nabarmendu du Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak.
Klima aldaketarekiko kezka
Lucas-Baquero Coronado eta Paula Adriana Martínez Bernalen lan bekadunak Irungo gazteek klima aldaketaren inguruan dituzten pertzepzio eta sentipenak ikertu ditu, bereziki ekoantsietatean jarrita arreta. Metodologia misto baten bidez, autoreek aztertu dute nola azaleratzen den antsietate klimatikoa eta kolektiboki esku hartzeko zer aukera antzematen diren tokian-tokian. Bada, emaitzen arabera, gazteak gero eta kezkatuago daude, baina apenas ezagutzen dute ekoantsietate terminoa, eta politikan eragiteko gaitasun eskasa dutela ikusten dute.
Gazteek hitz egiteko, hausnartzeko eta parte hartzeko eratu diren foroetatik sortu dira emaitzak, haietan ateratako ondorio nagusiak dira, eta, berauek lortzeko, askotariko teknikak erabili dira, hala nola iritzi zundaketa, tailer ekosozialak, aditu batekiko elkarrizketa eta erantzun irekiko galdetegi bat. Horrela, gazteek klima larrialdiaren inguruan dituzten bizipenak ezaugarritzen dituzten errepresentazio, kontraesan eta gaitasun batzuk identifikatu dituzte autoreek.
Paula Adriana Martínez Bernal
Nazioarteko Harremanetako Gradua egin zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Garapeneko eta Nazioarteko Lankidetzako Masterra, EHUn. Gaur egun, Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Mandataritzaren beka bat du, Genevan, eta Uruguain eta Kolonbian ere ibili da bekadun. Bere ikuspuntu profesional eta akademikoa justizia klimatikoaren, ekofemenismoaren eta bakearen eraikuntzaren arteko bidegurutzean dago, betiere generoaren ikuspuntutik. Kolonbiako bake itunaren inguruan ikertu du; bereziki, hura ikuspuntu feminista batetik eta justizia trantsizionalaren ikuspuntutik inplementatzeari buruz.
Constantino Lucas-Baquero Coronado
Nazioarteko Harremanetako Gradua egin zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Garapeneko eta Nazioarteko Lankidetzako Masterra, EHUn. Erasmus programaren barruan, Bruselan izan zen, eta Frantzian urtebeteko egonaldi bat egin zuen, gazteekin jarduera eta ikaskuntza metodo ez-formalak bideratzen. Aniztasun kulturalaren eta sexu eta genero aniztasunaren kudeaketan interesa du, giza eskubideak babesteko garapen politiken formulazio eta inplementazioan, klima kontuetan, eta garapen jasangarrirako helburuen aplikazioan. Hilabete batzuk barru, Latinoamerikako GGKE batean bekadun hasiko da, seguru asko Kolonbian, masterraren esparruan.
Zazpigarren edizioa martxan
Gazteria Arloak gogorarazi duenez, GazteARTEan bekaren zazpigarren ediziorako ikerketa proiektuak aurkezteko interesa dutenek datorren urriaren 6ra arte aurkez ditzakete. Bekak 8.000 euroko aurrekontua du, eta ikerlana beka esleitu eta zortzi hilabetean egin behar da gehienez ere. Azken emaitza edo entregatu beharrekoa hainbat formatutakoa izan daiteke: proiektua, prozesua zein ekintza (dibulgaziozko materiala, lankidetza proiektu bat, parte hartzeko proiektu bat, etab.).
GazteARTEan bekaren helburua da gai nagusitzat haurrak, nerabeak eta/edo gazteak dituen ikerketa ekintza proiektu bat garatzen laguntzea eta gazteen artean ikerlana bultzatzea.
Bereziki interesgarritzat hartzen dira ikerketa eta ekintzaren garapenean Irungo gazteen parte hartze zuzen eta aktiboa sustatzen duten proposamenak. Erabilitako metodologiaren originaltasun eta berritasuna baloratzen dira, baita gazteek esperimentatuz eta partekatuz ikasteko hausnarketa prozesuen integrazioa ere.
Eskakizunak
Pertsona fisikoek eska dezakete beka hau, banaka, edo berariaz osatutako taldeek. Bekadunek unibertsitate mailako gradua edo lizentzia izan behar dute, edo goi mailako heziketa ziklo bat egindakoak izan. Bekadunek 35 urte bete gabeak izan behar dute beka eskatzen duten urteko abenduaren 31n.
Proiektuak aurkezteko epea datorren urriaren 6an bukatuko da, astelehenarekin, eta proposamenak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dira, baita Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan ere, San Martzial karrikako 2 zenbakian.
Edizio honi zein aurrekoetan egindako ikerketa proiektuei buruzko informazio guztia esteka honetan eskuratu daiteke.



