Irundik Europarako atea

Gazteen Mugikortasunerako Nazioarteko Zerbitzua eratu du Irungo Udalak

Gazteen egitasmoen artean aurkitu ohi da atzerrian egonaldiak egitea, ikasle garaian eta udaran, batez ere. Aukera asko egoten dira, baina ez da erraza izaten norberarentzat egokiena den formula topatzea. Gaiaren inguruan aholkularitza emateko zerbitzua eskaintzen du Irungo Gazte Informazio Bulegoak, joan den udaraz geroztik. “Gertuko proiektu bat izateko sortu da, gazteentzat erreminta baliagarria izateko”, adierazi du Josune Gomez Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkariak.

CBA kultur gunean topatu daiteke Irungo Udaleko Gazteen Mugikortasunerako Nazioarteko Zerbitzua. Liburutegiko harreraren ondoan dago, eta Oihane Amoedok du bertan gazteei harrera eskaintzeko ardura. Hilabete bakar batzuk daramatza zerbitzuak martxan, baina balorazio baikorra egin dute orain arteko lanaren inguruan. Udaren atariko sasoian, bereziki, gazte asko hurbiltzen ari dira, atzerrian egonaldiak egiteko informazio eske. “Helburuak ezberdinak izan daitezke: bidaiatzea, lana bilatzea, praktikak egitea, boluntariotza proiektuetan parte hartzea etab. Haien gogoak eta interesak kontuan hartuta, gehien komeni zaizkien aukerak aholkatzen dizkiegu”, azaldu du Amoedok.

“Gazteen gogoak eta interesak kontuan hartuta, gehien komeni zaizkien aukerak aholkatzen dizkiegu”
“Kasu askotan, jendeak ez du halako programetan parte hartzen, ez duelako haien berri”
Oihane Amoedo, mugikortasun zerbitzuko arduraduna

Zerbitzuko arduradunak azpimarratu du edozein gaztek aurki dezakeela bere interesekoa den aukeraren bat. Baldintzarik ez dagoela ziurtatu du Oihane Amoedok: “Berdin du zein ikasketa, esperientzia edo hizkuntza maila duen”. Ahalmen ekonomikoak ere ez du zertan erabakigarria izan, diruz-lagundutako proiektuak baitaude: Europako Boluntariotza Zerbitzua, edo Erasmus +: Gazteria Ekinean, esate baterako. “Kasu askotan, jendeak ez du halako programetan parte hartzen, ez duelako haien berri”, aipatu du Amoedok. Work Away formulak ere, esate baterako, arrakasta izan du azken aldian, ostatuaren truke lan egiteko aukera eskaintzen baitu. Halako baliabideen inguruan informatzea da mugikortasun zerbitzuaren eginbeharretako bat.

Elkar trukeetan parte hartu dute Irungo gazteek

Erasmus +: Gazteria Ekinean programaren baitan, Gazte Elkar Trukeak antolatu ditu mugikortasun zerbitzuak berak. 2016ko uztailean, 15 eta 17 urte arteko 13 gazte irundar Georgian izan ziren, kirolari eta genero berdintasunari buruzko topaketa batean. Suediako eta Georgiako gazteekin batera egon ziren Ureki hirian. Oso esperientzia positiboa izan zela azpimarratu du Josune Gomezek: “Egun horietan beste herrialdeetako gazteekin egotean izan dituzten bizipenez gainera, beren Youthpass ziurtagiriarekin etorri ziren. Europar Batzordeak ematen du, esperientzia horren bitartez ikasitakoa egiaztatzeko, eta Europako lurralde osoan balio du” .

Abuztuan, berriz, Portugalgo, Georgiako eta Letoniako gazteak izan ziren Irunen, zortzi egunez, kulturari eta kaleko arteari buruzko beste topaketa batean. Herrialde bakoitzetik, 13 eta 17 urte arteko zazpi lagun etorri ziren, adin nagusiko laguntzaile banarekin. Irungo zenbait gazterekin batera, artearekin, hiriko kulturarekin, sorkuntzarekin eta teknologiekin lotutako zenbait jarduera burutu zituzten, hezkuntza ez formalaren metodologia erabiliz.

Bruselara bidaiatzeko aukera ere izan du Irungo gazteen multzo batek. Europako Batasuneko erakundeak ezagutu zituzten, Belgikan zehar turismoa egiteaz gainera. “Lehenago, eskoletan dinamika bat egin genuen, Europako parlamentuaren simulazio moduko bat”, jakinarazi du Oihane Amoedok. Bide batez, Mugikortasun Zerbitzua ezagutzera emateko modua ere izan zen. Difusioa lantzen ari direla aitortu du Amoedok, eta horretarako, hitzaldietan eta azoketan parte hartu izan dutela. CBAn jaso daiteke nazioarteko mugikortasunari buruzko informazioa, astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 19:30etara. Astearteetan 10:00etatik 14:00etara. Badaude harremanetan jartzeko bestelako aukerak ere: ieurope@irun.org helbide elektronikoa, 943 505 446 telefono zenbakia edo http://www.irun.org/igazte web gunea.

Nazioarteko mugikortasun aukerei buruzko azoka

Irungo mugikortasun zerbitzuak azoka bat antolatu du, Donostiako Europe Direct zentroarekin elkarlanean. Gazteentzako Nazioarteko Mugikortasun-Aukeren Azoka maiatzaren 9an izango da, Europako Egunaren harira. Irungo Martindozenea Gaztelekuan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. Europan zehar bidaiatzeko aukerak eta mugikortasun zerbitzua bera aurkeztea izango da azokaren helburua.

Ohiko stand-ak kokatuko dituzte, baina azoka interaktiboa izango dela azpimarratu du, bereziki, Oihane Amoedok: “Europako Boluntariotza zerbitzua egiten ari diren gazte batzuk egongo dira, eta haien esperientziak kontatuko dituzte. Lehiaketak eta jolasak egongo dira, sariekin. Photocall bat ere jarriko dute gaztelekuan. “Youthpass eta Europass Europa mailako gaitasun aitorpenei buruz hitz egingo dugu”, nabarmendu du Amoedok.

Hiriko hezkuntza zentroekin harremanetan jarri dira antolatzaileak, ahalik eta jende gehien hurbildu dadin. 13 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, beraz, jende asko espero dute. Hori dela eta, 60 minutuko lau txanda antolatzea erabaki dute. Bakoitzean 200 gaztek parte hartuko dute, gehienez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude