Eskualdeko eta inguruko hainbat enpresarekin harremanetan jarri ondoren, 159 lanpostu eskaini ditu Bidasoa Bizirik-ek. Ekaineko azken edizioaren aldean, eskaintza mota aldatu egin dela adierazi du Txisun Altuna Bidasoa Bizirik-eko lehendakariordeak: “Uda atzean geratu da, eta ostalaritzaren sektoreak pisua galdu du”. Zerbitzuetako, industriako eta teknologia berrietako eskaintzak izan dira gehienak azaroan. Ekainean baino 159 eskaintza gutxiago izan diren arren, kalitateak gora egin duela aipatu du Txisun Altunak, lan poltsak eta aldi baterako lan eskaintzak gutxitu direlako. Bat dator ekimenean parte hartu duen Javi Lafagge irundarra ere: “Ni ingeniari teknikoa naiz eta hiru eskaintza aurkitu ditut nire formazioarekin lotuta. Lanpostu iraunkorrak eskaintzen dituzte, gainera”.
1.669 hautagaitza jaso ditu guztira Bidasoa Bizirik-ek. Horien artean, enpresek eskatutako profiletara gehien hurbiltzen zirenak aukeratu ditu, lan elkarrizketetan parte hartzeko. 260 elkarrizketa egin dituzte, azaroaren 12an, Ficoba erakustazokan. Hogeita hamar enpresatako ordezkariak izan dira bertan, hautagaiekin aurrez aurre hitz egiten. Javi Lafagge pozik dago egindako elkarrizketarekin: “Behintzat esperientzia modura aberasgarria izan da. Aukeratuko nauten edo ez, beste kontu bat da”. Edonola ere, Bidasoa Bizirik-en ekimena eskertu du Javi Lafaggek, enpresekin harremanetan jartzea erraztu diolako: “Enplegua lortzeko ilusioa berreskuratu dut, gu-txienez. Curriculum mordoa bidali dut orain arte, eta gutxitan deitu izan didate”.
Enpleguaren Astean parte hartu duten beste hogeita zazpi enpresak ere hautagaien curriculumak jaso dituzte, baina euren kabuz antolatu dituzte hautatze hitzorduak. Bidasoa Bizirik erakundearentzat ere baliagarria izan da Enpleguaren Astea, lehen eskuko informazioa jaso duelako eskualdeko enpresen egoeraren eta epe ertainerako aurreikuspenen inguruan. Miguel Ángel Páez Bidasoa Bizirik-eko lehendakariak azpimarratu du gorakada izan dela aurten Behe Bidasoko enpresek egindako kontratazioen kopuruan: “2009tik 2012ra beheranzko joera izan zen. 2013an susperraldi txiki bat nabaritu zen, eta 2014ko datuek gorakada berretsi dute. Badaude baikor izateko arrazoiak”. Argi izpiak nabari dira, beraz, enpleguaren alorrean.