Kasu berezia da Ainara Pacheco kirolari irundarrarena. Saskibaloian aritu zen gaztetan. Gero, sekula igerian, korrika edo txirrindan lehiatu izan gabe ere, triatloian egin zuen proba. Hiru urte geroago, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak irabaztera iritsi da, eta Espainia mailako podiumetan ere izan da. Hogeita hamar urte zituela hasi zen goi mailan lehiatzen. Baina hasiberriaren ilusioa eta indarra dauzka oraindik.
– Nola egin zenuen saskibaloitik triatloirako urratsa?
Irungo taldea desegin zenean, Hendaian jokatzen hasi nintzen. Oso urrutira bidaiatu behar izaten genuenez, saskibaloia uztea erabaki nuen. Orduan nire bikotearekin korrika egiteari ekin nion; hortik spinning-era pasa nintzen, eta monitoreak triatloiarekin probatzea gomendatu zidan. Donostiako Emakumeen Triatloia egin nuen hasteko, eta gustatu zitzaidan, eskaintzen duen aniztasuna dela eta. Beti kirol berbera ez egiteak entrenatzeko orduan aspertzea ekiditen du.
– Zein aukeratuko zenuke triatloia osatzen duten hiru kirolen artean?
Txirrundularitzan moldatzen naiz hobekien, denbora gehiago daramadalako praktikatzen. Korrika ere nahiko ondo nabil, eta igeriketa da nire hutsunerik handiena. Hala ere, hiru urte daramat Donostian entrenatzaile batekin. Denbora honetan hobekuntza nabaria izan da. Esango nuke igerian trebe direnek abantaila izaten dutela triatloi laburrean, “sprint” modalitatean batez ere. Proba gero eta luzeago izan, orduan eta pisu gu-txiago izaten du igeriketak.
– Nola entrenatu behar luke triatleta batek?
Aukera ezberdinak daude, baina nik ahulguneak indartzeko hautua egin dut. Hori dela eta, igeriketa prestatzen dut bereziki. Dena den, hiru diziplinetan entrenatzen dut. Ohiko entrenamendu-aste batean, lau aldiz aritzen naiz korrika, eta hiruna igerian eta txirrindan. Beraz, astean behin entrenamendu bikoitza egin behar izaten dut.
– Zaila izango da entrenamendua eta lana uztartzea.
Hala da. Ikasketak amaitu nituenean familiako enpresan hasi nintzen lanean, Landetxan. Abantaila txiki bat daukat, ordutegi malgu samarra dudalako. Horrek eguerdian edo arratsaldean entrenatzeko aukera ematen dit. Daukadan denbora apurra baliatzen dut.
Ahal izango banu gustura entrenatuko nuke gehiago, baina gaur egun behintzat, ezinezkoa da niretzat.
– Nolakoa izaten da triatletaren denboraldia?
Triatloiak udaberrian hasten dira, eta udazken hasieran bukatu. Lehenago, duatloiak eta herri lasterketak egiten ditut, osagarri modura. Bestela, hilabeteetan lehiatu gabe entrenatzea oso luze egiten da. Orain, esate baterako, hurrengo denboraldia prestatzen ari naiz dagoeneko, opor labur batzuen ondoren.
– Zein helburu izango duzu 2015eko denboraldian?
Proba gutxiago egitea eta txapelketak hobeto prestatzea erabaki dut. Espainiako Txapelketako Iron Man erdian lehiatu nahi dut batez ere. Aurten probatu dut distan-tzia, eta niretzat egokia dela iruditu zait. “Sprinta” eta “olinpikoa” baino luzeagoa denez, txirrindan ondo moldatzeak abantaila ematen dit. Dauzkadan ezaugarriak kontuan hartuta, “Iron Man” erdia distantzia aproposena izan daiteke niretzat.