“Pertsona baten erretratuak berarekin bizi
zenituen une onak ekartzen dizkizu gogora”
Islandia: izotza eta sua izenburupean, otsailaren 20an Amaia KZn, Iñaki
Caperochipi argazkilariak bere ikus-entzunezko berria aurkeztuko du: hogei egunetan burututako bidaia.1988an Iñaki Caperochipik (Zarautz, 1958) Nepalerako bidea hartu eta hilabete eta erdi eman zuen bertako herrixkak eta bizimodua ezagutzen. “Hori izan zen egin nuen lehenengo bidaia eta horrek asko markatu zidan”, dio Iñakik. Geroztik, urtero gutxienez hilabete bat gorde egiten du Asia, Amerika edo Afrikako herri berri bat ezagutzeko.
– Zergatik erabaki zenuen Islandiara bidaiatzea?
Orain dela bi urte, beste bi argazkilarik eta nik Alaskara joateko asmoa geneukan, baina konturatu ginen gauzatu nahi genuen ibilbidea egiteak izugarrizko dirutza suposatzen zuela. Orduan, Islandia leku interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun.
– Zer moduz joan zen?
Bertako naturak txiki sentiarazten zaitu eta klima harrigarria da: une batean kamisetan zaude eta handik gutxira berokia jantzi beharra daukazu. Argazkilari batentzat herri paregabea da, edonon topa dezakezu gustuko lekuren bat argazkia ateratzeko. Landamannalaugarko eremua, Jokulsarloneko urmael glaziarra, arrantzaleen portuak eta mendebaldeko fiordoak ikaragarri gustatu zitzaizkidan.
– Zer suposatu du zuretzat bidaiatzeak?
Beste herri eta kulturak ezagutzearekin batera hemen dauzkagun gauzak aintzat hartzea. Ez naiz nekatzen nire ilobei esateaz beste herrietako umeek, hemengoekin alderatuta, zein gauza gutxi behar duten jolasteko eta janzteko.
– Zure lanak ikusita erretratuak nabarmenak dira…
Gustuko dut jende berria ezagutzea, bizimodu desberdinak, janzteko era ezberdinak… Pertsona baten erretratuak berarekin izan zenuen solasaldia eta momentu onak gogora ekartzen dizkizu, berarekin bizi zenituen uneak.
– Zailtasunik izaten al duzu pertsonei argazkiak ateratzerako orduan?
Orokorrean, ez. Kontu handiz joan behar duzu. Lehenik eta behin, jendearekin hitz egiten saiatu behar duzu, irribarre egin, zigarro edo jateko zerbait eskaini… gero gauzak bila ibili gabe etortzen dira.
– Hainbat gertaera bitxi bizi izango zenituen ibiltari moduan…
Asko. Turkotzat hartu naute, baita arabiartzat ere… Anekdota ez hain xelebreen artean, nire bikoteak Irian Jayan (Papua) izan zuen istripua, trekking ibilbide batean geundela. Tibia eta peronea hautsi zituen eta bueltatu behar izan genuen, 33 eguneko bidaia baten lehenengo astea izanik.
– Zer izan beharko luke bidaia-argazki on batek?
Zuzenekoa eta zerbait kontatu behar du irudi horrek, azalpenik gabe.
– Nora joko duzu zure hurrengo bidaian?
Zerrenda oso luzea da, baina Indiara edo Txinara bueltatu nahiko nuke.
Joseba Zubialde