Kaldereroen konpartsa eta inude eta artzainena Euskal Herriko inauteriarekin lotuta dauden bi ekitaldi dira. Aurten ere kaleak alaituko dituzte, inauteriak bertan ditugula iragarriz.
Kaldereroak otsailaren 22ko arratsaldean aterako dira, eta inude eta artzainak, 23ko goizean.
XIX. mendearen bukaera aldera Donostiako inauterietako konpartsak garaiko ofizioak errepresentatzen hasi ziren. Gurean, Irungo Atsegiñak kaldereroena antolatzeari ekin zion. Inude eta artzaien konpartsaren ohitura, berriz, galdu zen harik eta elkarteak 75 urte bete zituen arte. “Orduan, 1997an, Eraiki Dantza Taldearekin harremanetan jarri ziren urte hartako inauterietan presta-tzeko. Oso gustura ibili ginen eta, ondorioz, 1999tik aurrera ez dugu huts egin”, azaldu du Koldo Ribera taldekideak.
150 partaide
Gaur egun 150 bat lagunek hartzen dute parte; horietako 80 dantzariak dira, eta besteek antzezpenaren per-tsonaia gisa dihardute. “Prestaketa egiteko bilerak irekiak dira; hau da, edonor jantzi daiteke edozein pertsonaiaz, baldin eta garaiko ezaugarriak jarraitzen baditu”, dio Koldok.
Batzuk finkoak dira, beharrezkoak direlako antzezpena egiteko: alkatea, apaiza, medikuak eta erizainak, kasu. Urteen joanean, Eraikik bere jantzitegia aberastu du eta hortaz gero eta gehiago laga egiten ditu; baina gainontzekoak norberak lortu behar ditu, irudimenaz lagunduta.
Lore-saltzaile, okin, litxarreri-saltzaile, kale-garbitzaile, moja, dama dotore, baserritar… eta, jakina, inude eta artzain. Aurten ere desfile koloretsuak Irun alaituko du Udal Musika Kontserbatorioko Bandak lagunduta. Koldo Riberaren iritziz, “konpartsa erakargarri egiten duena haur eta gazteen parte-hartzea da, batez ere. Umore puntuak ere asko alaitzen du jaia. Zabaltza plazako errepresentazioa oso gustuko du jendeak”. Bertan, errepresentazioa lau dantzaren bidez egingo da: lehena sarrerakoa da, bigarrenean inudeek umeak alkateari aurkeztu eta bataiatzen dituzte, hirugarrenean umeei txertoa jartzen zaie, ondoren kontradantza dator eta azkenik, fandagoa eta arin-arina. Hi-tzordua, otsailaren 23an, 12:00etan.
Kaldereroak Irunen
Irungo Atsegiñak 1881ean lehenbizikoz antolatu zuen Hungariako Kaldereroen konpartsa. Harrez geroztik, tarteka atera zuen.
Erregeak, erreginak eta bere bi damek, hartzak, musikariek eta kalderero taldeak osatzen dute tribua. Antzina herriz herri zebiltzan konpontzaileen gisara jantzita, batzuek panderetak darama-tzate, eta besteek zartagin, lapiko, mailu eta antzeko tresnak, kantuen erritmora jotzeko.
Bukaeran, San Juan Harria plazan, ijitoen ezkontza egiten da.
Kantuak Raimundo Sarriegirenak dira. Parte hartzeko entsegua: otsailak, 20, osteguna, 20:00etan, Irungo Atsegiñan.