Maiatzaren 8an amaituko da lanak aurkezteko epea
Zazpigarren edizioa du aurten MusikIrun maketa lehiaketak. Lehen lanak jaso ditu jada Irungo Udalak, eta maiatzaren 8ra arte aurkeztu daitezke. 30 urtetik beherako batez besteko adina duten taldeek edo bakarlariek parte hartu dezakete. Genero edo estilo aldetik ez dago inolako mugarik. Irun.org/gazte web gunean edo CBA kultur gunean dagoen Gazte Informazio Bulegoan egin daiteke izen ematea. Bi eta bost abesti artean aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, originalak musikari eta hitzei dagokienez.
Sei talde aukeratuko ditu epaimahaiak, eta finalerdietan joko dute. Binaka eskainiko dituzte emanaldiak, maiatzaren 20an eta 27an, eta ekainaren 3an. Estebenea jatetxean izango dira kontzertu guztiak. Aurten, berritasun gisa, finalerdiak bideoz grabatuko dituzte. Finalerdi bakoitzetik talde bat aukeratuko dute, hiru guztira, finalean parte hartzeko. Sanmartzialen atarian izango da finala, ekainaren 17an, Urdanibia plazako eszenatokian. Egun horretan, talde ezagun batek joko du finalisten ondoren. Oraindik ez dute haren izenik eman. Hala ere, nazioartean ezaguna dela baieztatu du Iñaki Abuin Phantom Studios-eko arduradunak: “Uste dugu oso ondo funtzionatuko duela. Estilo asko jorratzen ditu, oso irekia da”.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaiko kidea izango da Iñaki Abuin. Gainerakoak: Lady Red promotorako Gemma Gonzalez, Olga Grande Los 40 irratiko esataria, Xabier Mendiluze gitarra jotzailea (Alex Ubago, El Canto del Loco, El Sueño de Morfeo), eta Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkari bat. “Bakoitzak bere ikuspuntua izango du”, adierazi du Gemma Gonzalezek. Irabazleak bost kantuko miniLP bat grabatu ahal izango du. Bigarrenak, bost abestiko maketa, eta hirugarrenak, hiru kantuko single-a. Interneten boto gehien jasotzen duen taldeak, musika materiala erosteko 400 euro jasoko ditu.
“Iaz 60 parte hartzaile izan ziren, inoiz baino gehiago”
Iñaki Abuin, Phantom Studios
“Gero eta zailagoa izaten da emakumez osatutako taldeak, edo emakumezko taldekideak aurkitzea”
Gemma Gonzalez, Lady Red
Gero eta parte hartzaile gehiago izan ditu MusikIrun Maketa Lehiaketak azken urteotan. “Iaz 60 izan ziren, inoiz baino gehiago”, zehaztu du Iñaki Abuinek. Euskal Herriko leku ezberdinetatik, eta estatuko zenbait tokitatik etorri izan dira taldeak. Aurten, hori dela eta, Irunen jotzera etor daitezen, “dieta ekonomikoak” emango dituztela baieztatu du Abuinek. Taldearen jatorriaren arabera zehaztuko dituzte kopuruak. Bertako eta kanpoko taldeei gonbidapena luzatu diete. Lady Red-eko Gemma Gonzalezek, emakumeei dei berezia luzatu die: “Urtero-urtero, gero eta zailagoa izaten da emakumez osatutako taldeak, edo emakumezko taldekideak aurkitzea”. Pausoa emateko aukera aproposa dute MusikIrun maketa lehiaketan.