“Santiago auzoa berezi egiten duena bertako jendea da”

Jesus Laguardiaren auzoaren historiari buruzko liburua Behar Bidasoa GKEri laguntzeko argitaratu da

Jesus Laguardia Santiago auzora bizitzera joan zenean, “nork bere inguruari buruz duen jakin-min naturalak” bultzatuta historian aztarrika egiteari ekin zion. Lan mardula apailatu du, eta irabaziak egilea zilbor-hestez lotuta dagoen beste auzo baten alde izango dira: Ruandako Kabuga, Behar Bidasoa GKEri esker sekulako garapena ezagutu duen herrixka.

santiago la bañerantitled-1

Behar Bidasoak argitara eman duen lanak Historia y anécdotas del entorno de la marisma. Barrio de Santiago. El Bule izena du. El Bule azpititulua jarri diot gaur egun 50 urte inguru dituzten belaunaldiko bizilagunak kaleari horrela deitzen hasi zirelako”, azaldu du egileak.
400 orrialdez osatu eta 200 irudiz ilustratu da liburua, eta bertako bizilagunak ditu ardatz eta helburu nagusi. Zerbait berezia duen auzo batekiko kidetasun sentimendua indartzea izan du xede. Berezi egiten duen zera hori jendea da, hain zuzen ere.
Lan historikoa, urbanistikoa, etnografikoa eta soziologikoa da. Laguardiaren esanetan, “Santiago duela 150 urteko immigrazioaren emaitza da. Jende guztiz xumea zen, lanak erakarrita Irunera etorri zena. Etxeak horren ispilu dira”.

santiago kalea Untitled-1
Lotura urarekin
Yrun-Uranzu izenaren etimologia “ur tokia” da, Jose Antonio Loidi ikertzailearen aburuz. Toponimotik abiatuta, bertako biztanleek urarekin betidanik lotura estua izan dutela azaltzen du Jesus Laguardiak. Santiagoko auzotarrak horren adibide argia dira. “Ura baliatu dute, ura traba eta aukera izan da, uretan jolastu eta gozatu dute mendeetan zehar”.
Ibilbide historikoak Aiako Harriaren sorrera geologikoa du abiapuntu, erromatarren garaia eta Santiagoko portua ere ditu hizpide, bai eta, jakina, meategien garrantzia eta Erdi Aroko marea-errotak ere, besteak beste.
XVIII. mendera arte Santiago ez zen kale bat, are gutxiago auzo bat. Mende haren bukaera aldera Beraungo muinoraino iristen zen ibaiertz haren inguruan pixkanaka  hasi zen kalea itxura hartzen. Istillagoko ubideko hormaren eraikuntza eta Santiagoko kaia hobetzeko lanak kalearen jaiotzaren berebiziko oinarriak izan ziren.

santiago 3 trainerillatled-1

Biztanleak
Liburuaren atal luzea osatzen du bertako bizilagun eta pertsonaiei eskainitakoak. Jose Miguel Alzaga Mangancha, gizon txantxalaria; Rafael Alsua, futbolari ospetsua; Alonso Danborraria, bandoak irakurtzen zituena; Primitivo eta Marimi Azpiazu aita-alabak, Bandako zuzendaria eta zenbait polken konpositorea aita, harpa-jotzaile fina alaba; Emilio Gutierrez, barkillo-saltzailea; Emilio Navas, udal idazkaria; Ascencion Michelena, piano irakaslea…
Halaber, familia ugari eta haien ogibideak aipatzen ditu: Gaztelumendi taberna ospetsua ireki zutenak, auzoan okindegia zuten erauskindarrak, Etxepare arotzak, Ugarte gabarrariak…
Azkenik, Santiagoko negozioak eta saltokiak ekarri ditu liburura: hondar bilketa, sagardotegiak, larru fabrika, sifoiena, Arinaren ileapaindegia…

la foto(1)

Arrauna

XX. mendean kirol arrauna tarteka agertu eta desagertu egiten zen, harik eta Santiagotarrak 1965ean sortu eta lekukoa hartu zuen arte.
1918an lauko batela eratu zen, “Batel Touring Club” izenekoa. Santiago auzokoen batelak 1930ean parte hartu zuen estropada batean estrainezkoz. Handik bost urtera lehenengo trainerua osatu zen. Gerrako etenaldiaren ondoren, 40koen bukaeran Ugarte anaiek batel bat konpondu eta harekin Espainiako batel txapelketa irabazi zuten 1950ean. Bost Lagun eta Jostallu izeneko koadrilek ere hamarkada hartan ekin zioten lanari.
Santiagon hainbat estropada antolatzen ziren.
Liburua eskuratzeko: 943 620964

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude