Aurreko artikuluan aipatu genuen bezala, hezkuntza positiboaren helburua pertsona autonomo eta seguruak egitea da. Beraz, orain sortu zaigun galdera hauxe da: nola bideratu haur eta gazteen segurtasuna eta estimua?
Carl Rogersek, pertsonengan zentratutako terapiaren egileak, segurtasuna, estimua eta eguneroko gatazkak gainditu ahal izateko hiru eremu azpimarratu zituen:
• Sentimenduak eta emozioak ahalbideratuko duten harremanak izateko aukera
• Baldintza gabeko maitasun eta estimua izateko aukera; hots, gu geu garen bezala onartzea eta baloratzea
• Enpatia, beste pertsonak edo egoerak sentitzeko eta ulertzeko gaitasuna
Gure erlazioei begiratzen badiegu, ikus dezakegu baldintza hauek funtsezkoak direla, baina zenbaitetan gure bizimodu azkarrak ez digula aukerarik ematen gaitasuna nahi bezala lantzeko. Bestalde, hezkuntza-komunitateak (familia, eskola, herria…) oinarri hauek sustatu beharko lituzke, ezta?
Gaur egun guraso eta irakasle anitzen ahotan honako ideia eta kontzeptu ezagunak daude: emozioak, gatazkak, autoestimua, ardura, autonomia…. Baina ba al dugu eredurik, biderik, laguntzeko? Ala eredu berriak sortu nahi izan ditugu praktika zaharretatik abiaturik?
Behatza: mehatxuen ereduan
Emozioak ukatu egiten ditugu: ez haserretu, ez triste egon, beldurrik edo negarrik ez…
Ez ditugu haurrak haien emozio edo sentimendu guztiak amaitu arte entzuten. Gure emozioek haienak moztu egiten dituzte.
Haurraren jokaera desegokia ikusten dugu, eta haren akats guztiak.
Gatazketan epaile jokatzen dugu, ea nor hasi den lehenago azpimarratuz. Egin dutena hartzen dugu kontutan bakarrik, eta egindakoaren arabera zigorra bilatzen dugu
Ez da erraza, nire esperientzia pertsonalari esker ongi dakit nik neuk ere. Horregatik, helduok modu positiboan hezteko (eskuak zabalik) erreferentzia berriak behar ditugu:
“ESKUAK ZABALIK”: emozioak onartzen, ulertzen eta erregulatzen irakastea haurrei
Ikusi, entzun eta sentitu duena esan dezala. Mikelek laguntzeko esan zidan eta, ni hasi nintzenean, zein gaizki erakusten nuen esan zidan; nik, berriz, tuntuna zela esan nion…
Bere sentimenduekiko hipotesi bat egitea: gogorra izan behar du lagundu nahi eta besteak zure ahalegina ez baloratzeak, ezta?
Sentimendua ekintzatik banatzea. Normala da egoera horretan haserretzea, baina beharbada tuntuna deitzea ez zen egokia izan, ezta? Harentzat mingarria ere izan zitekeen.
Emozioak entzuten eta onartzen ditugun heinean pertsona emozionalki konpetenteak egiten ari gara. Izaki emozionalak gara eta guztiok badugu adimen emozionala izeneko gaitasun eraginkor bezain erabilgarria. Erabilgarria diogu, maila sozial eta afektiboan ongi moldatzeko eta zoriontsu sentitzeko ezinbestez garatu beharrekoa baita. Arlo emozionalean konpetentea denak, ongizate afektibo eta sozial handiagoa izateaz gain, eremu profesionalean arrakasta gehiago izan ohi du, eta osasuntsuago ere bizi da.
Gaurkoan Carl Rogersek aipatutako oinarrizko baldintzen laburpen edo gogoeta zabaldu dugu, eta hurrengoan haur eta gazteak baloratzeko erreferentzia positiboak aztertzen saiatuko gara. Izan untsa!!!
MAPI URRESTI ORTIZ
KUTTUN aholkularitza psikopedagogikoa