Sagrario Arrizabalagak eta Lourdes Odriozolak Historia de Irun liburura
historiaurretik gaur egunera arteko kondaira ekarri dute. Egileen aburuz, mugan egoteak egin du Irun ezberdin, pentsaera berrien jarioek igarotzen zuten atea izaki.
Frantzisko Gaintza, Serapio Múgica eta Luis de Uranzu izan dira Irungo historiaren inguruan idatzi duten egileak. Lan hauek, ordea, partzialak dira. Obra berriena Aitor Pucherena da, non gertaera nagusien panoramika jasotzen baitu. “Izen horiei Sagrario Arrizabalagarena eta Lourdes Odriozolarena gehitu behar zaie orain”, esan zuen Jose Antonio Santano Irungo alkateak. 2000. urtean Udalak lehiaketa bidez enkargu potoloa esleitu zien eta berriki plazaratutako lana da emaitza, alkatearen esanetan “gure historia aberats eta konplexua” laburbiltzen duena. “Europako historiak markatutako historia da gurea, baina, aldi berean, Bidasoko txoko honetan gertatutakoek ere”.
Bost atal
Liburua bost ataletan banatuta dago. Ikerketak historiaurrea du abiapuntu eta lurraldearen inguruko lehenengo urratsak jorratzen dira. Ondoren, erromatarren garaiko hiria da hizpide. Liburu klasikoetara eta indusketa arkeologikoetara jotzen dute, Oiassoren lehen erreferentzien bila. Erdi Aroari dagokion atala XV. mendera arte luzatzen da, eta hortik aurrera Aro Modernoa hasten, Hondarribiarengandiko independentzia lortzeko borroka hari nagusia izaki. Aro Garaikidea abian hasten da 1766an, askatasuna erdietsi zuen urtean, hain zuzen ere. Sagrario Arrizabalagak auziak XV. mendearen erdi aldera hasi zirela azaldu zuen, “Irun indar handiko herria zelako eta independentzia nahi zuelako kosta ahala kosta. Gatazkak 1840ra arte iraun zuen, hots, 300 urte”.
Lourdes Odriozolak Irunen Gipuzkoako artxiborik jorienetakoa dugula azpimarratu zuen. “Probintziako herri gutxitan egin daiteke horrelako lan bat”, erromatarren garaitik gaur egunera arte.
Irun is different
Historia instituzionalaz harago, egileek alderdi sozialari ere garrantzia eman diote. Ezberdinak garela da ondorio nagusietako bat. “Irunen kokalekuak baldintzatu du bere historia: Europako atea izan zen, baina beste merkatu mota batzuetakoena ere bai. Hala, irekieraren aldeko ideiak gailentzen ziren Irunen eta Donostian; Gipuzkoan, ordea, kontserbatzaileak ziren, foruen defendatzaileak”. Mugan egoteagatik jende askoren pasabide eta helmuga izan dela nabarmendu zuten. “Eredugarria izan da nola jakin izan duen egokitzen eta hiriaren onurako izan litekeena hartzen”. Eta hondamendia gertatu denean? “Hori askotan gertatu da Erdi Aroaz geroztik, baina bere errautsetatik berpizteko bidea aurkitu du beti”.
Historia de Irun liburuak 573 orrialde ditu eta 750 ale inprimitu dituzte.
Lana salgai dago jada SAC-HAZen, Udal Artxiboan, Turismo Bulegoan eta Oiasso Museoan.
Prezioa: 25 €