Eli Olaskoaga sexologoa. “Gazte asko harreman koitalak edukitzera presionatuta sentitzen dira”

Hirusta Kolektiboko kide, 1992tik heziketa afektibo-sexualaren alorrean garatzen du bere lana. Zenbait ikastetxetan nerabeei zuzendutako saioak prestatzen ditu, informazio egokia jaso dezaten. Horrela, kulparik, lotsarik eta presiorik gabe bizi ahal izango dute sexualitatea.

ELI789

– Zer da sexualitatea nerabeentzat?
Guk jaso dugun eredu berbera dute: genitala eta koitala. Neskek neurri handiago batean lotzen dute maitasunarekin, baina mutilentzat haragi kontu bat da.
Gure helburua da sexualitatea plazerrean oinarritzen dela zabaltzea, eta horretarako, ez ditugu soilik genitalak, gorputz osoa baizik.
Koitoak ez du zertan beti helburua izan behar; garrantzitsuak dira, esate baterako, maitasun adierazpenak.
Saiatu ere saiatzen gara helarazten sexualitate mota ezberdinak badaudela, norberaren gustuten araberakoak, ez bakarrik heterosexuala, koitala eta genitala.
– Nondik jasotzen dute informazioa?
Beharbada gaininformazioa edo desinformazioa dute. Dakitena beraien artean hitz egiten dutena edo pelikuletan ikusitakoa da. Iturri horiek ez dira askotan egokienak. Hitz asko ikasi dituzte, klitorisa, esaterako, baina oso gutxik dakite zer den eta zertarako.
– Nesken eta mutilen rol tradizionalak bere horretan mantentzen dira?
Bai, rolak oso markatuta daude. Neskek sexudunak direla adierazten badute edo ikasteko gogoa edo sexu-harremanak badituzte, orduan fama txarra dute. Mutilek, berriz, zenbat eta harreman gehiago eduki, orduan eta gizonago dira.
Sexu-organoei dagokienez, neskek zikina den zerbait balitz bezala ikusten dute, ezkutatu behar dena eta erru sentimenduaren iturri dena. Mutilek, ordea, miresten dute euren zakila.
– Zein dira uste faltsu nagusiak?
Hilekoarekin zaudenean maionesa egiten baduzu mozten dela, txortan zutik eginez gero ez dagoela haurdun geratzeko arriskurik, ez eta hilekoa duzunean ere, zakilaren tamainak garrantzia handia duela plazerra eragiteko orduan…
Mutilek garrantzia handia ematen diote kantitateari (harreman kopurua…) eta neskak ere ematen hasiak dira (titi handiak…).
– Lehenengo harreman koitala gero eta gazteago izatea da joera. Zergatik?
Eredu koitala oso markatuta dutelako eta asko eta asko presionatuta sentitzen direlako lehenbailehen harremanak izateko. Txostenek diotenez, 15 urteko nerabeen %20k harreman koitalak eduki ditu. Garai batean dena tabua eta errepresioa zen, orain beste muturrera pasa gara. Horrek arriskuak dakartza: haurdunaldiak, patologia sexualak (anorgasmia, eiakulazio goiztiarra…).
Ereduaren presioaren eraginez, orgasmo asko bilatzen dituzte, perfekzioa nahi dute eta horrek blokeoa ekar lezake. Arazoa da asko ez daudela oraindik prestatuta, eta horregatik harremanak sarri ez dira kalitatezkoak; hau da, mina dute, biharamuneko pilula hartu behar dute…
Honek guztiak arriskuak dakartza: haurdunaldiak, patologia sexualak (anorgasmia, eiakulazio goiztiarra…).
Guk zabaltzen diegu harremanak mila modutan eduki daitezkeela eta inportanteena konpartitzea dela.
– Zer aholkatzen diezu gurasoei?
Ez da prebenitzeko lan egiten. Pentsatzen badute sexualitatea ona dela, hori transmititu behar diete. Gurasoen artean eta seme-alabekin modu naturalean hitz egitea komeni da. Sexualitatea osasuntsua da, esperimentatzeko da, bizitzeko, betiere errespetuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude