Asexora-T: berdintasunean eta errespetuan oinarritutako kalitatezko sexu heziketa baten alde lanean

Asexora-T zerbitzuaren bitartez sexualitatea konfiantzan, errespetuz eta aniztasunean lantzeko espazioa eskaintzen du Irungo Udaleko Gazteria arloak. Hiriko gazteei zuzendutako zerbitzua da eta beraiengana iristeko hainbat ekintza, formakuntza eta esku-hartze antolatzen dituzte. Maialen Dorronsoro Asexora-T zerbitzuko sexologoak eskaintzaren nondik norakoak azaldu ditu.

Berez, hiriko gazteei zuzendutako zerbitzua izan arren, haur eta gazteen bizitzetan modu batean edo bestean parte hartzen duten pertsonei babesa ematen die ere Asexora-Tk. Esaterako, tutoreei, hezitzaileei, eragile sozialei eta Irungo haur, gazte eta nerabeekin lan egiten duten elkarteetako kideei ere laguntza ematen die. Maialen Dorronsorok azaldu duenez, “gure esku hartzearen foku nagusia haurrak eta 25 urte arteko gazteak dira, baina edozein kontsulta erantzuten dugu”. Dena den, haien inguruan dauden pertsonekin ere lan egitearen garrantzia azpimarratu du, arreta globalagoa eta zabalagoa eskaini ahal izateko.

Zerbitzuaren helburu nagusia da berdintasunean, eta errespetuan oinarritzen den sexu heziketa bat eskaintzea. “Horrela esanda, erraza dirudi, baina gauza asko sartzen  dira hor barruan”, adierazi du Maialen Dorronsorok. Haur eta gazteen ongizatea helburu izanda, zerbitzuak beren zoriontasuna erraztu nahi du eta Dorronsorok aipatu duenez, sexualitatearen arloa lantzea ezinbestekoa da horretarako.

Hortaz, informazioa da ezezaguna denari aurre egiteko tresnarik ahaltsuena. Maialen Dorronsorok adierazi du prebentzioari garrantzi handia ematen diotela: “Hobe da gauzak ekiditen saiatzea, hanka-sartzeak konpontzen saiatzea baino”. Hala ere, sexualitatearen ikuspegi zabalagoa dute, gazteez gain, haurrekin ere zer landua izateko, esaterako, beraiekin identitatea, emozioen ezagutza, errespetuzko edo berdintasunezko harremanak txikitatik jorratuz. Horrela, data jakin batzuetan, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean, adibidez, lanketa bereziak egiten dituzte, Maialen Dorronsorok aipatu duenez “oraindik lan asko baitago egiteko”.

Erantzun gabeko galderik ez

Asexora-T zerbitzuan askotariko galderak erantzuten dituzte. Zerbitzuko sexologoak azaldu duenez, galdera egiten duen pertsonaren arabera, kontsultaren gaia oso ezberdina izan ohi da. Gurasoen kasuan, ume txikiak dituztenean askok identitatearekin lorturiko galderak dituzte. “Seme-alaba nerabeak dituztenen kasuan berriz, askok, sexualitatearen inguruan noiz eta nola hitz egin behar den galdetzen dute”, adierazi du Dorronsorok. Gazteen artean ere, kontsulta gaiak adinaren arabera bereizten dira. “Gaztetxoagoek ligatzeko teknika eta moduez galdetzen dute eta helduagoak direnek, berriz, harremanean sortzen diren arazoez edo praktika jakin batzuen inguruan galdetzen dute.

Maialen Dorronsorok azpimarratu duenez, funtsezkoa da jendea kontsultak egitera hurbiltzeko konfiantzazko espazioa eskaintzea. “Sexologo bezala kontziente gara zaila egiten dela askotan pausua ematea”, azaldu du Dorronsorok. Horrela, zerbitzua Martindozenea Gaztelekuaren barnean egoteak asko laguntzen duela aipatu du. “Gazteek jada ezagutzen naute eta non nagoen jakinda, errazagoa egiten zaie edozein momentutan niregana etortzea”.

“Gazteak guregana hurbiltzen direnean eroso sentitzea nahi dugu, espazio ezezagun batera beldurtuta etorri ordez”

Maialen Dorronsoro, Asexora-T zerbitzuko sexologoa

Bestetik, kontsultak askok uste dutena baino informalagoak izan ohi direla aipatu du. “Kontsulta bat egiteko ez duzu arazo larri bat izan behar”, azpimarratu du Dorronsorok. Beraz, gauza edo kezka txikiak ere kontsultagaiak izan daitezke. Gainera, kontsultara hurbiltzeko ez da beharrezkoa bakarrik etortzea, koadrilan, lagunekin taldean edo bikotearekin hurbiltzeko aukera ere ematen da. “Gazteak guregana hurbiltzen direnean eroso sentitzea nahi dugu, espazio ezezagun batera beldurtuta etorri ordez”, erantsi du Maialen Dorronsorok.

Horrela, zalantzak argitzeko bide ugari eskaintzen dira, bakoitzak erosoen zaiona aukera dezan. Kontsultak aurrez aurre edo modu telematikoan egin daitezke. Horretarako, zerbitzuaren erabiltzaileek 633 610 507 telefono zenbakira deitu edo asexorate@irun.org helbide elektronikora idatz dezakete hitzordua hartu edo zuzenean kontsulta egiteko. Sexologoak aipatu duenez, urrunetik egiten diren kontsulta asko gero aurrez aurreko kontsulta batean amaitzen dira, jada konfiantzazko harreman bat sortu delako. Gainera, Maialen Dorronsorok aurreratu duenez, Asexora-T zerbitzua San Juan plazaren azpian eraikitzen ari den espazio berrian kokatuko da eta bertan zerbitzua eskuragarriago egongo dela uste du, jendeari bertara hurbiltzea errazagoa izango zaiolakoan. “Hori baita gure helburua, gazteentzat eta herriarentzat behar dutenean gu hor egotea, behar dituzten baliabideak eskura jartzeko”.

Mitoetatik urrunduz

Oraindik asko dira gizartean sexualitatearekin loturik errotuta dauden mitoak eta uste okerrak. Maialen Dorronsorok adierazi duenez, zaila da horiek guztiz ezabatzea, “askotan eta leku ezberdinetan etengabe errepikatzen diren gauzak direlako”. Hain zuzen ere, zenbat eta informazio iturri gehiago, orduan eta konplexuagoa bihurtzen da egitekoa. Horregatik, Maialen Dorronsorok azpimarratu du, oso garrantzitsua dela informazio iturri fidagarriak bereizteko gaitasuna lortzea, horrela errazagoa izango baita benetakoa ez den informazioa lehenbailehen detektatzea eta baztertzea. “Mito hauen ondorioz espektatiba eta konparazio asko dauzkagu gure buruan sarturik”, gaineratu du sexologoak. Gainera, gaur egun sare sozialetatik informazio oker horien zabalpena kontrolatzea asko zailtzen da.  Maialen Dorronsorok azaldu duenez, “lan handia dago aurretik, baina zorionez gizartea pixkanaka aldatzen ari da”.

“Mito hauen ondorioz espektatiba eta konparazio asko dauzkagu gure buruan sarturik”

Maialen Dorronsoro, Asexora-T zerbitzuko sexologoa

Beraz, sexualitateari ahotsa ematen jarraitzea garrantzitsua da, pixkanaka uste okerrei lekua kentzeko. Maialen Dorronsorok aipatu duenez, oro har, gizartean gero eta gehiago hitz egiten da gizartean sexualitateaz. Hala ere, gaia nola eta zein testuingurutan lantzen den begiratu behar da. “Lagunekin broma artean sexuaz hitz egitea ondo dago, baina gizartean gaia modu irekian lantzea beste kontu bat da”, gaineratu du sexologoak. Hortaz, oraindik ere lana dago sexualitateak tabu izateari uzteko.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude