AsexoraT: errespetuan, hausnarketan eta osasunean oinarritutako sexu-heziketa baten alde

Ikasturte berria hasierarekin batera, Sergio Javier Gazteriako ordezkariak  Martindozenea gaztelekuan izan da gaur goizean AsexoraT, hiriko gazteei zuzendutako aholkularitza sexual eta afektiboarako zerbitzua aurkezteko. GazteARTEan Irungo Udalaren Gazteria arloak nabarmendu duenez, errespetuan, hausnarketan eta osasunean oinarritutako sexu-heziketa bat lantzearen aldeko apustua egin da, nerabeen eta gazteen garapenerako funtsezko pieza bat baita.

Zerbitzuak 27 orduko iraupena izango du. Asteko ordu guztietaz gain, urteroko 90 ordu eskainiko dira interbentzio, aholkularitza edota formakuntzara zeinen konplexutasunak aholkulari bat baino gehiago behar duen. Kontratuak bi urteko iraupena izango du 80.402,45 (BEZa barne) euroko zenbatekoarekin.

Ordezkariaren hitzetan, «oinarrizkoa iruditzen zaigu, are gehiago gaur egun, horrelako zerbitzu bat eskaintzea. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu gazteen sexualitate atsegingarri eta integratu baten garapena, eta haien eskura jartzea beren burua ezagutzeko eta den bezala onartzeko behar dituzten baliabide guztiak. Azken batean, konfiantzan, errespetuan eta dibertsitatean oinarritutako sexualitate bat eraikitzeko espazioak eskaini nahi ditugu».

Kontratua berriki esleitu zitzaion Maialen Dorronsoro sexologoari, eta bera arduratuko da sexualitatearen inguruko zalantzak argituko dituen zerbitzu horretaz datozen bi urteetan. Horretarako, konfiantzazko espazio bat eskainiko du beti, eta Irungo nerabe eta gazteen artean harreman osasungarriak eta errespetuzkoak bermatuko. Gakoetako bat ingurune digitaleko heziketa sexual eta afektiboa lantzea izango da, eta nerabe eta gazteei sare sozialak egoki erabiltzeko jarraibideak ematea.

Gazte eta nerabeei zuzeneko arreta emateaz gain, AsexoraT erreferentziazko zerbitzua izango da sexualitatearen inguruko aholkularitza, orientazioa eta babesa emateko guraso edo tutoreei, hezitzaileei, eragile sozialei eta Irungo haur, gazte eta nerabeekin lan egiten duten elkarteetako kideei.

Horrez gain, AsexoraT-k hiriko haurtxoko eta gaztelekuekin batera egiten du lan, GazteARTEan-en kanalen bidez (webgunea, sare sozialak, WhatsApp, etab.) iristen diren aholku-eskaera guztiei erantzuteko.

Ikasturterako programa bat osatuko da, sexualitateari buruz sentsibilizatzeko topaketak, hitzaldiak eta jarduerak bilduta, eta adin-talde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.

AsexoraT-ri buruzko informazioa eta zerbitzu guztiak webgunean kontsultatu daitezke dagoeneko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude