Jarraipena izango du Asexoratek

Sexu heziketa eskainiko du Gazteria arloak, tailerren eta aholkularitza zerbitzuaren bidez

Irungo Udaleko Gazteria arloak 2015ean jarri zuen martxan Asexorate programa. Hezkuntza eta aholkularitza sexuala eskaintzeko helburuarekin, tailerrak eta zalantzak argitzeko modu ezberdinak prestatu zituen, Itsaso Carrizo sexologo eta psikologoaren laguntzarekin. Joan den urtean izandako emaitzen ondorioz, 2016an ekimenari segida ematea erabaki dute arduradunek. “Sexualitatea modu libre eta positibo batean bizitzeko heziketa alternatiboa proposatzen dugu”, azaldu du Itsaso Carrizok. 00031250

Bi lan ildo izango ditu Asexorate programak. Batetik, bost tailer eskainiko dituzte, apiriletik aurrera, Martindozenea Gaztelekuan. Sexualitatearekin lotutako gai ezberdinak landuko dituzte: Antisorgailu egokiaren bila, Adimen sexuala, Lehenengo harreman sexual eta afektiboak, Heziketa sexual osasuntsua eta Bikote harreman afektiboak. Gaiak adinen arabera sailkatu dituzte. “Gazteenen zalantzak, lehen harreman sexualei buruzkoak izaten dira. Ez dute dibertsitateari buruz, edo orientazio sexualari buruz galdetzen. Gai horiek beranduago etortzen dira, lehen probak eta abenturak egin ondoren”, argitu du Itsaso Carrizok.

“Gazteenen zalantzak lehen harreman sexualei buruzkoak izaten dira”
Itsaso Carrizo, sexologoa

Sexualitatearen inguruan oraindik presente dauden mitoak, beldurrak eta jarrera desegokiak baztertu nahi dituzte. “Gazteen autonomia sustatzeko eta sexualitatearen inguruan erabakiak hartzeko baliabideak eskainiko ditugu”, baieztatu du Josune Gomez Irungo Udaleko Gazteria arloko ordezkariak. Tailerrak dinamikoak izango direla azaldu du horiek gidatuko dituen sexologoak: “Ez dira hitzaldi hutsak, ezta gutxiago ere. Mugitu beharra dago, iritziak eman beharra dago, etab. Tailer interaktiboak dira, parte hartzaileek jendea ezagutzen dute, ondo pasatzen dute, eta batez ere, asko ikasten dute”.

Tailer dinamikoak direlako, hain zuzen ere, parte hartzeari uko egiten diote gazte batzuek. Lotsa “ohikoa” dela onartu du Carrizok. Horregatik, aholkularitza bide ezberdinak proposatzen dituzte. Hilabetean behin, aurrez aurreko aholkularitza saioa eskainiko du Itsaso Carrizok CBA kultur gunean dagoen Igazte gazte informazio bulegoan. Martxoaren 18an izango da lehenengoa, ostiralarekin, 17:00etatik 19:00etara. Saio horietan, gazteak taldeka hurbiltzen direla aitortu du sexologoak. Joera horren ondorioen berri eman du: “Normalean, koadrilako ausartenak hitz egiten du, eta lotsatiena isilik gelditzen da”.

Aholkularitza jasotzeko hainbat bide

Aurrez aurreko aholkularitzan eroso sentitzen ez direnentzat, posta elektronikoaren, telefonoaren edo whatsapp aplikazioaren bidez galdetzeko aukera ere ematen die Asexorate programak (igazte@irun.org, 943 505 444, 607 771 173). “Berdin du aukeratutako bidea zein den. Garrantzitsuena zalantzak argitzea da. Aholkularitza indibiduala eta guztiz konfidentziala eskaintzen dugu”, azpimarratu du Carrizok. Ideia horrekin, Bota zure galdera kanpaina martxan jarriko dute aurten ere. Postontzi bat, eta galderak egiteko orriak jarriko dituzte Igazte bulegoan. Idazten duenaren adina eta sexua besterik ez dituzte eskatuko. Galderen erantzunak mural batzuetan idatziko dituzte, eta Igazten itsatsiko dituzte, interesa duenarentzat eskura egon daitezen.

“Gazteak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko zerbitzu pribilegiatua da Asexorate”
Josune Gomez, Gazteria arloko ordezkaria

Sexuen berdintasuna landu behar da. Sexualitatearen erabileraren aurrean, gazteak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko zerbitzu pribilegiatua da Asexorate”, nabarmendu du Josune Gomez Gazteria arloko ordezkariak. Itsaso Carrizok, berriz, deialdi zabalagoa egin du. “Gurasoen posta elektronikoak jaso ditut”, onartu du: “Gehienetan seme-alabei buruz galdetzen dute, baina beraien zalantzak argitzera ere animatuko nituzke”. Gurasoez gainera, heziketa sexualean interesa izan dezakeen beste kolektibo bat irakasle edo hezitzaileena da. Udazkeneko saioetan aholkularitza saioetara hurbildu ziren bakar batzuk, eta ezusteko atsegina izan zirela adierazi du Itsaso Carrizok. Edonork izan ditzake sexualitateari buruzko zalantzak, eta horiei erantzuna ematen saiatzeko tresna da Asexorate programa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude