Euskadiko Txapelketarekin estreinatu zen Puianako Trialsin parkea

Irungo kirolariek badute irribarre egiteko beste arrazoi bat; izan ere, maiatzaren 25ean ireki zen puntako beste kirolgune bat hirian, trialsin parkea, hain zuzen. Gainera, ez zen edonola estreinatu, Euskadiko Trialsin Lehiaketaren lehen probarekin inauguratu baitzen. Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatutako Txapelketan goi mailako kirolariek parte hartu zuten, eta, haien artean, mundu mailako espezialista onenetariko batzuk.

Fernando Areitio Gipuzkoako Trialsin Federazioko kideak azaldu zuen moduan, “gaur Irunen IMAG0789nazioarteko maila duten kirolari euskaldun batzuk ditugu gure artean. Horien adibide bat Diego Barrio Munduko Junior Txapelduna izan zena da, bai eta Gorka Susperregi eta Jon Areitio hondarribiarrak ere, besteak beste. Lehenengoa Munduko Kopako probatan final laurdenetan ari da sailkatzen. Bigarrena bosgarren postuan dago Munduko rankingean, eta pasa den urtean laugarren amaitu zuen Munduko Txapelketan”.

Areitioren hitzetan, “esan dezakegu orain denboraldiaren hasieran daudela, eta horregatik etorri dira hona, entrenamendu gisara. Beren indarra neurtuko dute, eta normala dena baino apur bat gehiago arriskatuko dute, bakoitza noraino iristen den jakiteko, gero txapelketa handietan gehiegi arriskatzea ez delako komeni”.

50 lagun, 7 kategoria

IMAG0784Irunen burutu zen proban trialsineko zazpi kategorietako ordezkari zenbait egon ziren: hastapenekoak, benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, juniorrak eta elitekoak. Guztira berrogeita hamar lagun inguru lehian ibili ziren; baina, Juanjo Garagarza Irungo Txirrindulari Elkarteko lehendakariak azpimarratu zuenez, “norgehiagoka hau irabazteak ez du gehiegizko garrantziarik; lehiaketa antolatu dugu trialsin diziplina Bidasoako eskualdean sustatzeko, eta gaur jaio berri den parke honi harrera ona emateko”.

Eta Garagarzak arrazoi zuen: egun hartan protagonista nagusia behin betiko trialsin zirkuitua izan zen. Puianako lursail batean eraiki da, Ospitale kalean, zehatzago esanda, Eskualdeko Ospitalearen ondoan dagoen lur eremu batean, eta Gipuzkoako Federazioaren teknikariak izan dira parkearen diseinatzaileak .

Parke naturala

Fernando Areitio ibili da horien buru, eta berak aurkeztu zituen zirkuituaren nondik norakoak. IMAG0810“Estatu mailan aurki ditzakegun trialsin parkeak ez dira naturalak. Hemen, ordea, egin nahi izan duguna naturala da. Orain ikusten duguna harriz jositako zirkuitua da, baina ez dago bukatua, eta aurrerago enbor gehiago sartzeko asmoa dugu. Nire iritziz parke polita da, inguruan ongi txertatua, eta teknikoki primerakoa. Daukagun lur eremua daukagula, handitu egin nahi genuke zirkuitua, eta pentsatua dugun guztia egiten badugu, estatuko onenetarikoen artean egongo da, zalan-tzarik gabe”.

IMAG0797Parkearen diseinua munduko txapelketetakoen antzekoa da. Irungo Txirrindulari Elkartearen lehendakariak iragarri zuenez, “urte gutxitan agian hemen Mundu Kopako proba bat antola genezake. Baina pausoz pauso joango gara: lehenik eta behin zirkuitua ireki dugu, Euskadiko Txapelketaren proba bat eginez; gero, estatu mailan mugitu beharko dugu, eta etorkizunean ikusiko dugu zer egiteko gai garen”. Behintzat, inguruetako trialsineko kirolariek badute non entrenatu. Goza dezatela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude