Asobal Ligako itzulera ez da batere erraza izaten ari Fernando Bolearen mutilentzat. Denboraldia hasi zenez geroztik, lesioak eta zorte txarra bidelagun, puntu bakarra eskuratu dute bidasoarrek. Berandu baino lehen, jokalariek buelta eman nahi diote bizi duten egoera txarrari. Horretarako, Milos Milosevic serbiarra fitxatu du Bidasoak, alboko izan dadin.
Liga hasiera gorabeheratsua izan du Bidasoak. Gorputz teknikoak eta jokalariek bazekiten Ohorezko Mailan aritzea eta kategoria mantentzea ez zela lan erraza izango. Are gehiago, bazekiten arantzaz beteriko ibilbide gazi-gozoa izango zela. Ezin jakin, ordea, lesioek paper erabakigarria jokatuko zutela. Adrian Crowley, Roberto Álvarez, Ander Iriarte, Agustin Vidal dira talde bidasoarraren erizaindegia bisitatu duten taldekideak. Jokalari horien hutsunea betetzen lagun-tzeko eta kanpo jaurtiketan aukera gehiago edukitzeko, Bidasoa Kirol Klubak Milos Milosevic jokalari serbiarra fitxatu du. Asobal Ligan esperientzia duen 1,96 metroko eta 106 kiloko jokalariak kanpo jaurtiketa ekarriko dio Bidasoari. Horretaz gain, Roberto Alvarez eskuin-hegalaren behin-behineko hutsunea betetzen lagunduko du.
Fernando Bolea entrenatzailearen esanetan, aukeraketa ona egin du taldeak Milosevicen fitxaketa berriarekin: “jaurtitzaile ona da, defentsan lagungarri izan daiteke eta eskuratu nahi genuen jokalari ereduaren baitan sartzen da”.
Asobal Ligan esperientzia duen Milosevic pozik dago klubak eta taldekideek egindako harrerarekin; “Bidasoak bezainbeste historia duen talde batean aritzea oso berezia da niretzat. Gainera, munduko liga onenetariko batean jokatzea eta munduko jokalari hoberenekin aritzea oso pozgarria zait”, dio baikorki.
Etorkizun handiko jokalariak
Bidasoa Kirol Kluba familia handi bat bezalakoa da eta taldekideen arteko harreman oso gertukoa izaten da. Milosevicek hau guztia ikusteko aukera izan du, eta taldekide berrientzat hitz onak besterik ez du eskuin-hegalak. “Talde ona da, gaztea eta etorkizun handikoa. Gainera, uste dut jokalari gazte oso onak daudela hemen”. Garaipen falta orain arteko zorte txarrari atxikitu dio jokalari serbiarrak. “Nire ustez, zorte txarra izan dute bidelagun orain arte, bestela 5 edo 6 puntu gehiago izango zituzten eta gorago egongo ziren sailkapenean”.
Denbora Bidasoaren kontra
Denboraldia aurrera doa eta ai-tzakiak ezin dira gehiago onartu. Fernando Bolearen mutilek lan gogor eta zorrotza egin beharko dute orain arte emandako irudia zeharo aldatu nahi badute. Gainera, kategoria mantenduko badute partiduak irabazten hasi beharko dute, bidean puntu gehiegi utzi gabe. Bidasoako azken fitxatuak gauzak oso argi ditu: “Lana gogor eginez eta pistan dena emanez gero, garaipenak eta emaitza onak iritsiko dira”.
Bidea luzea da eta aukerak oraindik bizirik daude. Munduko zorterik onena izan dezatela.