
Maiatzaren 8tik 10era Bidasoako Itzuliaren 51. edizioa egingo da eskualdean zehar. Guztira, 3 etapa izango ditu, ohiko ibilbideekin eta baita berritasunekin. Jorge García Bidasoako Itzuliaren zuzendaria da eta aurtengo txirrindularitza probaren xehetasunak azaldu ditu.
Behin iazko urtemuga gaindituta, nola doaz aurtengo edizioaren prestakuntzak?
Beno, korapilatuta, egia esan. Ez da urte erraza izan, kontrakoa dirudien arren, edizio bakoitzaren antolakuntza ia zerotik hasten da, aurreko esperientzia edozein dela ere. Esperientziak asko laguntzen duen arren, beti komeria eta traba berriak dauzkagu, eta beraz, horiek gainditzen ari gara.
Zer aldaketa izan dituzue aurtengoan?
Berrikuntza nagusia izan da antolakuntza batzordea ia zerotik berritu behar izan dela eta horrek prozesu bat eskatu digu. Aurten Bidasoako Itzulia ohiko datatik gertu egin ahal izatea asko kostatu zaigu. Azken urteetan beti Euskal Herriko Emakumezkoen Itzuliarengatik baldintzatuak egon gara, logikoa denez, lehentasun osoa duena baita. Aurten gure data klasikoa libre geratu den arren, Gipuzkoako Federazioaren menpe gaudenez, txirrindularitzan lurralde honetan azkenaldian izan diren tirabira guztiek zuzenean eragin digute. Dataren aukeraketak prozesu azkar eta sinplea izan beharko lukeen arren, hilabete dezente behar izan ditugu hori lortzeko. Maiatza polita bada ere, ez da guk nahi genuen data, maiatzaren 8a Frantzian jaieguna delako eta eskualdean mugikortasun arazoak eragingo dituelako. Guk, ostiraletik igandera egitea eskatu genuen, baina federaziotik ez digute halakorik baimendu, beste lasterketa batzuei lehentasuna eman dietelako. Azkenean, ostegunetik larunbatera bitartean egitea tokatu zaigu.
“Aurten Bidasoako Itzulia ohiko datatik gertu egin ahal izatea asko kostatu zaigu”
Jorge García, Bidasoa Itzuliko zuzendaria
Dataz gain, lasterketak hainbat berritasun dakartza, erlojupekoa adibidez.
Hori da, egoerak gauza berriak probatzera eraman gaitu eta horrekin pozik gaude. Antolakuntza aldetik gauza berriak probatu behar direla uste dut eguneratuta egoteko. Aurtengoa antolatzen hasi ginenean, lehen erabakietako bat “Batzen gaituen (h)ura” leloa izan zen, Bidasoa ibaiaren ibarrak elkartzen gaituelako eta inposatutako mugetatik haratago joan nahi dugulako. Lehen egunean Guadalupe eta Jaizkibelgo begiratoki artean egingo den erlojupekoa interesgarria iruditzen zait, sailkapen nagusia markatuko duelako, baita garailea ere. Zailtasun nagusia Jaizkibelera igotzea izango da. Txirrindulariak minutuero aterako dira eta bakoitzaren barneko esfortzua eskatuko du.
Bigarren etapa, berriz, Baztan, Malerreka eta Bortziri aldean ibiliko da.
Bai, Malerrekatik askotan pasa ez arren, aurtengo leloak dioen bezala, edaten dugun ura bertatik dator. Saiatu ginen Malerrekak etapa bat izan zezan, baina ez genuen lortu. Azkenean, Baztango eta Berako udalei esker Saldiaseko mendatea txertatzea lortu genuen eta gogorra izan daitekeela uste dugu, Amaiur birritan pasako dugu, probaren ikur bihurtu nahi dugun pasabidetik. Berara iristeko esprint bat espero dugu, duela 10 urte baino gehiago Bidasoako Itzulian ikusten ez zen zerbait, nahiz eta erorikoen beldur ere bagaren. Esprinta izan da txirrindulari askorentzat Bidasoako Itzulian parte hartzeko gonbidapena.
Hirugarren etapa, aldiz, Hendaian hasi eta Irunen bukatuko da.
Larunbat goizean Hendaiako Gazteluzar frontoitik abiatuko da, Irun neutralizatuta igaro, eta benetako lasterketa Hondarribian hasiko da. Beti bezala, igoeraz eta mendatez jositako etapa izango da: Guadalupe, Gurutze, Aritxulegi, Agina…, eta Piedadeko mendatera igoko gara, hori delarik aurtengo berritasuna. Azken lehia, San Martzialen eta Erlaitzen biziko da, lehen txirrindularia Colón pasealekura iritsi aurretik. Piedadek taldeak txikitu ditzakeela iruditzen zaigu, eta jaitsierak ere etapa asko baldintzatu dezakeela pentsatzen dugu. Beti izaten da etapa interesgarria, oso mugitua. Aurreko etapan sailkapen nagusian borroka argirik izango ez den arren, oraingo honetan denborarekin finago ibili beharko dira.
“Gure lasterketak ez luke zentzu handirik izango kanpoko txirrindulariak soilik erakarriko balitu”
Jorge García, Bidasoa Itzuliko zuzendaria
Aurtengo lasterketaren irabazlea non erabakiko dela uste duzu, beraz?
Nire ustez lehen etapatik jada 10 bat kirolari aurtengo edizioa irabazteko aukerekin aterako dira. Bigarren etapan bi aukera posible ikusten ditut. Etapa lasai egitea ihesaldiarekin, Saldiasen apur bat zatitu eta gero Doneztebetik Elizondorako zatian berregituratzea. Txirrindulari azkarrek tropela berregituratzeko aukerak izan ditzakete bertan. Eguraldiak laguntzen ez badu, sailkapen nagusiko txirrindulariak hasieratik derrigortuko ditu adi egotera. Gauzak horrela, bigarrenean aukerak oso irekiak dira, eta guretzat ere berria da, gainera. Hirugarrenean, aurreko biek eragina izango dute, baina Guadalupek eta Gurutzek denbora berreskuratzeko balio dezakete. Etapa honetan jaitsierek garrantzi nabarmena dute.

Proban parte hartuko duten txirrindularien eta taldeen zerrenda baduzue jada?
Taldeen zerrenda oraindik ixtear gaude, baina 18-19 taldek parte hartzea espero dugu. Euskal Herriko Taldeak etorriko dira batez ere, baina baita Espainiatik, Flandriatik eta Frantziatik etorritakoak ere. Partaide aldetik, beste berritasun bat dugu, izan ere, orain arte, Bidasoako Itzulia 23 urtetik beherakoentzako lasterketa izan da. Aurten ere horrela izango da, baina talde bakoitzari elite mailako txirrindulari bat, hau da, 30 urtetik beherako bat, ekartzeko aukera emango diogu. Aukera interesgarria izan daitekeela uste dugu, eta beraz, proba egin nahi dugu. Txirrindulari guztien izenak jakin ez arren, egia da txapeldunen hazia dela Bidasoako Itzulia eta guk ere hori sustatu nahi dugu, etxekoak diren txirrindulariak sustatuz, gure harrotasuna dira eta. Gure lasterketak ez luke zentzu handirik izango kanpoko txirrindulariak soilik erakarriko balitu.
Nolakoa izan da lehen aldiz zuzendari kargua izanik Bidasoako Itzulia prestatzea?
Ba bertigoa ere eman zidan hasieran. Ni lantaldean duela urte dezente sartu nintzen, pandemiaren ostean. Orduan ikusi genuen oso egonkortuta zegoen lantaldea genuela, lanean gogotik urte asko zeramatzana. Nire esker onena beraientzat da, erreleboa ematerakoan bikain jokatu dutelako eta kanpotik laguntzen jarraitzen dutelako. Badakit ez dela inoiz egin den Bidasoako Itzulirik onena izango, ziurrenik gauza asko erdipurdi aterako zaizkigulako. Zentzu horretan, kanpoko eragileei probaren antolaketan lagundu izana eskertu behar diet. Berriak ginenez, ulertu dute denbora gehiago behar genuela. Lehena lantalde berria osatzea izan zen eta orain pixkanaka erritmoa hartzen joango gara. Hainbeste urtetan zehar egin den lanaren oinordekoak gara eta, horri esker, Itzulia gure ibarreko ikur bilakatu da, ibarra bateratu nahi duena. Nahiz eta zaila izan, proiektu honek urtez urte jarraitzea oso zentzuzkoa dela uste dugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.



